Wikipedia, Entziklopedia askea

Basurde

   Ba al dakizu   

-Basurdearen gutxi gorabeherako adina kalkulatu daitekeela hauen letaginak neurtzen.

- Basurdeak bi soinu mota ematen dituela: kurrinka eta txistua.

- Basurdeek ohitura handia dutela uretan eta lokatzan birrintzeko eta ilean duten parasitoa suntsitzeko zuhaitz baten kontra igurtziz.

-Basurdearen ilea maiz erabili zutela hortzetako eskuilak ekoizteko.

Basurdea ia mundu osoan zabalduta dagoen animalia ornoduna da eta, hain zuzen, ugaztunen taldekoa da. Baserriko txerriaren lehengusu basatia dela esaten da eta 90-150 cm inguru neurtzera eta 80 kg inguru pisatzera irits daiteke.

Nahiz eta basurdea munduko txoko askotan aurkitu dezakegun, toki askotan gizakion ondorioz desagertuta dago; Britainiar uharteetan, adibidez, XIX. mendean desagertu zen. Hala ere, beste batzuetan gizakiak leku ezberdinetara eraman du, Ameriketara eta Ozeaniara, adibidez.

Nolakoak dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txerrien antzera basurdeak buru handia eta begi txikiak ditu (ikusmena ez da animalia honen zentzumenik garatuena). Horretaz aparte, belarri handiak eta musu luzea ditu, eta emeek, arrak baino txikiagoak izan arren, musu luzeagoa izan ohi dute. Gainera, buztan zuzena izaten dute, txerriena ez bezala.

Basurdearen ezaugarriak marrazkian nabarmenduta daude

Animalia ertaina da baina oso sendoa, hain zuzen ere, dituen hanka motzek are eta sendoagoa egiten dute. Aurreko hankak atzekoak baino txikiagoak dira eta hanken amaieran bi behatzez osatutako apatxak dituzte. Basurdearen ile tinkoari dagokionez, kolore asko aurkitu daitezke, hala nola gorria, marroia, grisa eta beltza.

Gainera, basurdekumeek marra marroi batzuk izaten dituzte, belarretan hobeto ezkutatzeko, eta heltzen doazen heinean marrak desagertu egiten dira.

Haien gorputzetako atalik ikusgarriena letaginak dira. Hain zuzen ere, beheko masaileko letaginak oso luzeak dira, 20 cm-ko luzera izatera iritsi daitezke; goiko masailekoak, berriz, laburragoak dira. Arrek borrokarako erabiltzen dituzte letagin handi hauek; emeenak, berriz, txikiagoak izaten dira.

Basurdeek entzumen eta usaimen fina dute. Hain zuzen ere, giza ahalmenetatik at geratzen diren usainak atzematen dituzte lurpean dauden elikagaiak hautemateko.

      Entzun!




Mundu banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen esan bezala, basurdea eremu askotan aurkitzen den espezia da. Hala ere, badaude salbuespenak:

Basurdearen banaketa geografikoa. Berdez ikusten da bere jatorrizko eremua eta urdinez gizakiak sartutako eremuak.

- Afrikako zona ekuatorial eta hegoaldean adibidez ez dago basurderik, baina aipatzekoa da bertan animalia honen familia berekoa den espezie bat aurkitu dezakegula (fakokeroa).

- Siberia ere basurderik gabeko zonaldea da, ezin diotelako bertako klima hotzari aurre egin.

- Europa mailan, mendialdeetan dago hedatuena. Hain zuzen ere, Eskandinaviar penintsulan eta Britaniar uharteetan basurderik ez dagoen arren, kontinente osoan zehar hedapen zabala dute. Euskal Herriari dagokionez, mendialde eta basoetan basurdeen kopurua oso altua da eta maiz arazoak egoten dira, baratzeetan sartzen baitira eta nekazarien uztak hondatzen dituzte.

Non bizi dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basurdeen habitata
Basurdea lokatzetan

Basurdeak mota guztietako habitatetara egokitzen dira, eta, horregatik, gaur egun itsasoaren ondoan edo mota guztietako basoetan bizi daitezke. Egia da, egunez animalia ezkutaria izan ohi dela eta beharrezkoa dutela ingurune itxi eta babestu batean egotea. Hala ere, geroz eta egokitzapen handia dutenez, gizakiengandik hurbil bizi daitezke, eta hirietako edo herrietako inguruneetara joaten dira janari bila.

