Justiniano I.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Justiniano lehena (erdian) azaltzen den Ravenako San Vitale basilikako mosaikoa

Justiniano I.a, latinez Flavius Petrus Sabbatius Iustinianus (483ko maiatzaren 11 - 565eko azaroa), Bizantziar Inperioko edota Erromako Ekialdeko Inperioko agintaria izan zen, 527ko abuztuaren 1etik karguan hil zen arte. Bere jeneral zen Belisarioren eskutik berebiziko konkistak lortu zituen, nahiz eta bereziki bere garaiko legediari egin zizkion ekarpenengatik den oroitua. Legeak bildu eta birmoldatu zituen. Hil zenean, bere iloba Justinok jaso zuen agintea, Justino II.a agintari izenarekin.

Zenbaiten arabera Erromatar Inperioaren azken agintaria litzateke eta Eliza Ortodoxoak saindutzat du, haren eguna azaroaren 14an ospatzen dena.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meister von San Vitale in Ravenna.jpg

Justiniano Tauresiana (Taor) izeneko herriska txiki batean jaio zen Ilirian (gaur egungo Justiniana Prima, Leskovac-etik gartu Serbian), balkanetako penintsulan, ziurrenik 483. urteko maiatzaren 11an. Justinianoren ama, Vigilantia izena zuena, garaiko Justino jeneral ospetsuaren arreba zen, Justino bera enperadore izatera iritsi zen. Justinok Justiniano adoptatu zuen eta hezkuntza egokia eskaini zion justizia eta filosofia ikasi zituelarik. Gauzak horrela 518. urtean Justino agintari bihurtu zenerako Justinianok ejertzitoan karrera argia burutua zuen iada. 521. urtean kontsul izendatu zuten eta horren ondoren ekialdeko armadaren jeneral. Azkenik eta gobernuko ekintzetan parte artzen asi zenean 527. urtean Justiniano ko-enperadore izendatu zuten Justinorekin batera agintea izan zezan.

Lau hilabete geroago, Justino hil zenean Justiniano agintari bakar bihurtu zen. Justinianoren aginteak Bizantziar Inperioa eta eliza ortodoxoarengan eragin handia izan zuen eta hauen bitartez baita munduko historian ere. Dakigunez oso gizon langilea izan zen, izatez alai, atsegin eta adeitsua nahiz eta behar zenean zuri, zakar eta diktatorialki aritu. Erromatar Inperioa bateratzen saiatu zen azkena izan zen (Teodosio I.aren garaiko egoera berreskuratzearren) horretarako kanpaina militar itzelak burutu zituelarik. Honekin batera eraikuntza ikusgarriak ere agindu zituen antzinako agintari erromatarren antzera. Justinianok egitura politiko baten bermea armak eta legeak zirelakoan sinesten zuen, hori dela eta legedia arreta handiz aztertu zuen; burutu zuen erromatar legeen kodifikazio eta bildumari esker (Codex Justinianus eta Novellae Constitutiones) bera dugu egungo legegileen aitzindari nagusietako bat.

Justiniano I.ak jaso zuen inperioa urdinez eta agintean zehar konkistaturikoa morez, horiskaz pertsiarrak, gris, berde eta gorriz gainantzekoak

523. urtean Teodorarekin ezkondu zen. Teodoraren jatorria oso argia ez den arren bere aita Bizantzioko hipodromoko animalien zaindarietako bat zela uste da, aita hil zenean Teodora aktoresa eta emagaldu lanetan aritu omen zen. Zenbait arazo medio Alexandriara joan zen eta han filosofia eta teologian trebatu berriro ere Bizantziora itzultzeko non bere senarra ezagutu zuen. Justinoren agintea arte ezinezkoak ziren klase ezberdinekoen arteko ezkontzak, hala ere Justinok halako ezteiak debekatzen zituen legea deuseztu zuen Justiniano eta Teodoraren arteko ezkontza ahalbidetuz. Teodora bizantziar inperioko pertsonaia boteretsuenetakoa bilakatu zen. Gerora beste zenbati agintari bizantziarrek Justinianoren ereduari jarraiki aristokraziatik at zeuden emakumeekin ezkondu ziren.

Zesareako Prokopio historialaria da Justinianoren aginteari buruzko informazio iturri nagusia; bada Joan Efesokoa izeneko beste historialari bat garai hari buruz idatzi zuena, hala ere ez da azken honen lana ez da zeharka baizik kontserbatu geroagoko kronista zenbaiten lanen erreferentzietan. Bi historialariek Justiniaus eta Teodorari buruzko komentario nahiko bekaitzak egin zituzten; Prokopiok bere historiaz gain beste 'historia sekretua' izeneko obra bat idatzi zuen non Justinianoren gorteko zenbait eskandaluren berri ematen duen.

