Wikipedia, Entziklopedia askea

Marsupialia

Eduki-taula

Martsupialak

Martsupialak animalia ugaztun mota bat dira, beren kume jaioberriak tripan duten poltsa batean eramaten dituztenak. Kanguruak, koalak eta zarigueiak dira martsupial ezagunenetakoak.

Animalia hauek basoetan, lakuetan, erreketan, belardietan eta baita lurrazpian ere bizi dira. Martsupial espezie gehienak Australian, Ginea Berrian eta inguruko uharteetan bizi dira. Hego eta Erdialdeko Amerikan ere badaude animalia talde honetako beste espezie batzuk, eta bat bakarra Ipar Amerikan, Virginiako zarigueia.

Martsupial gehienak katu txiki baten eta txakur ertain baten tarteko tamaina dute, baina askoz ere txiki edo handiagoak ere izan daitezke. Australiako kanguru gorria da martsupialik handiena: 3 metro luze izan daiteke burutik buztanaren puntaraino. Martsupial txikienak planigale deiturikoak dira: 10 zentimetro baino ez dute luzean.

Animalia hauek ez dira guztiz garatuta jaiotzen. Jaiotzean, oso txikiak eta itsuak dira, eta jaio eta berehala beren amen sabelean gora igotzen dira, bertan duten larruzko poltsara sartzeko. Poltsa horretan daude amaren titiburuak. Kumeak hainbat aste edo hilabetez geratzen dira poltsan, amaren esnea edaten. Badaude poltsarik ez duten martsupial espezieak ere. Hauen kasuan, kumeak amak sabelean dituen titiburuei helduta egoten dira.

Kumeek amaren esnearen beharrik ez dutenean, poltsatik atera daitezke eta beren kasa moldatu. Arriskuan sentitzen direnean, ordea, korrika itzultzen dira poltsara. Koalen eta beste martsupial batzuen kumeek amaren ilajeari heltzen diote poltsatik atera ondoren.