Zer jaten dute?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalia hauek orojaleak dira eta denetarik jaten dute. Gehienbat belarra, fruituak, sustraiak, onddoak… jaten dituzte, baina ehiztariaren papera ere hartzen dute: zizareak, intsektuak, narrasti txikiak, hegaztiak… janez. Gainera, lehen esan bezala, elikagaiak aurkitzeko helburuarekin lurrean zuloak egiten dituzte, eta nekazarien lurretan maiz sarraskiak egiten dituzte horrela.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emeak azaro eta abenduan zehar araldian sartzen dira, kumeak izateko une gogotsuan. Horregatik, emeak ernari uzteko, arren arteko borrokak ugaritu egiten dira hilabete horietan. Lau hilabetera, 2-6 kume jaiotzen dira; emeak zahartzen doazen heinean kume kopurua txikituz joango da. Kumeek amaren esnea hiruzpalau hilabetez edango dute eta urte bat pasata arrak taldetik joango dira.

Aipatzeagatik, basurde gazte emeek heldutasuna 8-20 hilabeterekin lortuko dute; arrek berriz, 10 hilabeterekin.

Nola bizi dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basurdea animalia soziala da eta ez da lehiatzen lurraldeagatik. Egunez ez dira asko mugitzen baina gauez 2-15 km egiteko gai dira, trosta arinean. Larrialdi egoeretan abiadura azkartzeko gai diren arren, ez dira abiadura azkarrean luzaroan irauteko gai.

Etxeko basurdea

Talde txikitan mugitzeko joera dute, eme eta kumez osatutakoak. Taldeak orokorrean 12 basurde edo gutxiagokoak izaten dira, nahiz eta talde batzuk 20 basurdekoak ere izaten diren. Arrei dagokienez, bakartiak dira eta ez dute taldean jarduten. Hala ere, batzuetan ar zaharrak beste ar gazte baten konpainian ikusi dira.

Gehienetan ezkutalekuak bilatzen dituzte, kumeak jaiotzen direnean bertan egoteko.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basurde ehiza

Basurdeak gaur egungo basoko ekosisteman ez du etsai naturalik; beraz, ekosistemaren dominatzaileetako bat dela esan daiteke. Horregatik, animalia hau mugagabe hedatu da eta haren populazioa gehiegi handitu da. Gainera, sarraski handiak egiten dituzte lur zein baratzetan, nekazarien uztak hondatuz. Horren ondorioz, ehizaldiak antolatu izan dira, ekosistemaren oreka mantentzeko eta basurde populazioa kontrolatzeko.

Euskal Herrian duten eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basurdea Euskal Herriko basoetan dagoen animaliarik sinbolikoena da eta azken urte hauetan espezie honen gorakada egon da Euskal Herrian. Hain zuzen ere, basurdeen populazioa bikoiztu egin da; hori ehizatu diren basurdeen kopuruan ikus daiteke. Gainera, batzuetan basurdeak hiri-inguruetara eta errepideetara hurbiltzen dira, eta egoera arriskutsuak sortzen dira (errepide istripuak, pertsonei erasoak...). Azken hori ez gertatzeko, ehiza federazioa basurdeen dentsitatea kontrolatzen saiatzen da eta urtero ehiza denboraldia dentsitate horren arabera antolatzen da.

Gastronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basurde gisatua

Basurdea, Euskal Herriko, Espainiako eta Argentinako gastronomiaren parte da, lurralde horietan basurdea ehizatzeko tradizioa dago eta. Normalean saltsa desberdinekin haragi gisatua prestatzen da eta hestebeteak ere egiten dira. Euskal Herrian, adibidez, oso ohikoak dira basurdez eginiko plater ezberdinak.


Bitxikeriak:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ez dute izerdirik egiten. Horregatik, uretako bainuak edo lohia oso garrantzitsuak dira, haien gorputzaren tenperatura freskatzeko eta erregulatzeko.
  • Basurdea ugaztunik zaharrenetakoa da, eta duela 10 milioi urte baino gehiagoko erregistro fosilak ditu.
  • Basurdea kirol-ehizako harrapakin ezaguna da munduko leku askotan. Basurdea arkuarekin, erriflearekin edo ehiza-txakurrekin ehizatu daiteke.
  • Azken urteetan basurdeen gizakienganako hurbiltasuna handitu da, eta hondartzetan eta herri inguruetan ikusi izan dira arratsaldeko azken orduetan janari bila.

Gehiago jakiteko:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

https://euskalnatura.eus/index.php/biodibertsitatea/animaliak/item/sus-scrofa

https://www.ikasbil.eus/eu/artikuloaren-fitxa?articleId=16173615