Justinianoren agintearen amaiera aldera sekulako peste izurriteak izanz ziren bizantziar inperioan zehar (542. urtetik aurrera). Teodora 548. urtean hil zen eta Justiniano handik hogei urtera 565. urteko azaroaren 13 eta 14 artean.

Legegintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Justiziaren alegoria

Justinianok gaur egungo lege sistema ugariren oinarrian dagoen zuzenbide erromatarraren antolaketa eta bilduma burutu zuen eta hau izan zen ziurrenik bere agintearen ondare baliotsuena. 529. urteko apirilaren 7an Corpus Iuris Civilisaren lehen bertsioa argitaratu zen hiru ataletan banatua: antzinako foruak, foru berriak, Digesto edo Pandectas, Instituzio eta novelak (konstituzio berriak). Triboniano kuestoreak zuzenduriko batzar batek Corpusa latinez idatzi zuen inperioaren mintzaira tradizionalean, nahiz eta dagoeneko inperioko biztanle askok ez zuten grekoa besterik ulertzen. Ostera Authenticum edo Novellae Constitutiones izeneko atala gehitu zitzaion Corpusari Justinianoren agintean zehar sorturiko lege berrien bilduma bat. Novellaeak ez ziren oraingoan latinez argitaratu, grezieraz baizik.


Corpusaren baitan erromatar legediaren oinarria bildu zen (zuzenbide kanonikoa barne: ecclesia vivit lege romana). Dokumentu hau oso baliagarria da erromatar Behe Inperioaren balioak eta pentsamoldea ulertzeko. Bildumak jatorri ezberdinetako dokumentuak biltzen ditu: legeak, senatuari eginiko kontsultak (senatusconsulta), agintarien dekretuak, kasuistika eta legeei buruzko iritzi eta hauen interpretazioak (responsa prudentum).

Pertsonaia garrantzitsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Justinianoren irudia osatzeko bere aginteko pertsonaia garrantzitsuenak kontuan izan behar ditugu.

Belisario[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belisarioren kondairan oinarritutako koadroa; Belisario zahartzaroan erakusten digu.

Belisario (505-565) Bizantzioren historiako jeneral ospetsuena dugu. Taktikan aditua, baliabide urriekin etekin ikaragarriak lortu zituen Justinianorentzat. Oso leial izan zitzaien bere agintariei, baina ez zuen tratu onik jaso Justinianorengandik. Enperadoreak, jeneralaren arrakasten inbidiaz, harat eta honat ibili zuen, eta armadaren buruzagitza hainbat alditan kendu zion, nahiz eta gero berriro itzuli behar izaten zion. Agintariaren laguntza handirik ez izan arren, Belisario gabe ezinezkoak lirateke inperioak garai hartan lortu zituen konkista gehienak. Narses jeneralak ordezkatu zuen azkenean, Justinianoren aginduz. Justinianok Belisario preso hartu zuen; geroago, aske utzi eta barkamena eskatu zion. Justiniano baino zenbait aste lehenago hil zen. Gaurdaino Justinianok Belisario itsuarazi eta eskale bihurtu zuelako kondaira iritsi zaigun arren, jeneralaren bizitzaren amaierari buruzko istorio hori ez da egiazkoa. Historiako jeneral abilenetakoa dela esan ohi da.

Teodora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teodoraren mosaiko bat Ravenako San Vitale basilikan

Teodoraren jatorria oso argi ez dagoen arren aita Bizantzioko hipodromoko animalien zaindaria zuela uste da. Aita hil ostean aktoresa eta emagaldu lanetan aritua Alexandriara alde egin behar izan zuen. Teologia eta filosofian trebatua Bizantziora itzuli zenean Justiniano I.arekin maitemindu eta ezkondu zen. Justinianoren politikan pertsonaia erabakiorra eta leiala izan zen. Teodora izan omen zen Nikako matxinada garaitzea ahalbidetu zuena Justinianok zer erabaki hartu ez zekiela baitzebilen. Prokopio historialariak Teodora gorroto zuen eta oso kritikoa da berarekin, besteak beste orgia eta lizunkerietan aritzen zela dio (garai hartako ikuspuntutik joera arras tamalgarriak). Emakumeak babesteko zenbait legeen egilea dugu besteak beste abortu, prostituzio eta dibortzioa ahalbidetu edo babesten zituztenak. Prokopiok dioenaren arren eliza ortodoxoaren saindua da. Erlijio kontuetan Justinianoren politika erlijioso ortodoxoa leundu zuen.

