Buda (kontzeptua)
Buda (kontzeptua) | |
---|---|
Datuak | |
Mota | kontzeptu erlijiosoa, Ohorezko trataera eta titulua |
Buda (sanskritoz बुद्ध "buddha", argia, argitsua, argitua, iratzarri dena edo iluminatua gisa itzul daiteke euskaraz, baina izatez bud erroa jakin aditzarekin lotua dago) bere garapen oso eta kontzientzia guztia erdietsi duen pertsonak jasotzen duen izena da, budismoaren sinesmenean nagusiki. Gaur egun, izenak Siddharta Gautama, budismoaren maisu eta sortzailea, identifikatzen du, zeina sinestunek «gure garaiko Budatzat» hartzen duten, argitasuna lortu zuela uste baitute.[1] Baina Siddharta Buda izan zela esan badaiteke ere, beste gizakien esku ere badago Buda izatera iristea.[2]
Gainera, budistek ez dute uste Gautama Buda izan zenik lehen edo azken argitua. Kanon batzuen arabera, Buda Gautama zerrenda luze bateko 28.a izan zen budetan.
Budaren/buden ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Budismoaren arabera hiru buda mota dude:
- Samma-Sambuda, maisua, eta bere ahalegin propioari esker lortzen du argia.
- Pacceka-Buda edo Pratyeka-Buda, Samma-Sambuda bezala aritzen dena, baina dharma beretzat gordetzen du.
- Savaka-Buda edo arahant bat ('dizipulu argiztatua'), dharma sentituz argiztatzea lortu duena.
Buda bilakatzeak ez du esan nahi jainkozko egoera batera heltzen denik bat. Buda Gautamak berak esan zuen, eta, gainera, mundu-ikuskera budistak berak dio budaren egoera gizakiek baino ezin dutela lortu. Siddharta Gautamak ere esan zuen ez dagoela bitartekaririk gizateriaren eta jainkotasunaren artean. Buda adibide bat besterik ez da, gida bat eta maisu bat, bidea bere kabuz egin behar duenarentzat. Filosofiaren eta praktika gogoetatsuaren sistema budistan ez zen jainkozko agerpenik izan, baizik eta mundu guztiak izan dezakeen adimenaren ulermenaren emaitza, Siddharta Gautama izeneko gizakiak lortua eta irakatsia.
Nirvana da gizaki guztiek lor dezaketen helburua. Budismoak erakusten du edonork duela berezko potentziala esnatzeko, argitzeko eta nirvana probatzeko. Mahayana eskola budistan budak eta bodhisattvak daude, eta azken hauek dira argia bilatu duten gizakiak baina nirvanara iristea nahita atzeratzen durenak, mundu guztiari bertara heltzen laguntzeko erabakia hartu baitute.
Hamar ezaugarri nabarmen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zenbait budistak buda izaeraren ezaugarri hauek deskribatu dituzte:
- Duin edo noble
- Ondo argitua
- Ezagutzan eta jokabidean hobekuntza etengabean
- Izaera loriazko edo jainkotiarra
- Munduaren ezagutza ezin hobea duena
- Pertsonen lider gaindiezina
- Jainkoen eta gizakien maisu
- Argitsua eta traszendentea
- Bedeinkatua edo zorionekoa
- Argitasuna zein iluntasuna ezagutzen ditu
Ezaugarri horiek maiz aipatzen dira idazki budistetan, eta egunero errezitatzen dira monasterio budistetan.
Buda batek bere gogoa, desira, higuina eta ezjakintasuna garbitu ditu, eta, beraz, ez dago lotuta samsara kontzeptuarekin. Tradizioaren arabera, buda batek botere espiritual edo naturaz gaindiko batzuk izan ditzake. Hala ere, botere horiek bigarren mailakotzat hartzen dira Budaren beraren jarraibideen arabera, eta horrela, nagusiki, buda bat erabat esna dagoen pertsona bat da, egia primordialaren berri eman duena: bizitzaren izaeraren berri. Budaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat argia eta iluntasuna ezagutzea da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, katalanezko wikipediako «Buda (il·luminat)» artikulutik itzulia izan da, 2022-04-12 data duen 29972091 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2022-04-12 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.