Wikipedia, Entziklopedia askea

Tartessos

Eduki-taula

Tartessos zibilizazioaren kokapena.

Tartessos hiri, erreinu edo zibilizazio bat izan zen, Iberiar penintsulako hegoaldean existitu zena, antzinako historialari greziar eta erromatarren arabera, eta baita Bibliaren arabera. Ez gaude ziur ea existitu zen edo ez; izan ere, penintsulako zonalde horretan, arkeologoek oraindik ez dute hiri handi baten aztarnarik aurkitu, ezta monumentu handirik ere.

Herodoto izeneko historialari greziarraren arabera, Tartessos gaur egungo Andaluzian zegoen, Huelva, Sevilla eta Cádiz probintzien artean.  Herodotok Argantonio izeneko errege tartessostar bat aipatu zuen, eta Tartessos herri oso garatua eta aberatsa zela esan zuen.

Hala ere, badaude beste aurkikuntza arkeologiko garrantzitsu batzuk, adibidez, El Caramboloko altxorra; altxor horrek urrezko pieza ederki landuak ditu, pertsona oso garrantzitsuren batenak izango zirenak.  Horregatik pentsatzen da lurralde horretan teknologia oso garatuko herrialde bat egon zela. Uste denez, herri horrek K.a. 1000 eta 500 urteen bitartean, Europako lehen zibilizazio aurreratuetako bat osatu zuen eta harremanak izan zituen Iberiar penintsulan koloniak sortu zituzten greziar eta feniziarrekin. Badakigu idazkera ezagutzen zutela, baina antza denez, feniziarren idazkeraren eragin handia zuen.

Dena den, zibilizazio edo balizko erreinu hori denbora gutxian desagertu zen, K.a. 500. urtearen inguruan. Historialariek uste dute horren arrazoia kartagotarrak Iberiar penintsulara iristea izan zela, tartessostarrak greziarrekin aliaturik zeudelako. Beste teoria batzuen arabera, feniziarrek beraiek edo penintsulako barrualdeko beste herri batzuek eragin ahal izan zuten tartessostarren desagerpena. Errealitatea da K.a. V. mendetik aurrera, kartagotarrak Mediterraneoko mendebaldeko inguruen jabe egin zirela, eta iberiarrak bizi ziren Mediterraneoko kostaldearen zati handiena Kartagoren eraginpean gelditu zela.