Narses[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Narses bezalako eunukoek zaintzen zituzten haren baten margoa, kasu hontan mairuena dugu ez persiarra

Narses (473-570) pertsiarrek heuren harenak zaintzeko zikiraturiko esklabu armeniarra Justinianok erosi zuen eta honekin askatasuna lortu zuen. Gortean leial eta argia izateagatik Txanbelan Gorena izatera iritsi zen (inperioko kargu zibil gorena). Nikako matxinatuen garaipenean garrantzitsua izan zen. Taktikan aditua Belisario ordezkatu zuen Italian jeneral gisa eta garaiko jeneral ospetsuenetakoa dugu Belisariorekin batera. Narsesek Belisariok lortu ahal izan ez zituen zenbait garaipen lortu zuen Italian honetarako aurrekoak baino medio eta Justinianoren laguntza gehiago izan zuelarik. Bere lorpen gehienak oso zaharra zenean lortu zituen 60 urteetatik aurrera eta oso zahar hil zen ere, 97 urterekin. Jatorri ez militarra ez izan arren garaipen duinak lortu zituen.

Inperioaren kanpainak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inperioaren berregitea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorriz Justinianok jasotako domeinua eta laranjaz inperioari gehitu zizkion lurraldeak 550 urtean

Justinianoren kanpo politika kontzeptu bakar batean laburbildu liteke Recuperatio Imperii, hau da antzina Erromatar Inperioa izandakoa Bizantzioren agintepean berriro biltzeko nahia. Bizantzio erromatar inperioaren oinordekoa zen mende batzuk lehenago erromatar inperioak ekialdean zituen probintzia gehienak biltzen baitzituen eta agintari bizantziarrak nolabait erromatar agintarietatik eratorriak zirelako, laburbilduz: Bizantzio erromatar ekialdeko inperioaren ondorioa zen eta Justinianok mendebaldea berreskuratzea zuen helburu. Justinianoz gain inperioko biztanle gehienek bere burua erromatartzat zuten eta erromatarrek galduriko eskualdeak berreskuratzeko eskubidea zutela uste zuten. Justinianok beraz ez zuen bere jendearen sentipena helburu politiko bihurtu baizik. Aurreko arrazoiez gain argi zegoen ekialdeko mugetatik haratago zegoen Persia arerio indartsuegia zela eta mendebaldeko batasunik gabeko erresuma barbaroek inperioa hedatzeko aukera egokia eskaintzen zuten. Sentimendu eta interesek mendebaldera gidatzen zituzten Bizantzioko gudariak.

Bandaloen aurkakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bandaloen Erresuma»

Bandaloak Afrika iparraldeko Kartago hiriaren inguruko erresuman agintzen zuten barbaroak ziren. Sardiniako uhartea euren kontrolpean zen baita ere. 530. urtean Gelimerek bere lehengusu Hilderiko, bandaloen erregea, zeina Bizantziorekin bakea mantentzearen aldekoa zen, tronutik kendu zuen errege bandaloak duintasun gabe agintzen zueneko aitzakiarekin. Justinianok Hilderikori Konstantinoplara erretiratzea ahalbidetu ziezaiotela eskatu zuen baina Gelimerek ez zion jaramonik egin. Honen erantzun gisa Justinianok bandaloen kontrako kanpaina prestatzeari ekin zion. Kanpainak efiziente eta merkea behar zuen izan. Joan Kapadoziakoak, inperioko ekonomiaren arduradunak, ez zuen gerrarik nahi baina azkenean kanpainaren gastuak kontrolatzera behartu zuten. Belisariori, ekialdeko jeneral argiari, egotzi zioten ejertzitoa gidatzeko betebeharra.

Bandaloak erasotzeko prest zeudenean bandaloenean zenbait arazo izan zen. Bandaloen kontrolpean zeuden biztanleen gehiengoa ez zen bandaloa, eskualdea konkistatutakoan bertan bizi ziren etnietakoak baizik. Okupatuen eta okupatzaileen arteko nahasketa ez zen sekula gauzatu, bi talde ezberdin eta kontrajarri osatzen zeuden beraz eskualde berean. Bandaloek zenbait hirietako gotorlekuak desegin zituzten barne errebolten beldur. Kartagoko errege bandaloaren izenean Sardiniako uhartean agintzen zuen jeneral godoak Bizantzioren laguntzarekin independentziaren bila zebilen gainera. Gelimerek Bizantzioko tropak iritsi aurretik Sardiniara joan behar izan zuen gauzak okertu aurretik.

