Edukira joan

Lankide:Ainara413/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Eusko Legebiltzarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Legebiltzarra Euskadiko legeak eratzen eta eztabaidatzen dituen erakundea da. Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak ordezkatzen ditu, eta gaur egun 75 eserleku ditu: 25 eserleku, autonomia erkidegoa osatzen duen herrialde bakoitzeko (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa). Lau urtean behin, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek sufragio unibertsalaren bitartez hautatzen dituzte 75 legebiltzarkide horiek. 2016ko urriaren 21ean bere XI. legegintzaldiari ekin zion. Azken honetan, legebiltzarraren konposaketa honako hau da:

Kideak 75
Alderdi politikoak     Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ): 28 eserleku     Euskal Herria Bildu (EH Bildu): 18 eserleku     Elkarrekin Podemos: 11 eserleku     Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra (PSE-EE): 9 eserleku     Euskadiko Alderdi Popularra (PP): 9 eserleku

Erakundeak lau funtzio nagusi ditu:legeguntza-ahalmena, aurrekontuak onartzea, Jaurlaritzaren jarduera bultzatzea eta Jaurlaritzaren gaineko kontrola bideratzea.

1.      Legegintza-ahalmena: Hiru jardunbide daude:

Jardunbide arrunta: Jaurlaritzak lege-proiektu bat aurkezten badu, Legebiltzarreko Mahaiak hura argitaratzeko agindu, zuzenketak prestatzeko epea zabaldu, eta gaiaren arabera eskuduna den batzordeari igorriko dio testua. Legeproposamenak direnean, lehenbizi, legebiltzarreko Osoko Bilkurak aintzat hartu beharko ditu ondorengo izapideei ekin dakien.

Presazko jardunbidea: Jaurlaritzaren, bi legebiltzar-talderen edo legebiltzarkideen 1/5en proposamenez abia daiteke presazko jardunbidea. Legebiltzarreko Mahaiari dagokio presazko jardunbidea erabil dadila erabakitzea. Presazko jardunbideaz baliatuz gero, jardunbide arruntaren faseak bete beharko dira, baina epe guztiak erdira laburturik.

Jardunbide deszentralizatua: Jardunbide deszentralizatua erabiltzen denean legeak, Osoko Bilkuran barik, batzordeetan onartzen dira. Beraz, Osoko Bilkurak ez ditu lege horiek eztabaidatzen. Garrantzi bereziko arloei buruzko legeak ezin dira jardunbide horren bitartez onartu (Ikus Eusko Legebiltzarreko Erregelamenduko 116. art.).

2. Aurrekontua onartu Legebiltzarrak EAEko Aurrekontu Orokorrak onartu baino ez du egiten, proiektua lantzea Jaurlaritzari baitagokio (estatutuko 44. art.). EAEko Aurrekontu Orokorrak jarduera publiko orokorraren diru-sarrerak eta diru-irteerak jaso behar ditu. Aurrekontu Orokorrak lege bitartez onartzen dira, Legebiltzarreko Erregelamenduko 123.-126. artikuluetan ezarritako jardunbideari jarraiki. Aurrekontuei buruzko proiektuak lehentasuna du legebiltzarreko gainerako eginbeharren aldean.

Zuzenketek kredituaren igoerarik badakarte, zuzenketa horiek beste kontzepturen batean kredituaren jaitsiera jaso beharko dute, onartuak izan daitezen. Gastuak gutxitzea dakarten zuzenketak izapidetu daitezen, Jaurlaritzak horien alde agertu beharko du.

3. Jaurlaritzaren jarduera bultzatu: Legebiltzarrak honako baliabide hauek ditu Jaurlaritzaren eginkizuna bideratzeko:

- Politika orokorrari buruzko eztabaidak:

- Ohikoak: lehendakariak bideratzen dituenak urteko batzarraldien lehenbiziko Osoko Bilkuran.

- Ezohikoak: gainerakoak.

- Legez besteko proposamenak: horien bitartez legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio jarduera edo adierazpen bat egin dezala.

D)  Jaurlaritzaren gaineko kontrola bideratu: Jaurlaritzaren gaineko kontrola bideratzeko Legebiltzarrak honako baliabide hauek erabili ohi ditu:

- Zentsura-mozioa (edo gaitzespen-mozioa): legebiltzarkideen 1/6aren eskabidez izapidetu behar da, eta gehiengo osoz edo absolutuz onartu.

- Konfiantza-mozioa: Lehendakariaren proposamenez izapidetzen da, eta gehiengo soila aski da legebiltzarraren konfiantza eskuratzeko.

- Lehendakariorde lehenaren kontrako gaitzespen-mozioa.

- Sailburu baten kontrako gaitzespen-mozioa.

- Legegintzako dekretuen gaineko kontrola.

- Galderak eta interpelazioak: Jaurlaritzari edo Jaurlaritzako kideren bati zuzenduak.

