Emagin elkartea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Emagin elkartea: formazioa eta ikerketa feminista

Emagin elkartea, pentsamendu kritiko feminista sustatzen duen elkartea da. 2003 urtean sortu zen, kapitalismoa, inperialismoa eta heteropatriarkatua errotik aldatzeko premiatik abiatuta. Hasieratik, ikerketa eta dokumentazio zentro feminista izateko sortu bazuten ere, bidean esperientzia berriak metatzen joan ziren eta gaur egun ezagutza feminista kolektiboki bultzatu nahi duen bitartekoa ere bada.

Hori horrela, teoria feministak eta hausnarketarako gune eta uneak saretu eta aliantzak sortzeko elkartea izan nahi du, ezagutza feminista herrigintzaren mesedera jarriaz, teoria eta praktikaren arteko amildegia murrizteko.

Lan eremuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarte heteropatriarkalaren eraldaketa helburu, prozedura feministak erabiltzen ditu oinarrizko lan esparru hauetan:

  • Formazioa
  • Ikerketa
  • Ekoizpena
  • Dokumentazioa.

Formazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri feminista bat eraikitzeko eraldaketa pertsonalak eta kolektiboak bultzatzeko formazioa eskaintzen dute. Emakume talde, talde feminista, herri mugimendu eta erakunde publiko zein elkarte pribatuetan ikastaroak, tailerrak, lan saioak eta aholkularitzak ematen dituzte. Hauek dira eskaintzen dituzten gaiak:

Genero botere harremanak; arrazakeriaren aurkako kontzientzia; ahalduntze feminista; elkar zainduz, zaintza eskubide kolektiborantz; maskulinitateak feminismotik; genealogia feministak; autodefentsa feminista; genero rolak festetan; ekonomia feministaren oinarriak; politika feministak.

Ikerketa eta esku-hartze komunitarioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerketak garatzen dituzte metodologia feministetan eta parte-hartzaileetan oinarrituz. Era berean, horiei lotutako esku-hartzeak egiten dituzte ikerketek tokiko eragina izateko eta errealitatea aldatzeko. Ezagutza feminista sustatzeaz gain, aholkularitza, interbentzio iraunkor eta aldizkakoak eta intzidentzia politikoa helburu duten ikerketa lanak ere egiten dituzte. Hauek dira ikerketa ildoak:

Prozedura eta metodologia feministak; genealogia feministak; analisia eta eraldaketa feminista; indarkeria matxisten prebentzioa; bizitza duinak erdigunean.

Ekoizpena eta hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatutako ildo eta gaien inguruan sortutako materialak (azterketak, hausnarketak, narrazioak, gidak, protokoloak...) denen eskura dituzte jarrita webgunean.

Dokumentazioa eta artxiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artxibo feministan izaera askotariko dokumentuak jaso dituzte, hala nola, argitalpenak, argitaratu gabe dauden dokumentuak, paperezko argitalpenak, ikus-entzunezkoak… Bereziki, azken urteotan, Euskal Herriko Mugimendu feministaren dokumentazio jaso dute eta argitaratu gabe dauden txosten, pegatina, eskuorri, kartel eta abar gorde dituzte Emagineko bulegoan. Elkarte gisa dokumentazio baliagarri hori ondo mantentzeko mugak kontuan hartuta, Nafarroako Artxibo Garaikidearekin hitzarmena sinatu eta funts fondo[1] guztia bertara eraman dute. Han daude original guztiak, eta dokumentazio gehiena digitalizatuta.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]