Wikipedia, Entziklopedia askea

Bioerregai

Eduki-taula

Azukre kanabera. Brasilen bioetanola sortzeko erabiliena da.

Bioerregaia hondakin kimiko edo fisikoen tratamendutik edo landareetatik eskuratzen den erregai mota da. Erregaia, gogoratu beharra dago, erretzen denean energia askatzen duen materiala da.

Bioerregaiak egiteko, hainbat substantzia organiko nahasten dira eta ibilgailu askoren motorrak martxan jartzeko erabiltzen dira. Azukre-kanabera, soja, pinua eta artoa erabiltzen dira, besteak beste, bioerregaiak egiteko.

Zenbait herrialdetan legeak egin dituzte hornitzaileak behartzeko erregai fosilak bioerregaiekin nahastera. Izan ere, bioerregaiak berriztagarriak dira eta karbono dioxidoaren isurketak gutxitzen laguntzen dute.

Bioerregai erabilienetako bat biodiesela da, lipido edo koipe naturaletatik lortzen dena. Sojatik, koltzatik eta beste espezie batzuetatik eratorritako olio begetalak erabiltzen dira biodiesela egiteko.

Bioetanola ere asko erabiltzen den bioerregaia da. Bioetanola egiteko, azukre-kanaberatik edo erremolatxatik lortutako azukrearen hartzidura alkoholikoa egiten da.

Beste bioerregai bat biogasa da. Biogasa materia organikoaren biodegradaziotik lortzen da eta hainbat erabilera ditu; galdaretan, labeetan eta berogailuetan erabiltzen da, besteak beste.

Honakoak dira beste bioerregai garrantzitsu batzuk:

  • E85: % 85 bioetanola eta % 15 gasolina. Ibilgailuetan erabiltzen da batik bat.
  • E5: % 95 gasolina eta % 5 bioetanola.
  • E10: % 90 gasolina eta % 10 bioetanola.
  • E-Diesela: Errekuntza errazekoa da eta kutsadura murrizten du.
  • E95 eta E100: beste bioerregai batzuk.

Bioerregaien fabrikazioak eta erabilerak alde positibo asko dituzte, baina alde txarrik ere badago. Alde onen artean, aipatu ohi da erregai jasangarriak direla (lehengaiak berritu daitezkeelako) eta gutxiago kutsatzen dutela petroliotik edo ikatzetik eratorritako erregaiek baino. Era berean, etekin handia eskaintzen dute eta laborategietan sortu daitezke.

Alde txarren artean, berriz, bioerregaietarako lehengaiak lortzeko, basoak ebaki egiten dira zenbait lekutan eta basogabetzea eragiten ari da; bestalde, elikagai ere badiren produktu batzuen prezioen igoera eragin; izan ere, ikusi dugun bezala, landareak erabiltzen dira bioerregaiak sortzeko, eta etekin gehiago ematen dutenez, landare-produktu horien prezioa igo egiten da, janaritarako produktu gutxiago dagoelako.