Ekialdeko flota 533. urtean itsasoratu zen Siziliatik pasata Afrika iparraldeko kostalderantz. Hiru hilabeteren buruan iritsi ziren. Belisarioren tropek lur hartu zutenean ez zuten ia erresistentziarik topatu. Ad Dezimumen bandaloen kontrako bataila bat irabazi zuen eta handik bi egunera Kartago okupatu zuen. Gelimerek Hilderiko berriz tronuratuko zuten beldurrez Belisario iritsi aurretik Hilderiko exekutatu eta mendietara alde egin zuen. 534 urteko martxo bukaeran Gelimer errenditu egin zen. Belisariok Gelimer preso hartu eta Konstantinoplara eraman zuen, non Belisario agintariek soilik jasotzen dituzten ohoreekin agurtu zuten. Kartagoko probintzia inperioari atxiki zitzaion nahiz eta mugetako tribuek zenbait hamarkada pasa zituzten Kartagori mehatxuka.

Ostrogodoen aurkakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ostrogodoen erresuma tamaina handiena zuenean

Ostrogodoak Italia eta Balkanetako zati bat kontrolatzen zuten barbaroak ziren. Teodoriko zen ostrogodoen errege eta Ravena hauen hiriburua. Teodoriko 526 urtean hil zen Atalariko oinordekoa bere biloba zen baina ume zen artean bere ama Amalasunta (Teodorikoren alaba zena) izan zen errege-orde. Amalasuntaren politika Bizantzioren aldekoa zen eta horrek hika mika ugari sortu zuen erresuman. 534. urtean Atalariko errege izan aurretik hil egin zen. Semea hilik kontrolatu zezakeen errege baten bila hasi zen Amalasunta. 534. urteko bukaera aldera Teodatorekin ezkondu zen senarra ostrogodoen errege bihurtu zelarik. Emaztearen kontroletik ihesi Ravenatik aldendu zen eta azkenean emaztea erail zezatela agindu zuen 535eko apirilean. Bada Teodorak erailketa sustatu zueneko ustea, honela Bizantziok ostrogodoei gerra deklaratzeko aitzakia eskaintzearren, casus belli bat sortzearren.

535 urtean bertan Justinianok bi kanpaina arrakastatsu burutu zituen bere jeneralen bitartez. Belisariok Sizilia hartu zuen eta Iliriko Mundo jeneralak Dalmazia konkistatu zuen. Teodatok Aita Santuaren bitartez enbaxadoreak bidali zituen Konstantinoplara bakea negoziatzeko. Hala ere aldi berean Justinianok Ravenara ostrogodoek Italia entregatzea eskatzen zuen enbaxada bat bidali zuen. Teodatoren egoera oso larria bazen ere garai hartan Afrika iparraldea inperioaren kontra matxinatu zen eta germaniarrek Dalmazia erasotzen zebiltzan. Teodatok Bizantzioren barne gatazkek ekarri zuten ahultasunaz baliatu nahi izan zen kolpea itzuli eta menperaturiko eskualdeak berreskuratzeko eta beraz Justinianoren eskaintzari muzin egin eta honen ejertzitoei aurre egin zien.

Ostrogodoek Dalmazian buruturiko erasoetan Iliriko Mundo jenerala hil zuten eta Justinianok hierarkia militarra berrantolatu behar izan zuen. Konstantiniano jenerala Dalmaziara bidali zuen Ilirikoren postua hartzera eta Belisario Italiako erasoa burutzera bidali zuen. Konstantinianok ostrogodoen kontraerasoa gelditu eta hauek berreskuraturiko Salona berriro konkistatu zuen eskualdetik ostrogodoak bidali zituelarik. Belisariok Napoli hartu zuen eta ostera abendu hasieran Erroma bera. Erromaren konkistaren aurretik Bitiges Teodatoren goardiako komandanteak estatu kolpea jo zuen eta ostrogodoen buruzagi bihurtu zen. Bitiges jeneral argi eta abila zen eta Erroma setiatu zuen.

Italiako kanpaina asko luzatu zen etengabeko eraso eta kontraerasoekin. Kalte gehien jaso zutenak Italia bertako biztanleak izan ziren. Desgasteko gerrak elikagai ekoizpena ezereztu zuen, Italiako instituzioen krisia ekarri zuen eta hori gutxi balitz peste epidemia bat zabaldu zen. Hogei urte iraun zituen gatazkak Italiako aberastasuna xahutu zuen eta erdi aroan izango zena bihurtu zuen. Erromak Metropoli kategoria galdu zuen, ez zen jada Mediterraneoko hiri garrantzitsuena izango mende luzeetan.

