Wikipedia, Entziklopedia askea
Ilgora Emankorraren kokapena.

Iraultza Neolitikoa Neolito garaian gizakien bizimoduan gertatu zen aldaketa handi bat izan zen. Aldaketa horretan, ehiztari eta biltzaileen talde nomadak leku egonkorretan bizitzera pasatu ziren, lurra lantzeko eta animaliak janari-iturri gisa edukitzeko. Iraultza Neolitikoa gure aroa baino lehenagoko 10000. urte inguruan hasi zen, Ekialde Hurbilean, Ilgora Emankorra deitzen zaion eskualdean. Leku horretan hasi ziren gizakiak nekazaritzan lehen aldiz. Handik gutxira, munduko beste toki batzuetan ere hasi ziren nekazaritzan Harri Aroko gizakiak. Iraultza Neolitikoan agertu ziren berrikuntzen ondorioz sortu ziren zibilizazioak eta hiriak.

“Iraultza neolitiko” izena Vere Gordon Childe australiar arkeologoak proposatu zuen, 1935ean. Nekazaritzaren agerpenaren ondorioz, gizakiak herri paleolitikoak izatetik herri neolitikoak izatera pasatu ziren; beraz, gertaera horrek desberdintzen ditu bi herri mota horiek. Zibilizazio modernoaren alderdi asko antzinako historiako une horretan hasi ziren, pertsonak komunitateetan bizitzen hasi zirenean.

Zergatik gertatu zen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela 12.000 urte gizakia nekazaritzan hasteko arrazoi bat baino gehiago egon ziren. Dena den, iraultza neolitikoaren kausak eskualde batetik bestera aldatu egiten dira.

Orain dela 14.000 bat urte Lurra berotze-joera batean sartu zen, hain zuzen ere, azken glaziazioaren amaieran. Zientzialari batzuen ustez, berotze horrek eragindako klima-aldaketek bultzatu zuten iraultza neolitikoa.

Beste zientzialari batzuek uste dute giza burmuinean izandako aldaketek eragin zutela gizakiaren leku batean finkatzeko nahi hori. Aldaketa horien adibide, tresna erlijiosoak eta irudi artistikoak aurkitu izan dira lehen kokaleku neolitikoetan.

Nolakoak ziren Neolitoko gizakiak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badago aztarnategi arkeologiko bat Turkiako hegoaldean, Çatal Höyük izenekoa, hobekien kontserbatutako Neolitoko kokagune bat dena. Bertan, adobez egindako 9.500 urteko dozena bat etxebizitza baino gehiago aurkitu dira. Arkeologoen arabera, leku horretan 8.000 pertsona arte bizi izan ziren. Etxeak hain zeuden bata besteari itsatsita, non bertan bizi zirenek sabaiko zulo batetik sartu behar izaten zuten.

Bertakoek artea baloratzen zuten: ehiza, abere eta jainkosa femeninoen inguruko margolanak zeuden etxeetan. Espiritualtasun kutsua ere bazuten, izan ere, etxe azpietan lurperatzen zituzten hildakoak.

Eufrates ibaiaren ondoko herrixka txiki batean, gaur egungo Sirian, nekazaritzaren lehen aztarnak aurkitu dira. Herrixka horretan gutxi gorabehera gure aroa baino lehenagoko 11500 eta 7000. urteen bitartean bizi izan ziren gizakiak. Bertako biztanleek gehienbat gazelak eta beste animalia batzuk ehizatzen zituzten. Baina 9700. urte inguruan, zerealak biltzen hasi ziren. Aztarnategian, aleak ehotzeko tamaina handiko harrizko tresna batzuk aurkitu dira.

Nekazaritzako asmakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialde Hurbileko eremu horretako nekazaritza-komunitate neolitikoek hainbat basa-landare etxekotu zituzten, besteak beste, garia, garagarra, dilistak, garbantzuak, ilarrak eta lihoa. Etxekotzeak esan nahi du nekazariek ezaugarri onenak zituzten edo elikagaiak lortzeko onenak ziren landareak hautatzen zituztela; denborarekin, etxekotutako espezie bat gero eta gehiago bereizten zen jatorrizko landare basatitik.

Nekazariak Ilgora Emankorrean garia ereiten hasi ziren garai berean, Asiako biztanleak arroza eta artatxikia landatzen hasi ziren. Zientzialariek Harri Aroko arroz-soroen aztarna arkeologikoak aurkitu dituzte Txinako zingiretan, zeinak gutxienez duela 7.700 urtekoak diren.

Mexikon duela 10.000 urte inguru hasi ziren kalabaza landatzen, eta artoaren antzeko laborantza duela 9.000 urte sortu zen.

Abeltzaintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen ganadua gizakiek haragia lortzeko ehizatzen zituzten animaliak izan ziren. Adibidez, etxeko txerriak basurdeetatik hazi ziren, eta ahuntzak, berriz, persiar basahuntzetatik zetozen. Animalia etxekotuek nekazaritzako lan fisiko gogorra erraztu zuten, eta haien esne eta haragiari esker, gizakiak elikadura lortzeko aukera gehiago zuen. Animalia horiek gaixotasun infekziosoak ere ekarri zituzten, ordea. Izan ere, etxeko animalien ondorioz, baztanga, gripea eta elgorria zabaldu ziren gizakien artean.

Baserriko lehen animalien artean, ardiak eta behiak ere bazeuden. Animalia horiek duela 10.000 eta 13.000 urte bitartean hasi ziren Mesopotamian hazten. Handik gutxira, ur-bufaloa eta jaka etxekotu zituzten Txina, India eta Tibeten.

Gurdi-abereak, hala nola idiak, astoak eta gameluak, askoz beranduago agertu ziren, hain zuzen ere gure aroa baino lehenagoko 4000. urte inguruan, gizakiek salgaiak garraiatzeko merkataritza-ibilbideak garatu zituztenean.

Iraultza neolitikoaren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iraultza honen ondorioz, gizaki taldeak nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritutako kokaleku iraunkorrak eraikitzen hasi ziren. Iraultzak Brontze Aroko eta Burdin Aroko berrikuntzetarako bidea prestatu zuen eta nekazaritza eta gerrarako tresnen sorreran eta artean aurrerapen handiak egon ziren. Horrek guztiak lehen zibilizazio handiak agerrarazi zituen, merkataritzaren eta konkistaren bidez.