Nikodemiako ediktua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nikodemiako ediktua
Irudia
MotaEdiktu
Honen izena daramaNikomedia
Argitaratze-data311ko apirilaren 30a
HerrialdeaAntzinako Erroma
Plaka bat, Santa Sofiako elizaren aurrean (Bulgaria), ediktua hiru eletan dakarrena (latinez, bulgarieraz, grezieraz).

Nikodemiako ediktua (Serdica-ko ediktua ere deitu izan zaio), edo Galerioren tolerantzia-ediktua ere bai, 311n eman zen, Serdica-n (gaur Sofia, Bulgaria), Galerio erromatar enperadorearen eskutik, amaiera emanez ofizialki, inperioaren ekialdean, Diokleziano enperadoreak kristauen aurka abiarazitako pertsekuzioari.

Ediktuak, inplizituki, "religio licita"-ren estatusa eman zion kristautasunari, Erromatar Inperioak ezagutzen eta onartzen zuen gurtzarena. Lehen ediktua izan zen kristautasuna legeztatu zuena, Milango ediktua baino bi urte lehenago.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

303ko otsailaren 23an, Terminaliako festan, Diokleziano enperadoreak, Galerioren proposamenez, jazarpen ediktu bat eman zuen. Honako hau agintzen zuen:

  • Elizak suntsitu eta Eskritura Santuak erretzea
  • Elizako ondasunak konfiskatzea
  • Kristauei debekatzea akzio juridiko kolektiboak balia zitzaten
  • Goiko mailetako kristauei pribilegioak kentzea kristautasunari uko egin ezean
  • Estatuaren ofizial zenbait atxilotzea

Garai hartan, Galeriok Erromako Inperioko Zesarren kargua zeukan, enperadoreen ondoren bigarren kargu garrantzitsuena.

305ean, Dioklezianak abdikatu egin zuen; Galeriok, haren ondorengoak, kristauen kontrako jazarpenari segida eman zion ekialdean, 311ra arte, noiz ere barkamena segurtatu baitzien kristauei, gurtzeko askatasuna ezagutu eta, inplizituki, religio licita estatusa eman kristautasunari.

Testu osoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tetrarkiako gainerako kide ofizialen izenean emana zen ediktua, eta amaiera eman zion kristauen kontrako pertsekuzioari.

«

Errepublikaren prosperitatearen eta onuraren alde xedatzera ohituak izaki, gure nahia izan zen, behinola, gauzak harmonian ezartzea erromatarren antzinako lege eta ordena publikoaren araura, eta saiatzea are kristauak ere, beren gurasoen erlijioa utzia zutenak, bihur zitezen arrazoira, zeren, egiaz ere, kristauek, arrazoiren batengatik, nahikunderen bati jarraitu baitzitzaizkion eta ergelkerian erori antzinako instituzioei men egitera ukatuz, zeinak, menturaz, beren arbasoek berek ezarri baitzituzten lehenik; baina beren gogo eta plazereraren araura, legeak egin zituzten berentzat, berek begiratu beharrekoak, eta hainbat jende bildu izan dituzte hainbat lekutan, bilkuretara. Azkenean, gure legea argitara eman zenean haiek antzinako instituzioen arabera joka zitezen, anitz makurtu ziren beldurraren edo perilaren pera, anitzi, are, eman zitzaien heriotza. Eta, hala ere, haietako anitzek beren determinazioan tinki iraun zutelarik, eta ikusi genuelarik ezen ez zituztela begiratzen jainkoak ez zor zaien larderiarik agertzen haiei, eta ez zutela gurtzen kristauen jainkoa ere, aintzat harturik gure erruki eztia eta ororekin barkabera izateko gure etengabeko ohitza, gogoetatu ginen beharko geniekeela haiei ere gure barkamenik lasterrena agertu, halaz eta berriro ere izan ahal daitezen kristau, eta beren bilkurak egin, betiere ez badute deus egiten ordena onaren aitzi. Baina esango diegu magistratuei, beste gutun batean, zer egin beharko luketen.

Horregatik, bada, gure erruki honengatik, beren jainkoari otoitz egin beharko liokete gure segurtasunaren alde, eta errepublikarenaren alde eta berenaren alde, arren errepublikak iraun dezan kalterik gabe alde orotan, eta haiek ere segurtasunean bizi ahal izan daitezen beren etxeetan.

Ediktu hau argitara eman da Nikodemian, Maiatzeko kalenden aitzineko egunean, gure zortzigarren kontsulgoan eta Maximoren bigarrenean.

»

—Lactantius, De mort. Pers. ch. 34, 35. Opera, ed. O. F. Fritzsche, II, 273. or. (Bibl. Patt. Ecc. Lat. XI. Leipzig, 1844).


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]