Lankide:Anepastrian leirenarraspe anialopez/Proba orria
Anepastrian leirenarraspe anialopez/Proba orria | |
---|---|
Deskribapena | |
Identifikatzaileak |
Oin-zolako faszitisa oin-zolaren fasziaren endekapenezko sindromea da, honen jatorrian, kalkaneoan, behin eta berriz errepikatzen diren traumen ondorioz sortua. Pertsona helduetan oinean eta orpoan sortzen diren minen arrazoi nagusia izaten da[1].
Batez ere atleta eta korrikalarietan agertzen den gaixotasuna izaten da nahiz eta gainontzeko pertsonetan ere ager daitekeen. Bi kasuetan %10eko batean izaten da oineko minaren arrazoia.
Fasziak burutzen duen funtzioa bikoitza da. Izan ere, oineko luzetarako arkuari sostengu edo euskarria emateaz gain, hanka eta oinaren indargetzailetzat funtzionatzen du. Hala ere, gaixotasun honen sintomak pairatzen direnean, funtzio hauek murriztuak egongo dira.
Nahiz eta bere etiologia oso argi ez dagoen, oso gertagarria da honen kausak anitzak izatea eta gaixotasunaren agerpenean eragile desberdinek parte hartzea: Pisu igoera, gehiegizko ariketa fisikoa, oinetako desaproposak...
Oin-zolaren anatomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Anatomiari dagokionez, oin-zolako faszia ez da berez faszia bat, luzetara antolatuta dauden zuntz zuriez osatutako oinzolako aponeurosi tendinotsua baizik.
Ehun fibrotsu edo zuntzezko hiru zutabez osatuta dago:
- Erdialdekoa
- Kanpokoa edo laterala
- Barnekoa
Kanpoko eta barneko zutabeak kalkaneotik hedatzen dira eta bostgarren eta lehenengo behatzen abduktoreen azalera estaltzen dute, hauen jatorrira iristen direlarik.
Erdialdeko zutabea oin-zolako faszia deritzonaz ezagutzen da. Bere hurbileko eremuan lodiagoa eta estuagoa da eta kalkaneoaren erdiko tuberkulutik behatzetarantz hedatzen da. Urruneko zatia, aldiz, finagoa eta zabalagoa du, eta abaniko baten antzera irekiaz, beste bost zutabetxoetan banatzen da metatartsianoen buruetara iritsi baino lehen, behatz bakoitzarentzat zutabetxo bana izanik.
Zuntz hauek guztiak atzerantz dute euren jarraipena; hortaz, Akilesen tendoiaren jarraipentzat jotzen dira.
Oin-zolaren biomekanika eta funtzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Faszia honek oin-zolako arkua finkatzen eta mantentzen du eta energiaren gordeleku gisa jarduten du, bere ezaugarri biskoelastikoei esker, propultsioaz askatuz eta falangeetara tentsio-indarrak transmitituz; ibiltzean, indibiduoaren pisu osoa bat edo birritan xurgatzen du (korrika egitean, pisuaren bikoitza xurgatzera hel daiteke) eta behatzen hezurretara sakabanatzen du, indargetze-mekanismo gisa, metatartsianoen buruen azpian aurkitzen diren ehun malguak babestearren[1].
Orientazio egokia edukitzea funtsezkoa da, horrek ahalbidetuko baitu oina zorura moldatzea, pronazio eta supinazio-mugimenduak kontrolatzea eta barneko luzetarako arkua egonkortzea. Arku honek ez badu bere funtzioa egoki burutzen, fasziaren ehuneko estresa handitu egingo da.
Faszitisaren etiologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oso argi ez dagoen arren zein den gaixotasun honen etiologia, kausak anitzak izatea oso gertagarria da. Gainera, agerpen horretan eragiten duten faktoreak intrintsekoak (anatomiko eta biologikoak), estrintseko edo funtzionalak (azalera gogorrak, oinetako ez aproposak) edo arrisku faktoreak (40 urte baño gehiago izatea, muskulu ahultasuna...[2]) izaten dira. Deskribatu diren kausa batzuk hurrengo hauek dira:
Kausa mekanikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Periodo oso luzeak zutik mantentzea, pisu asko duten zamak jasatea, intentsitate handiaren ondorioz mikrotraumak jasatea.
Kausa anatomikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Oin kurbatoa, oin zapala, obesitatea
Kausa tisularrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Orpoaren ehun adiposoaren endekapenezko aldaketak, kolagenoaren, uraren eta AP-ren elastikotasunaren murrizketa eta muskulu intrintsekoen indarren murrizketa.