Santzio Pragmatikoaren bitartez Erroma Erromatar Inperioaren barne zegoen berriro ere. Italiako apezpikuek botere ez soilik erlijioso baizik zibila ere lortu zuten, besteak beste epaileak kontrolatzen zituzten, baita hirien kudeaketa, zereal banaketa, herri lanak... gainera inperioko funtzionarioek ez zuten eraginik gotzainengan.

Bisigodoen aurkakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizantzioren jabetza iberiarrak erakusten dituen mapa
Bisigodoen erresuma tamaina handiena zuenean

Bisigodoak Iberiar penintsula ia osoa, gaur egungo Euskal Herria eta Galizia inguruko erresuma sueboa ezik, kontrolatzen zuten herri germaniarra ziren. 552. urtean Justinianok Italiako kanpaina amaitu zuenean Atanagildo buruzagi godoak bere erregearen kontra matxinatu zen. Atanagildok Justinianori laguntza eskatu zion Kadiz eta Valentzia arteko kostaldearen truke. Justinianoren laguntzarekin Atanagildok Agila I.a, tronurako lehian zebilen erregegai nagusia, garaitu zuen. Justinianok horrela penintsula iberiarraren hegoaldea hartu zuen laguntzaren ordaintzat. Ez zuen Justinianok hala ere lurralde hauetatik penintsulan zehar hedatzerik eta bisigodoek laster ekingo zioten erasoari hurrengo hamarkadetan zehar bizantziar domeinua txikituz joan zelarik. Leovigildo erregea izanen zen bizantziar eskualdea berreskuratzearren ekimen gehien burutu zuena. Azkenean 624. urtean Bizantziok betirako galdu zituen Iberian zituen jabetzak, ordurako hala ere Justiniano aspaldi hila zen.

Sasanidar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Persiar Inperioa Kosroes I.aren garaian

Sasanida dinastia Persiar Inperioko agintarien sendia zen. Persia antzinatik kultura helenikoari kontrajarritako Ekialdeko Inperioa zen eta historian behin eta berriz aspaldiko hiri grekoen garaitik helenikoen kontrako gudetan aritu zen. Persiarrak garai hartan India mendebaldetik itsaso beltzerainoko lurraldearen jabe ziren eta Kosroes I.a zen euren agintari. 532. urtean bi etsaiek betirako bakea ezizena zuen bake akordioa sinatu zuten bi inperioen arteko etengabeko gudak berriro errepika ez zitezen. Intentzioa ona bazen ere ez zuen lasaitasunak luze iraungo. Ekialdetik mendebaldeko gudetara gudariak bidaltzeak eta ekialdean geratu zirenei soldatak ordaintzeko zailtasunak ekialdeko muga asko ahuldu zuen eta Kosroes I.ak ez zuen aspaldiko etsaia erasotzeko aukera galdu. Justinianok ekialdean gotorleku berriak eraiki zituen ahulezia nolabait pairatzearren.

540 arte Kosroesek eraso bortitzen bidez mediterraneoko kostalderaino ailegatu zen. Antiokiako goarnizioan 6000 gudari zegoen arren hiriak ezin izan zien tropa persiarrei aurre egin eta azkenean inperioko hiri garrantzitsuenetako bat, elizako patriarka baten egoitza, konkistatua izan zen. Antiokia galtzea sekulako kolpea izan zen inperioaren moralarentzat.

Gaur egungo Georgiaren mendebaldean legokeen Lazikako erresumako Gubazes erregeak, ohizko Bizantzioren aliatua zena, Bizantzio traizionatu zuen eta persiarrak deitu zituen eskualdetik bizantziarrak bidaltzeko asmoz. Kosroesek Petra, eskualdean Bizantziok zuen hiri nagusia, okupatu zuen ejertzitu bat bidali zuen. Justinianok Belisariori arazoa argi zezala agindu zion eta persiarren ofentsiba gelditzera bidali zuen. 545. urtean Persian zehar edatu zen peste izurriteak gudaren orekatzea ekarri zuen, azkenean Persia eta Bizantziok bost urterako bake ituna sinatu zuten. 548. urtean persiarrak deitu zituen errege berberak, Gubazesek, misiolari zoroastrikoen eta pertsirren jokaerak nazkaturik oraingoan persiarren kontra matxinatu zen Justinianoren laguntza eskatu zuelarik. Beste fronteetan bakea bazen ere Kaukasoko eskualdean bi inperioak gerran zirauten. Kanpainak luze joko zuen. Azkenean 561. urtean bi inperioek beste askotan lez gerra amaigabeak nekaturik bake itun zabalago bat sinatu zuten non bizantziok dirutza ikaragarri bat eman zion persiari eta Kaukasotik haruntzago kristautasuna sustatzeari uko egin zion.

