Wikipedia, Entziklopedia askea

Egiptoko Inperio Ertaina

Eduki-taula

Inperio Ertainaren mapa (horian markatua).

Antzinako Egiptoko Inperio Ertaina XI. dinastia ezarri zenetik XIV. dinastiaren bukaera arteko garaia da, K.a. 2030-1640 bitarte, gutxi gorabehera.

Tarteko Lehen Aroan botere berriak agertu ziren, eta aurkako dinastiak sortu ziren Herakleopolisen (Behe Egipto) eta Tebasen (Goi Egipto). Lehia hasi eta berehala, Tebaseko Mentuhotep faraoiak Herakleopoliseko agintaria garaitu zuen; horrela, Egipto elkartu zuen, aginte bakarraren menpe. Horrek Inperio Ertainari hasiera eman zion, K.a. 2055etik 1650era iraun zuen aro egonkorrari, alegia.

Historialariek urrezko aro izena eman izan diote Inperio Ertainari, garaian lortu zen egonkortasun ekonomiko, sozial eta politikoaren ondorioz. Merkataritzak, arteak eta literaturak gora egin zuten Inperio Ertainean. Nubia merkataritza gune nagusia bihurtu zen, Nilo ibaiari esker; marfilaren, ebanoaren, pantera-larruaren eta ostruka-lumen garraioa egiteko erabiltzen baitzen. Nubiarrek euren produktuak eta esklaboak trukatzeko aukera zuten, eta manufakturatutako produktuak eta armak jasotzen zituzten trukean.

Probintzia bakoitza "noma" bat zen, eta hiri-estatu independentea zen, non "nomarka" batek agintzen zuen. Nomarken betebeharrak zorrak biltzea eta errege-proiektuetarako langileak auekitzea izaten zen.

Faraoia ikusteko modua zen Inperio Zaharraren eta Ertainaren artean desberdintasunik nabariena. Inperio Zaharrean, faraoiak iristezina zen errege-jainkotzat jotzen zituzten; Inperio Ertainean, ordea, faraoiak “herriaren artzain” ziren, lan-publikoak eraikitzeaz eta egiptoarren ongizateaz arduratzen zirenak.

Faraoiak hilobi ezkutuetan lurperatzen zituzten, alde batera utziz Inperio Zaharrean piramideak eraikitzeko zegoen ohitura. Hilobiak Egipto osoan zehar sakabanatuta egoten ziren, hilobi-lapurrei aurkitzea zailtzeko.

Inperio Zahar eta Ertainean, Egiptoko gizartea hierarkikoki antolatuta zegoen. jainko-erregea guztien gainetik izanik. Faraoiak nobleak eta apaizak izaten zituen inguruan, goi-mailako beste kide batzuen artean. Goi-klaseko herritarrak merkatariak edota artisauak izan ohi ziren; landako lur-langileek eta gainontzeko herritarren gehiengoak osatzen zuten behe-klasea.