Gaixotasunaren seinale eta sintomak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oin-zolako faszia oinaren arkua mantentzeko tentsioa sortzen duen soka indargetzaile bat da. Gehiegizko tentsioa eta estresa sortzen baldin bada soka honetan, urrapen txikiak sor daitezke oinzolako faszian eta honen luzaketa eta urraketa errepikatuak eragiten dute faszia narritatzea eta sututzea.
Atsedenean, oinaren tolespen bentralean, faszia uzkurtzen da eta mina sorraraz daiteke. Ibiltzean, behatzen dortsiflexioak zuntzak hedatzen ditu eta ezegona areagotu dezake, baina normalean min hau egunean zehar gutxitzen doa.
Inflamazio patologikoaren erantzulea hezur kalkaneoaren tuberositate medialetan sortzen diren mikrotraumen errepikapenak dira (faszia oineko hezur honetan ezartzen da). Ondorioz, gune honetan aldaketa degeneratiboak ager daitezke, eta kalkaneoaren espoloi eta zonaldeko nerbioetan (oin-zolako alboko nerbioaren adar kalkaneo mediala eta 5. behatzaren nerbio tolestatzailea) eragin dezake.
Tratamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ohikoak edo erabilienak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oin-zolako faszitisa tratatzeko mekanismo ohikoena terapia fisikoa da. Hau luzaketak, indartze edo sendotze ariketak eta masoterapia deritzona egitean datza.
Lehenik, mina neurri kontserbatzaileekin tratatu behar da; antiinflamatorio ez esteroideoak, barne-zolak, hesgailuak, gauetako ferulak edo zapata egokiak erabiliaz, besteak beste.
Beste aukera terapeutikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nahiz eta hurrengo tratamendu hauek oso ohikoak ez izan, gaixotasun honen hobekuntzarako ere erabiliak izaten dira aukera terapeutiko hauek:krioterapia, ultrasoinuak eta iontoforesiak bezalako edota terapia magnetikoa, laserra[3], akupuntura, talka uhinak[4] edo infiltrazio lokalak bezalako beste neurri batzuk.
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kasuen %95ean, tratamendu kontserbatzaileak emaitza oso onak dauzka. Hala ere, baliteke tratamendua hasi eta 6 hilabeteren buruan hobekuntzarik ez egotea. Kasu hauetan, metodo inbasoreagoak erabiliko dira: kortikoide[4] eta faktore plaketarioen infiltrazioak, adibidez. Azken aukera gisa ebakuntza edo fasziotomia praktikatuko da[5]: Ebakuntzaren teknikaren helburu nagusia oin-zolaren faszia askatzea da, endekatutako guneak eta kalkaneo espoloia (egotekotan) kenduz. Ebakuntza ostean, oinaren inmobilizazioa emango da igeltsuaren bidez gutxienez 3 asterako eta ondoren, euskarri funtzioa duen barne-zola jarriko zaie pazienteei.
Susperraldirako epearen media 10-12 hilabetekoa da. Kontuan hartu behar da tratamendu goiztiarra aplikatzeak sendatzeko arrakasta nabarmen handitzen duela.[6]
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Gaztelaniaz) López Pérez, Diego. (2014). FASCITIS PLANTAR. Universidad de Valladolid.
- ↑ (Gaztelaniaz) FASCITIS PLANTAR. Rev. Ciencias Médicas, 206-213 or..
- ↑ Wang, Wei; Jiang, Weifeng; Tang, Chuanxi; Zhang, Xiao; Xiang, Jie. (2019-1). «Clinical efficacy of low-level laser therapy in plantar fasciitis: A systematic review and meta-analysis» Medicine 98 (3): e14088. doi: . ISSN 1536-5964. PMID 30653125. PMC PMCPMC6370152. (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
- ↑ a b Li, Shuxiang; Wang, Kun; Sun, Han; Luo, Xiaomin; Wang, Peng; Fang, Sheng; Chen, Haifeng; Sun, Xiaoliang. (2018-12). «Clinical effects of extracorporeal shock-wave therapy and ultrasound-guided local corticosteroid injections for plantar fasciitis in adults: A meta-analysis of randomized controlled trials» Medicine 97 (50): e13687. doi: . ISSN 1536-5964. PMID 30558080. PMC PMCPMC6320028. (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) López Capapé, David. FASCITIS PLANTAR. (Noiz kontsultatua: 2010).
- ↑ (Gaztelaniaz) Díaz López y Guzmán Carrasco, Ana María y Patricia. (2014). Efectividad de distintas terapias físicas en el tratamiento conservador de la fascitis plantar. Rev. Esp. Salud Pública, 157-178 or..