Villa Mairea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Villa Mairea, Alvar Aalto arkitektoarena (Noormarkku, Satakunta).

Villa Mairea Finlandiako Noormarkku herrian dagoen landa etxea da, Alvar Aalto arkitekto finlandiarrak diseinaturikoa, eta 1937 eta 1940. urteetan eraikitakoa. Alvar Aaltok bere lagun Maire eta Harry Gullichen-en enkarguz diseinatu zuen. Gullichen bikotearen nahia itxura berritzailea zuen eraikin bat zen baina aldi berean izaera finlandiarrarekin. Arkitektura berritzailearen bilaketaren nahi hau bat zetorren Aaltoren ikuspuntuarekin, eta Villa Mairea dugu bezeroen eta arkitektoaren arteko adostasun horren emaitza. Villa Mairea etxe “esperimentala” dela esan daiteke.

Kanpo itxura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuhaitzez dago inguratua eta bere fatxadari esker erraz nahasten da inguruko naturarekin. Hormigoi zuriz eta zurezko konposaketa desberdinekin dago egina hau, collage teknika erabiliz. Gainera momentu askotan zuraren kokaerak landaredia fatxadan “filtratzea” ahalbidetzen du.

Orokorrean altxaera irregularrak dira oso. Puntu askotan terraza eta leiho desberdinek bolumen berri bat sortuko dute, collage sentsazioa handituz. Etxearen sarrera ere eraikinetik “ateratzen” den markesina bat da, arkitektura finlandiarrean ohiko elementua. Honek kanpoaldea eta barrualdearen arteko trantsizio elementu bezala jokatzen du, eta hormigoizko zutabeek eusten badute ere, hauek zuhaitz gazteen enborrez daude inguraturik, sarrerari baso itxura emanez. Basoaren metafora hau ere etxea barrualdean maiz aurkituko dugu.

Oinplanoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinplanoa “L” formakoa da, barruko aldean igerileku bat duen lorategia duelarik. Beheko solairua eguneko bizitzan erabiltzeko dago antolatua. Hau ere etxearen “alde publikoa” izango da. Gaueko bizitza berriz goiko solairuan garatuko da, bertan egonik kokatuak logela desberdinak. Bigarren solairuan ez dator gutiz bat behekoarekin. Horri esker lehen aipaturiko hegal eta terrazak sortuko dira, eraikinari bere itxura karakteristiko hori ematen diotenak.

Etxearen gune garrantzitsuena beheko solairuko egongela-jangela funtzioa betetzen duen espazio zabala da. Bertan espazio banaketa oso malgua eta dinamikoa da. Gune publikoan kokatzen den liburutegi-bulegoa ere sabairaino iristen ez diren holtz mugikor batzuez gelditzen da mugatua.

Goiko solairua sinpleagoa da. Eskaileratik igo ondoren harrera atari bat dauka, umeen jolas-toki bezala funtzionatzen duen beste atari batera lotua. Gainontzekoan, logelak modu ortogonalean daude banaturik, Maire-ren lantegia izanik gehien nabarmentzen den espazioa. Honek etxearen kanpo konposizioan presentzia handia dauka.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egitura desberdina da etxearen zati desberdinetan, etxearen funtzio bakoitzari sistema bat esleitzen zaiolarik. Zerbitzuari eskainia dagoen etxearen zatia horma-egiturazkoa da. Etxearen gainontzekoak berriz modulaturik gabeko zutabe erretikulako egitura sistema dauka, espazio banaketari askatasun handia ematen diona.

Villa Mairea modernismoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezaugarri honek Alvar Aaltoren etxe hau arkitektura modernoan kokatzea ahalbidetzen digu. Hala ere, arkitektura finlandiarrarekin egin duen nahasketa horren etxearen modernitatea nolabait ezkutatua gelditzen da. Horrez gain aipatzekoa da etxearen barrualdean aurkitu ditzakegun naturaren aipamenak ere. Argi jokoak, material desberdinez eginiko zutabeak, Aaltoren arkitekturan hain ohikoak diren forma organikoak...

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]