Belardi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Belar soro» orritik birbideratua)
Kantabriako belardia.

Belardia[1] edo belar soroa lur-eremu laua edo malda leunekoa da, belarra berez edo ereinda hazten dena. Gizakiak edota abereek larratzearen ondorioz sortutakoa izaten da, eta ebakiaz edo aziendak alhatuz erabil daiteke.[2]

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen Herri Hizkeren Atlasak bedarleku, lantzar, sololantzar, landa, solo, bedarselai, zelai, belardi, belaze, belaso, belati, belai, larre, soro, sorro, phentze eta soho sinonimoak dakartza.[3]

Landare espezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare belarkara ugari hazten da belardietan, gramineak nagusi direla. Euskal Herrian, espezie hauek dira ohikoenak: Agrostis capillaris, Anthoxanthum odoratum, Arrhenatherum elatius, Dactylis glomerata subsp. glomerata, Cynosurus cristatus, Festuca arundinacea, Festuca rubra, Holcus lanatus, Lolium perenne, Brachypodium pinnatum subsp. rupestre, Lathyrus pratensis, Trifolium pratense, Trifolium repens, Lotus corniculatus, Achillea millefolium, Hypochoeris radicata, Crepis capillaris, Taraxacum officinale, Centaurea debeauxii, Plantago lanceolata, Cerastium fontanum, Stellaria graminea, Ranunculus acris, Ranunculus bulbosus, Rumex acetosa, Malva moschata eta Veronica chamaedrys.[4]

Belardien ekoizpena handitzeko askotan erein egiten dira. Llollobelar italiarra (Lolium multiflorum), llollobelar ingelesa eta hirusta gorria (Trifolium pratense) dira espezierik erabilienak.[2]

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira belardietako bazka baliatzeko modu nagusiak:[2]

  • Larratzea edo alhatzea: urtean zehar edo belarraren hazkuntza garaian aziendak libreki egiten du bazka. Erarik zaharrena, zabalduena eta ekonomikoena da.
  • Ebakitzea, bai berdean jateko, bai gordetzeko. Bazka lehorturik edo siloraturik gorde daiteke negurako. Sega-belardia deitzen zaio era horretan erabiltzen denari.

Askotan erabilpen mistoa ematen zaio belardiari: udaberrian ebakialdi bat edo bi ematen zaizkio, belarra lehortzeko edo siloratzeko, eta udazken-neguan alhan jaten da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Belardi. Euskalterm Terminologia Banku Publikoa, euskadi.eus Noiz kontsultatua: 2021-3-17.
  2. a b c Goierriko belardien kudeaketarako gidaliburua. goimen.org Noiz kontsultatua: 2021-3-17.
  3. 1810: prado / pré / field. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa, euskaltzaindia.eus Noiz kontsultatua: 2021-4-10.
  4. Prados mesófilos. Mapa de Vegetación Potencial de Navarra, cfnavarra.es Noiz kontsultatua: 2021-3-17.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]