Eslabiar eta Bulgariarren aurkakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eslabiarrak presio asko jasan zuen germaniar tribuen eta eurasiako estepetatik zetozen herri nomaden arteko lurraldean bizi zen herria ziren. Eslabiarrak egoalderuntz migratuz joan ziren balkanetako penintsula erasotzen hasi ziren arte. Eslabiarrekin batera bulgariarrak iritsi ziren, hauen jatorria errusiako estepetan legoke. Aspaldi herri germaniarrek eraso zituzten bezala oraingoan bi herri hauek ziren balkanetan heuren lekua hartu nahian zebiltzanak. Iliriko Mundo eta Germano generalek eslabiar eta bulgariarren lehen erasoei aurre egin bazieten ere 540. urte inguruan bulgariarrek eskualde grekoetaraino iritsi zen inkurtsio bat burutu zuten Korintoko istmora iritsi zirelarik. Botin bila antolatutako espedizio askoren lehena izan zen, ez zuten orohar kalte handirik sortzen baina kezkagarriak ziren hala ere. Eslabiarrak bestalde beste eraso batean Dirrakioraino iritsi ziren. Kotrigureak, aurrekoen orbitako beste herri baten, erasoak hala ere bortitzagoak izan ziren, ohizkoa baino hotzagoa izan zen negu batean izozturiko Danubioa gurutzatu zuten eta Mesia eta Eszitiako eskualdeetan sarraskiak eragin ostean Traziaraino iritsi ziren ia inork kontra egin ez zielarik. Kotrigureak Trazian zirela bi taldetan banandu ziren eskualdea obeago sakeatzeko asmoz. Zabergan, kotrigur bulgariarren buruzagia, Konstantinoplaraino bertaraino 7.000 zaldunekin iritsi zen. Justinianok indarrez erretiraturiko Belisariori azken aldiz laguntza eskatu zion. Belisariok hainbat eta hainbat alditan bezala etsaiak garaitu zituen eta kuligureek heuren domeinura itzuli behar izan zuten.

Kristautasunaz beste erlijioen jazarpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atenea jainkosa grekoaren irudia

Justiniano kristautasuna egiazko erlijio bakarra zela uste zuen eta gainontzeko sinesmenak gogorki jazarri zituen. Kristautasunaren barne doktrina eta ebangelioen intrepretazio bakarra zela uste zuen, ortodoxiak zioena, eta monofisisimoa bezalako heresiak deuseztu nahian aritu zen. Justinianok Konstantzio II.aren politika erlijiosoaren ildotik ortodoxia jarraitzen ez zutenen jazarpenarekin jarraitu zuen. Esandakoaren adibide ditugu Codex Iustinianusak biltzen zituen antzinako kultura helenistikoaren ohitura eta erritoak debekatzen zitituzten bi legeak (Cod., I., xi. 9 eta 10). Garai hartako testigantzen arabera (Juan Malalas, Teofanes eta Efesoko Juanenak besteak beste) gentilen, hau da kristau ez zirenen, kontrako bortitzkeria salatzen dute baita klase altuetako kideen artean.

Jazarpenaren adibide gogoangarrietako bat 529. urtean inperioak Atenasgo Akademiaren kontrola hartu zuenean horrela pentsamendu helenistikoaren sustengu nagusia suntsitu zelarik. Platon filosofo klasikoak k.a. 361. urtean sorturiko akademiak eragin handia izan zuen greziako kulturan, bizantzioren agintean zehar instituzio dekadente batean bihurtu bazen ere filosofia klasikoaren sinboloa baitzen. Gentilak gogorki jazarri zituzten: Efesoko Juanek Asia Txikian 70.000 gentil kristautu zituela dio [1] besteak beste. Herri pagano ugari aldatu zen kristautasunera hala nahi izan zutelako zenbaitek eta jazarpenaren beldurrez besteak: heruloak[2], Don ibai hertzean bizi ziren hunoak[3], abasgioak [4]eta tzaniak [5]gehientsuenak Kaukaso eskualdeko herriak.

Amon jainko egiptoarraren estatua Karnakeko tenpluan

Libiako Augilan jarraitzen zuten Amonen kultoa debekatua izan zen [6] baita Fileko uhartean, Niloaren lehen urjauzitik gertu, burutzen ziren Isisen ingurukoak [7]. Inperioak misioak sustatu zituen, besteak beste Julian presbiteroa [8] eta Longino gotzainak Nabateoenera joan ziren misionari lanetan [9] kristoren esanaren berri ematera. Justinianok Yemengo lurraldean kristautasuna sustatzearren apaiz egiptoar bat buru zuen misioa bidali zuen [10] etab.

