Edukira joan

Aparailu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Estekadura» orritik birbideratua)
Harrizko aparailu irregularra.
Adreiluzko aparailu flamenkoa.

Aparailua, arkitekturan, horma batean (paramentuak barne) eraikuntza-ekai modularrak (harlanduak, harlangaitzak eta adreiluak) antolatzeko eta jartzeko era da.[1]

Batzuetan apareju erabili izan da.

Eskuairatutako harriak dituen aparailuari erregularra esaten zaio, eta harri landugabez egiten bada, irregularra. Eskuairaz landutako harriei harlandu edo silarri deritze. Lanketa arina badute, silarrixkak eta harlanduxkoak dira eta harri puska landugabeei harlangaitz esaten zaie. Aparailu erregularra harrien tamainaren arabera sailkatzen da (handi, ertain eta txikia).

Zatikatzea eraikuntza bat osatzen duten atalen deskonposizio teorikoa da. Horizontala, erradiala, irregularra, erregularra eta abar izan daiteke.

Harlanduen antolamenduaren arabera, aparailuak hainbat izen ditu [2]:

  • aparailu erregularra edo isodomoa: harlanduak juntura-hautsika eta garaiera berdineko ilara horizontaletan paratuz egiten da
  • aparailu irregularra

Harrien tamainaren arabera, beste sailkapen bat egin daiteke:

  • aparailu txikia: obra-hondakinez, harriz edo harlangaitzez egindakoa, 20 cm baino gutxiagoko neurria (ilara baten altuera) duena.
  • aparailu ertaina: 30 cm-tik 60 cm-ra bitarteko neurriak dituzten atalak dituena.
  • aparailu handia: 60 cm-tik gorako atalez egindakoa.
  • aparailu ziklopeoa: harri handiz egindako harlangaitza (Mizenas gotorlekuko harresia bezala).

Harrizko aparailu motak lanketaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harri zatien lantze lanaren sakontasunaren arabera sailkatzen dira paramentuak askotan artearen historian eta ondorioz arkitekturaren historian eta arkeologian. Juan José Trujillo Cebrián espainiar adituaren arabera, bi motatakoak izan daitezke:

  1. Harlanduzko horma. Landutako harriak erabiltzen dira, harlanduak (eskuairatutakoak), ondo moldekatutako blokeak osatuz, , normalean forma prismatikoa dutenak, erregulartasunez jartzen direnak, adreiluzko horma baten antzeko ilarak osatuz.
  2. Manposteria horma. Harri naturalak erabiltzen dira, landu gabeak (harlangaitzak), edo lanketa arinekoak (silarrixkak/harlanduxka/harlanduxkoak), haien arteko akoplamendua ahalbidetzeko.

Harlangaitzak eta silarrixkak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bien arteko desberdintasuna zera da, lehengoek ez dutela harriaren aurretiko lanketarik, eta silarrixken (edo harlanduxka, harlanduxko) kasuan, berriz, lanketa arina egiten zaie.

Harlangaitzezkoak landu gabeko harri zatiak dira, tamaina eta pisuagatik eskuen laguntzarekin bakarrik obran jartzeko aukera ematen dutenak. Forma eta tamaina irregularrekoak dira, gutxi gorabehera heterogeneoak, zer harri motatatik datozen eta zer adarretan harriz hornitu diren kontuan hartuta.[3]

Antzinako erromatar arkitekturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Opus (eraikuntza)»

Antzinako erromatar arkitekturan hainbat aparailu mota erabiltzen ziren, horien artean:

Mosaikoei ere "opus" esaten zitzaien eta horietako bat opus sectile zen, hormak egiteko teknika ez zena.

Adreiluen formatua finkoa izaten da eta harriarena baino erregularragoa. Horma bat egiteko modu jakin batean paratzeko diseinatuta daude, eta, horregatik, horma batean adreiluak ezartzeko modua, bai hormen neurrietan bai junturetan, bereziki zurruna da.

Luzeka
Zeharka
Pandereteka
Ingelesa

Hona hemen adreilu-aparailu mota batzuk:

  • luzekako aparailua: kanpora begira harlandu edo adreiluen luzetarako aurpegi estua jarriz eratzen dena[4]
  • zeharkako aparailua: kanpora begira adreiluen aurpegirik txikiena etzanda jarriz eratzen dena[4]
  • luze-zeharkako aparailua: luzeka eta zeharka jarritako adreiluak konbinatzen dituena[4]
  • panderete-aparailua: adreiluak luzeka baina ertzaren gainean jarriz egindako aparailua, aurpegi handiena kanpora begira uzten duena[4]
  • zehar-saiheskako aparailua: kanpora begira adreiluen aurpegi txikiena zutik jarriz eratzen dena[4]
  • azta-hereneko luzekako aparailua
  • aparailu konposatuak: besteak baino konplexuagoak, oinarrizko bi aparailuak (luzekakoa eta zeharkakoa) modu erregularrean konbinatuz eginak, eta batez ere begi bistan erabiliak, itxura eta esteka hobeak dituztelako:
    • aparailu belgikarra edo gurutzatua
    • aparailu gotikoa edo flamenkoa
    • aparailu ingelesa eta ingeles zaharra
    • aparailu holandarra

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Aparailu. Euskalterm, ivap.euskadi.eus (kontsulta data: 2026-2-1).
  2. (Frantsesez) Jean-Marie Pérouse de Montclos. (1988). Architecture. Méthode et vocabulaire. Éditions du patrimoine..
  3. «Ejecución de muros de mampostería. EOCB0108 -     Capítulo 2 Mampuestos y sillarejos» reader.digitalbooks.pro (kontsulta data: 2026-01-27).
  4. a b c d e Arkitektura hiztegia. Euskalterm 2024.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]