Edukira joan

Harridura-perpaus

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hiztunak bere sentimendu edo emozioak adierazteko erabiltzen duen perpaus-mota. Harridura-perpausei, amaieran, harridura-marka (!) ezartzen zaie beti.

Harridura-perpausak adierazpen soilak baino zerbait gehiago dira. Ekintza edo gertaera batek hiztunari sorrarazten dion sentimendu bat adierazten dute, harridura, ezustekoa, hain zuzen.

Aginte-perpausetan bezala, zenbait esaldi, esateko moduagatik, doinuagatik eta abarrengatik, harridurazkotzat har litezke. Baina badira bestelako ezaugarri formalak ere harridura adieraztean erabiltzen direnak. Haietako bat hitz-ordena da, eta, maiz, erakusleak erabiltzen dira:

  • Hura zen gizona hura!
  • Hau da patxada!

Beste bat, bai elementuaren erabilera:

  • Bai ederrak direla hemengo mutilak!

Eta, batez ere, perpaus nagusia ulertutzat eman litezkeen zenbait zehar-galdera:

  • Zenbat dakien mutil honek!
  • Zer pozik nagoen gaur!
  • Zenbat bider esan dizudan!
  • Zer politak diren argazki hauek! (ez, *zer politak dira argazki hauek!)

Horiek, itxuraz, perpaus bakunak dira, baina aditzak erakusten duen marka horrek ongi salatzen du egiazki perpaus txertatuak direla. Baina zein aditzen mende dauden ez da esaten. Pentsa liteke, agian, «harriturik nago» edo «harrigarria da» edo horrelako aditzen bat dagoela halako perpausen gainetik. Adibidez, aurreko adibide-saileko lehen perpausa honelatsu parafrasea liteke:

  • Harriturik nago mutil honek zenbat dakien ikusita.

Eta, gorago adierazi bezala, idazkerari dagokionez, esaldiaren azken muturrean harridura-marka (!) jarri ohi da. Zerbaitengatik dira harridura-perpausak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]