Juduek ere jazarpena jasan zuten, beren eskubideak mugatu zituzten [11], askatasun erligiosoa mugatu zieten [12], hebreoa sinagogetako erritoetan [13] erabiltzea eragotzi zieten. Agintariaren aginduei muzin egin ezkero juduei zigor fisikoa, herbesteratzea edota jabetzen konfiskatzea zetorkien. Belisario bandaloen kontra aritu zenean Boriumgo, Sirte Handitik gertu, juduak Belisarioren kontra aritu ziren, jokaera horren zigorra indarrez kristau bihurtu eta heuren sinagoga eliza bihurtzea izan zen [14].

Samaritanoak izan ziren Justinianoren kontra erresistentzia erlijioso handiena sustatu zutenak ez baitzuten kristautasunaren inposaketa ametitzen behin eta berriz matxinatu zirelarik. Nahiz eta Justinok hauen kontrako legeak idatzi bere aginte bukaeraaldera samaritanoek Samarian bizi ziren kristauei erasotzen hasi ziren. Justinianok manikeoak ere jazarri zituen herbesteratze eta heriotz zigorraren mehatsupean [15]. Konstantinoplan bertan behintzat behin zenbait manikeo exekutatu zituzten Justiniano beraren aurrean: batzuk erreta eta beste zenbait itorik [16].

Politika erlijiosoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hagia Sofiaren barnealdearen argazki bat

Erlijioaz kanpoko gaietan bezala Justinianok erlijioaren inguruko gaiei buruzko legeak idatzi zituen bere ideia erlijiosoak jarrai zitezela bermatzeko. Agintearen hasieran Hirutasun eta Enkarnazioaren inguruko bere ikuspuntua lege bihurtu zuen herejeei zigorra ezartzeko mehatxuarekin. [17]. Bere asmoa lege bidez ortodoxiaren kontrakoei kargu publikoen lorpena eragoztea zen [18]. Nizea-Konstantinoplako kredoa elizaren ezaugarri bihurtu zuen [19] eta ordurartean izandako lau kontzilio ekumenikoek esana lege bihurtu zuen [20]. 536. urtean ospatu zen Konstantinoplako Bigarren Kontziliora joandako apezpikuek elizak inperioaren nahien kontrako erabakirik hartzerik ez zuela onartu zuten [21], kontzesio honen truke agintariak elizaren pribilegioak defendatu zituen beti eta monjeen boterea areagotu zuen.

Justinianoren jarrera despotikoa izan zen eta Codex eta Novellaeak elizaren kudeaketan erregulatzen duten lege ugari jasotzen dituzte nolabait elizaren legeak idatzi zituela esan daitekeelarik. "Legetu" zituen gauzen artean ondorengoak leudeke: gotzain, apaiz eta abateen aukeraketa, monjeen betebeharrak, kleroaren erresidentziaren baldintzak, zeremonien nondik norakoak, gotzainen ahalmen eta jurisdikzioa eta abar. Justinianok Konstantinoplako Hagia Sofia eliza berreraiki zuen Nikako matxinatuek suntsitua izan baitzen. Hagia Sofia berria Konstantinoplako eliza ortodoxoaren sinbolo eta monumentu nagusi bihurtu zen, kapera eta aldare ugari, urreztaturiko kupula itzela eta sekulako mosaikoak baititu oso monumentu gutxiren parekoak egia esan.

Ekialde eta mendebaldearen arteko harremanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan III.a Aita Santua Justiniano hil zenean karguan zena

V. mende erdialdetik aurrera inperioaren eta Aita Santuaren harteko erlijio eta politikaren inguruko hika mikak zeharo hareagotu ziren. Kalzedoniako Kontzilioan fakzio erlijiosorik ez mintzearren ez zen inongo doktrinaren aldeko erabakirik hartu. Neutraltasun honek jarrera erradikalak zituztenak asaldatu zituen bereziki oso kontrajarriak ziren mendebaldeko ortodoxiaren aldekoak eta inperio hego-ekialdeko monofisistak. Aitasantua ordezkari zuten mendebaldekoek ez ziren hala ere gehiegi haserretu ekialdean gertatu zirenekin alderatzen baditugu. Siria eta Egiptoko probintzietan disidentzia monofisista indartsua bizi zen intelektualki oso maila gorenekoa gainera eta ez zuten erromako eliza katolikoarekin zerikusirik izan nahi. Azkenean erdibideko politikak, asmoa zintzoa bazen ere, ez zuen inperioaren batasun erlijiosorik lortu, Trinitatearen izakera bateratua defendatzen zutenek erromako Aita Santua zuten bozeramaile kristoren baitan izakera bakarra zela ziotenek berriz ekialdeko patriarketan. Handik aurrerako inperioaren historian zenbait agintarik ekialdera jo zuten, besteek Erromara eta guztiek Justinianoren antzera ezin izango zituzten sekula guztiak baretu. Monofisismoaren hika-mika desagertu zenean patriarka boteretsuena zein ote zeneko eztabaida politikoa hasi zen eta gaurdaino ekialdeko Eliza Ortodoxo eta Eliza Katoliko Erromatarra bata bestearengadik aldenduz joan dira.