Organo parlamentarioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Legebiltzarreko Lehendakaria: Legebiltzarraren ordezkotza du beste organoekiko harremanetan, eztabaidak eratzen eta zuzentzen ditu, araudia betearaziz. Zigortzeko eta Erakundearen barne-jaurbideko ahalmenak ere baditu.

Mahaia: Legebiltzarraren organo nagusia da. Legealdiaren hasieran Osoko Bilkurak hautatzen du eta lehendakariak, bi lehendakariordek eta bi idazkarik osatzen dute. Organo honek erakunde-izaerako egitekoak burutzen ditu, hona nola, tramitatzen diren dokumentuak kalifikatu eta onartu, eta Legebiltzarreko barne-administrazioaren zuzendaritza egin.

Bozeramaileen Batzordea Legebiltzar-talde ezberdinetako Bozeramaileek osatzen dute, eta organo hau izaeraz, Mahaiaren alderantziz, era zuzenagoan alderdi-aldekoa da, bertan indar politikoen jarrerak adierazten baitira legebiltzarreko lan eta eztabaidak prestatzeari buruzkoan.

Batzordeak laneko taldeak dira, eta horiei banatzen zaizkie Osoko Bilkuran zuzenean aztertzen ez diren eta -Legebiltzarrak aztertzen dituen gaien ezberdintasunaren handia dela eta-, heltzen zaizkien gaien arabera, beraiez aztertzea komenigarri egiten duten gaien tramitazioa. Batzordeak talde guztietako ordezkariez osatuak daude, bakoitzaren kopuru-aldetikako garrantziaren heinean. Aldi berean, Batzordeek ponentziak -gai jakin bat aztertzeko talde txikiagoak- sor ditzakete.

Diputazio Iraunkorrean Legebiltzarra ohizko bilkuraldietatik (irailetik abendura eta otsailetik ekainera) kanpo aurkitzen eta presazko gaiei heldu behar zaienean aritzen da, Legebiltzarraren jarraitasuna honela segurtatuz. Kasu hauetan, Erregelamendua eta Gobernurako Batzordea da Diputazio Iraunkor gisa aritzen dena

Osoko Bilkura da Legebiltzarraren organo garrantzitsuena. Legebiltzarreko kide guztiek osatzen dute, eta garrantzirik handieneko gaiei buruzko eztabaidak egin eta erabakiak hartzen ditu. Horko bilkuretara (berak lehendakariaren esanetara egiten dira) Jaurlaritza eta Legebiltzarrak berak hautatutako Senadoreak joan daitezke

Eusko Legebiltzarraren sorrera 1979ko Gernikako Estatuaren ondorioa da. 1980ko martxoren 31 egin zen Legebiltzarraren lehen bilkura, Batzar Nagusien egoitzan.

Behin-behineko lehen egoitza:

Hiru hilabete bitarteak, 1980ko martxoaren 30etik 1980ko ekainaren 30era, Eusko Legebiltzarrak Bizkaiko Foru Aldundiaren bulegoetan jardun zuen. 1980ko ekainaren 12an egin zen egoitza horretan azken osoko bilkura.

Behin-behineko bigarren egoitza:

1980ko uztailaren 1etik 1982ko urtarrilaren 31ra bitartean Arabako Foru Aldundian jardun zuen Eusko Legebiltzarrak bere jarduera administratiboa. 1982ko otsailaren 11n egin zen egoitza horretan azken osoko bilkura.

Behin betiko egoitza:

1982ko otsailaren 1etik Gasteizko Becerro de Bengoa kaleko eraikinean dago Eusko Legebiltzarraren behin betiko egoitza. 1982ko martxoaren 24an egin zen lehen osoko bilkura oraingo legebiltzar-etxean. Kalearen beste aldean administrazio-etxea ezarri zen 2000. urtean, legebiltzarraren instalazioak handituz.

Legebiltzar-etxea XIX. mendearen erdi aldera eraiki zen, Pantaleón Iradierrek irakaskuntza ertaineko institutu bat egiteko atondutako proiektu bati jarraituz. Institutuak 130 urtez jardun zuen eraikin honetan. Hirurogeiko urteetan institutua, Ramiro de Maeztu izena baitzuen ordurako, gaur egun kokatuta dagoen lekura ekarri zuten.

Ikastetxe honek berebiziko garrantzia izan zuen hiriaren historian. Institutuko lehen irakasleek jarduera zientifiko eta kultural oparoa eragin zuten, ikastetxearen irakas-lanaz harago joan eta hiritik kanpora hedatu zena. Euskaldun ospetsu askok ikasi zuten eta azterketak egin zituzten ikastetxe honetako ikasgeletan, hala nola Manuel Iradier, Ricardo Becerro de Bengoa, Federico Baraibar, Julián de Apraiz eta beste askok, zeinen deiturek Euskadiko erakunde komunen egoitza den hiriko beste hainbat kale bataiatu baitituzte. Geroago, ikasle haietako batzuk berriro itzuli ziren etxe honetara legebiltzarkide bihurtuta.