Lankide:Andre 53D/Alemania nazia

Wikipedia, Entziklopedia askea

==ALEMANIA NAZIA==

1918ko azaroan, Gilen II.a enperadoreak abdikatu ondoren, eta Lehen Mundu Gerrako guduek jarraitzen zuten bitartean, Alderdi Sozialdemokratak (SDP) errepublika aldarrikatu zuen Berlinen, eta alderdiko buruzagi Ebbert kantziler (gobernaburu) izendatu zuten. errepublika sortu berriak hainbat arazori egin behar izan zion aurre berehala: aliatuekin sinatu beharreko armistizioari, ezker muturreko nahiz nazionalismo eskuindarreko altxamendu-saioei, eta gerraosteko arazo ekonomiko eta politiko larriei.


==WEIMARKO ERREPUBLIKA==

1919ko urtarrilean, Errepublika sortu berriak espartakisten altxamenduari egin behar izan zion aurre; talde hori boltxebikeen bidean jarraitzearen aldekoa zen, eta errepublika sozialista ezarri zuen. Sozialdemokratek, armadaren eta ofizial nahiz soldadu ohien kidego boluntarioen languntzaz, matxinada indarrez zapaldu zuten, eta talde horretako buruzagiak (Karl Liebknecht eta Rosa Luxenburgo) hil egin zituzten.


Krisi-egoera horretan, Biltzar Konstituziogilea eratzeko hauteskundeak izan ziren. Biltzarra Weimar hirian bildu zen, eta konstituzioa egin zuten; haren bidez, errepublika federala ezarri zen, printzipio demokratikoetan oinarritzen zena (bai gizonezkoen bai emakumezkoen sufragio unibertsala). Errepublikako presidentea zazpi urtean behin hautatu behar zen, eta botere bereziak zituen. Kantzilerra edo gobernaburua presidenteak izendatzen zuen, baina parlamentuaren (Reichstag) babesa behar zuen. Ebbert sozialdemokrata hautatu zuten errepublikako presidente izateko.


Hauteskundeetan, hiru alderdi handi moderatuenek (Zentroko Alderdia, Alderdi Demokrata edo DDP, eta Alderdi Sozialdemokrata) botoen %76,2 ortu zuen, eta koalizio-gobernua eratu zuten: Weimarko Koalizioa esaten zaio. Gobernu eratu berriaren lehen erabakia Versaillesko Ituna sinatzea izan zen: itun hori umiliagarria izan zen alemaniarrentzat, oso zorrotza baitzen, eta errepublikarentzat zama astuna izan zen. Lehen Mundu Gerrak oso ondorio ekonomiko negatiboak izan zituen Alemanian (inflazioa eta markaoren debaluazioa), baina ondorio horiek are gehiago larriagotu ziren herrialde horri inposatu zizkioten gerra-ordain izugarrien ondorioz.


Errepublikaren lehenengo urteetan, ezegonkortasun ekonomiko larria zegoen Alemanian; bereziki, 1922tik 1923ra bitartean; izan ere, hiperinflazioa zela-eta, herrialdeko ekonomiak behea jo zuen. Egoera horretan, atsekabe handia sortu zen bai gizartean, bai politikan, eta biztanleriak gero eta mesfidantza handiagoa zuen sistema errepublikanoarekiko. Horrenbestez, langileen mobilizazioak areagotu ziren eta armadako sektore batzuk eta nazionalismo ultraeskuindarra estatu-kolpea jotzen saiatu ziren, zenbait aldiz. Giro horretan, politika erradikalizatu egin zen eta demokraziak babesa galdu zuen.


1924tik 1929ra bitartean, Weimarko Errepublikak egonkortasun-aldia izan zuen, Lehen Mundu Gerran garaile izandako potentziek Alemaniari krisitik irteteko laguntza ematea erabaki baitzuten. Dawes Planari esker (1924), ekonomia hobetzen hasi zen; eta Locarnoko Itunaren bidez (1925) Alemania Nazioen Elkartean sartu zen, 1926an. Horrela, nazioarteko egoera normalizatu egin zen.



==NAZISMOAREN HASTAPENAK==

1919an, liberalismoaren aurkako-eta arrazismoaren aldeko propaganda hedatzen zuten alderdi nazionalistetako bat sortu zen Munichen: Alemaniar Langileen Alderdia (DAP). Hitler alderdi horretan sartu zenean hasi zen nazionalsozialismoaren edo mugimendu naziaren historia. 1920an izandako biltzarra Hitlerrek zuzendu zuen; bertan, alderdiaren 25 puntuko programa landu zuten, eta alderdiaren izena aldatu zuten: aurrerantzean, Alemaniar Langileen Alderdi Nazional Sozialista (NSDAP) izango zen. Urte horretan bertan sortu zen SA: talde paramilitarra zen, eta berehala hasi zen indarkeria erabiltzen aurkaritza egiten zioten taldeen aurka.


Ideologia nazia gizarte-klase guztietara bideratutako postulatu multzo nahasia zen. Italiako faxismoak bezala, kapitalismoaren aurkako sozialismo nazionala defendatzen zuen. Horren bidez, sozialismo marxistan ez bezala, klaseen arteko gatazkak “nazioaren interes gorenen” mesedetan gainditu nahi zituzten. Baina programa horretako ideia nagusiak bi izan ziren. Alde batetik, diktadura nazionalista indartsua ezartzea, arrazari nahasi gabe eusteko eta Alemaniaren etsaiak desagerrarazteko: demokratak, marxistak eta juduak. Bestetik, alemaniar guztiak Alemania Handi batean biltzea, arraza arioaren garapena ziurtatuko zuen bizi-espazioa eratuz.


Hitler alderdiko buru izendatu zuten 1921ean, eta egitura elitista eta hierakizatua ezarri zuen NSDAPren baitan; führera (buruzagia) zen erakundearen euskarri nagusia.


1923an, hiperinflazioa zegoen Alemanian, eta frantziar-belgikar tropek Ruhr okupatu zutenean, asaldura nazionalista areagotu zen. Orduan, talde ultranazionalista eskuindarrek -Hitler eta bere alderdi txikia barne- estatu-kolpea prestatu zuten: Municheko putscha esaten zaio. Baina erabateko porrota izan zuen, eta Hitler espetxeratu egin zuten.


1925ean, espetxetik irten ostean, Hitlerrek alderdia birsortu zuten, eta bere programan zenbait aldaketa egin zituen, gizarte-babesa sendotzeko. Kapitalismoaren aurkako postulatuak mugatu zituen, baina hal ere, finantzari juduen aurka egiten jarraitu zuen. Gainera, Alemanian zegoen joera antisemita eta antikomunista indartsua eta Versaillesko Itunarekiko desadostasuna baliatu zituen. Estrategia aldatu zuen, bere alderdia masa-mugimendu bihurtzeko. Parlamentu-sistemako arauak onartzea erabaki zuen, eta hainbat bitarteko erabili zituen boterea lortzeko; propaganda, mitinak, ibilaldiak, uniformeak eta instrukzio militarra.