Monofisistek kristok izaera bakarra zuela diote, hau da kristoren baitan ez direla bi izakera, jainkotiarra eta gizazkoa, bakarra baizik, irudia Hagia Sofiako mosaiko batetakoa da

Justiniano 518. urtean bere osaba Justino I.a tronuratu izan bezain laister 483. urtetik aurrera Erroma eta Bizantzioren arteko eztabaidagai nagusi izan zen monofisismoa deuseztu nahi izan zuen eta Erromako Aitasantua kristauen arteko autoritate erlijioso gorena zela aitortu zuen [22]. Aitorpen honek ekialdeko kleroa asaldatu zuen. Aita Santuaren gorentasuna aitortu bazuen ere despotikoki jardun zuen bere garaiko Aita Santuekin aritzerakoan, Silverio eta Vigiliorekin hain zuzen ere. Justinianoren politika erlijiosoaren helburua Erroma eta Bizantzioren arteko batasuna lortzea izan zen nahiz eta zenbaitetan ekialdekoak baretzeko zenbait kontraesan burutu zuen. Helburua sekula lortu ez bazuen ere mendebaldeko elizaren errespetua lortu zuen. Justinianoren politika erlijiosoaren adibide kontrobertsia teopaskitaren inguruko erabakia izan zen: 533. urtean ortodoxiaren aldeko azaldu zen Antiokiako Sebero patriarkaren ordezkariekin buruturiko konferentzia batean.

Kontrobertsia teopaskita argitu zuenean guztien atseginerako erabakia hartu zuen eta behingoz monofisistak baretu zituen, oso gogorra izan baitzen hauekin aginte hasieran monje eta gotzain monofisistak jazarri zituelarik eta orduz geroztik asaldaturik zebiltzan. Juan II.a Aita Santuak inperioaren ortodoxia aitortu zuen [23] inperioaren politika bermatuz. Honez geroztik Justinianoren helburua monofisisten begiona irabaztea izan zen, betiere ekialdekoak kezkatu gabe. Hala ere Justinianok aginte amaiera aldera hartu zituen monofisisten aldeko erabakiak nahiko apalak izan ziren aldaketa handirik burutu ez zuelarik. Teodora enperatrizak monofisisten aldera sustantzen bazuen ere Justiniano I.a monofisista eta inperioaren arteko ezinikusiaren eragile nagusietakoa dugu, ostera ezinikusi honek Siria eta Egiptoko probintzien eta hiriburuaren arteko erlazioa hoztu zuen eta honek mesede handia egin zien hurrengo mendeetan probintzia hauek inbaditu zituzten guztiei.


Aurrekoa
Justino I.a
Bizantziar agintaria
527 -565
Ondorengoa
Justino II.a

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. cf. F. Nau,Revue de l'orient chretien, ii., 1897, 482. orr.
  2. Prokopio, Bellum Gothicum, ii. 14; Ebagrio, Hist. eccl., iv. 20
  3. Prokopio, iv. 4; Ebagrio, iv. 23
  4. Prokopio, iv. 3; Ebagrio, iv. 22
  5. Prokopio, Bellum Persicum, i. 15
  6. Prokopio, De Aedificiis, vi. 2
  7. Prokopio, Bellum Persicum, i. 19
  8. DCB, iii. 482
  9. Efesoko Juan, Hist. eccl., iv. 5 sqq.
  10. Prokopio, Bellum Persicum, i. 20; Malalas, ed. Niebuhr, Bonn, 1831, pp. 433 sqq.
  11. Cod., I., v. 12
  12. Prokopio, Historia Arcana, 28
  13. Nov., cxlvi., 8 ots. 553
  14. Prokopio, De Aedificiis, vi. 2
  15. Cod., I., v. 12
  16. F. Nau, Revue de l'orient, ii., 1897, 481. orr.
  17. Cod., I., i. 7
  18. MPG, lxxxvi. 1, 993. orr.
  19. Cod., I., i. 7
  20. Novellae, cxxxi.
  21. Mansi, Concilia, viii. 970B
  22. cf. Novellae, cxxxi.
  23. Cod., L, i. 6


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Justiniano I.a