Wikipedia, Entziklopedia askea

Momia deitzen zaio hil ondoren denbora luzez oso egoera onean mantendu den gorpuari; hau da, urte asko igaro arren, usteldu eta hauts bihurtu ez den gorpuari.

Batzuetan, naturaren ezaugarriengatik gertatzen da hori, Peruko inken momien kasuan, adibidez (sekulako hotza egiten duelako, eguraldiaren lehortasunagatik, eta abar); beste batzuetan, gizakiek gorpua baltsamatu egiten dutelako (antzinako Egipton, adibidez, halaxe egiten zuten, antzina, faraoien gorpuarekin: hil ondoren, bendak jartzen zizkieten gorputz osoaren inguruan, eta gero sarkofagoetan sartzen zituzten).

Antzinako Egiptoko momiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiptoarrek 3.000 urte baino gehiagoz egin zituzten momiak, baina mendeetan zehar, erabiltzen zituzten metodoak aldatzen joan ziren. Erresuma Berrian (K.a. 1500-1000), hildako errege eta nobleak momifikatzen zituzten eta prozesu horrek 70 egun irauten zuen.

Prozesuaren hasieran, hileta-langileek garuna eta barne-organo guztiak kentzen zituzten, bihotza izan ezik. Organoak flaskoetan sartzen zituzten. Gero, gorputza gatzez edo produktu kimikoz bustitzen zuten, larruazalaren kanpoko aldea eta koipea kentzeko. Gorputza lehortutakoan, barrualdean eta kanpoaldean espezie eta kontserbagarriak jarri eta gorputzak lihozko bendaz biltzen zituzten. Egiptoarrek, sarritan, sinbolo erlijiosoekin eta hildakoaren erretratuarekin margotzen zituzten estalkiak. Azkenik, momia, zizelkatutako eta margotutako zurezko hilkutxa batean jartzen zuten.

Egiptoarrek ez zuten erabiltzen prozesu berdina pobreekin. Gatzez lehortu eta oihal lodiz bildu besterik ez zituzten egiten. Zenbait animalia ere momifikatzen zituzten, batez ere katuak.

Momiek helburu erlijiosoa zuten. Antzinako egiptoarrek uste zuten hildakoak beste mundura arrakastaz igarotzeko gorputzak behar zituztela. Gorputza mantentzen zen bitartean arima bizi ahal zela uste zuten.