Wikipedia, Entziklopedia askea

Karraka idiofonoen familiako soinu-tresna da.

Nolakoa da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karraka arruntek zurezko mihi bat izaten dute. Mihi hori U forma duen zurezko euskarri baten erdian helduta dago. Irekia dagoen mutur aldean makila bat sarturik dauka alde batetik bestera. Kirtenerako, makila alde batetik luze uzten da eta barrualdean hortzak dituen ardatza jartzen zaio. Badira beste itxura eta mihi gehiago dituzten karrakak ere. Hauek, noski, zarata handiagoa egiten dute. Herri batzuetan elizak berak bere zerbitzurako izan ditu bere jabegoko karrakak.

Nola jotzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errazkingo sakristaua izana elizako karraka jotzen. Errazkin, 1981-05-09.

Kirtenetik tinko harturik, karraka jirarazten da eta mihiak ardatzaren kontra jotzen du, ardatzaren hortz batetik bestera saltatzerakoan hots handia eraginez.

Zertarako erabili dira karrakak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herri osoan erabili izan dira halako tresnak, Aste Santuan orduak jotzeko, elizkizunetara deitzeko eta Eguberritako zenbait ekintzen abisuetarako. Larraungo bailaran (Nafarroa), Aste Santuan, “hamabiak” jotzeko erabiltzen zituzten. Urte osoan, egunero, kanpaiak ematen zuen eguerdiko ordua, baina egun horietan, hamabietan, herriko haurrak bakoitza bere karraka eskuan harturik, korrika joaten ziren etxez etxe karrakak joaz eta etxe inguruetatik pasatzerakoan “hamabiiiiik, hamabiiiik!” oihukatzen zuten.

Tresna honek beste funtzio bat ere izan du. Abereak soroetatik mendian gora bidaltzeko, eltzegor gisa erabili da toki askotan, bere zaratarekin animaliak ikaratuz.