Lankide:Igor Altube/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Igeriketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igeriketa zorua ukitu gabe uretan mugitzeari buruz dihardun kirol bat da[1].Jarduera fisiko gehienek oinarrizko trebetasun batzuk behar dituzte, normalean pertsonaren ohiko garapenean zehar eskuratzen direnak alegia (ibiltzea, korrika egitea, jauzi egitea, jaurtitzea, etab.), igeriketaren eta uretako jardueren kasuan, ezinbestekoa da aurretik lortzea ur-ingurunearen oinarrizko menderatze-maila bat, beste modu batez esanda, igeri egiten jakin behar da.Uretako jarduerak, oro har, eta igeriketa bera, uretan praktikatzen diren jarduerak dira.

Igerileku gehienak normalean, 25 m-koak dira baina zenbait kasutan, txapelketa olinpikoetan 50m-koak dira.

Materialari dagokionez, igeri egiteko, zenbait gauza behar dira, bainujantzia, toaila, txapela, uretako betaurrekoak eta txankletak.    

Igeriketa eta espezialitateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizimoduan izandako aldaketak eta bilakaera, azpiegituren hobekuntza, hedabideen eragina, eta adin-etapa guztiak jarduera fisikoan murgildu izana, hauek guztiak erabakigarri gertatu dira Igeriketa terminoaren ordez Uretako Jarduera terminoa erabiltzeko; azkeneko hau askoz zabalagoa da, eta aukera eta ikuspegi guztiak biltzen ditu. Onartu eta arautzen dituen igerilekuko kirolak lau dira: Igeriketa, Igeriketa Sinkronizatua, Jauziak (tranpolin zein palankatikoak) eta Water-poloa. Beste kirol espezialitate batzuk badira ur-ingurunean garatzen direnak.

Laburpen historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakin ez dakigu igeri egitea noizko kontua den, eta lehen nola egiten zuten igerian ere ez dakigu, baina gizakiaren eta uraren arteko harremana haren sorreraren unetik beretik dator; izan ere, biziraupeneko zein boterea izateko baliabidea zen, edo jolasteko zein plazerra eskuratzeko modua, eta lehiarako tresna ere izan da, gure garaiotatik askoz hurbilago bada ere.

Lehiak uhaska, urmael, ibai edo portuetan egiten zituzten, lehenbiziko igerilekuak eraiki zituzten arte. Instalazio hauek neurri desberdinekoak izaten ziren, harik eta Amateur Igeriketaren Nazioarteko Federazioak neurriak arautu zituen arte; gaur egun, 50 metro edo 25 metrokoak dira Europan (Estatu Batuetan, berriz, 25 yardakoak erabiltzen dituzte, baina Nazioarteko Federazioak ez ditu onartu).

1875ean, Webb kapitainak igerian zeharkatu zuen Mantxako Kanala. 1896an, Grezian izan ziren lehenbiziko Joko Olinpikoak zirela aprobetxatuz, estreinako igeriketa probak egin zituzten, nahiz eta partaidetza handirik ez izan.1900az geroztik, bizkar-igeriketako eta estilo libreko probak jarri zituzten, eta azkeneko hauetan igerilari bakoitzak bere estiloak proba zitzakeen; halaz, estiloak bizkor aldatuz joan ziren. Hogeita hamarreko urteetan zehar modu librean egiten zuten igeri, eta igerilari gehienek crawl, bizkar-igeriketa -besoak aldi berean ateraz uretatik- eta bular-igeriketa lantzen zuten; azken honetan, igerilari batzuek beso biak aldi berean ateratzen zituzten uretatik, eta polemika handiak sortu ziren; gorabehera asko sortzen ari zelarik, eta ikusita igerilariak baztertzen ari zirela bular-igeriketa klasikoa “tximeleta erako bular-igeriketa” iraultzaile horretara igaroz, Nazioarteko Federazioak erabaki zuen estilo berri hori arautzea, eta 1953az geroztik estilo berri horri “tximeletaigeriketa” esaten diogu.

Lehiako igeriketak txapeldun handiak eman ditu, eta hauek jarraitu beharreko eredu bihurtu dira mundu osoko igerilari askorentzat; Kahanamoku printze hawaitarrak, Estokolmo (1912) eta Amberesko (1920) olinpiadetan txapeldun izandakoak, crawl estiloa erakutsi zuen, eta geroago J. Weissmuller jarri zuten betiko txapeldun handienen mailan, ze txapeldun olinpikoa izan zen, munduko errekor pila bat ondu zuen, gainera, mundu osoan jarraitzaileak lortu zituen, are gehiago Tarzanen filmetan protagonista izateaz geroztik.

1912an dagoeneko emakumeak ari ziren Joko Olinpikoetako lehietan, eta ordurako urte asko zeramaten erakustaldi eta lehia desberdinetan parte hartzen. Pixkanaka-pixkanaka, igeriketa kirol olinpiko bihurtu zen, eta igerilarien helburu nagusia Olinpiadetako urrea eskuratzea zen, horixe izaki saririk preziatuena; 1972an mutil amerikar batek eta emakume australiar batek une ezin garrantzitsuagoa markatu zuten mundu mailako igeriketan, jende guztiaren arreta bereganatuz; Shane Gould australiar neskatoak hiru proba irabazi zituen, eta zilarra eta brontzea eskuratu zituen beste bitan, 15 urte besterik ez zuela; Mark Spitz-ek, berriz, Mexiko 68an dagoeneko domina bat lortua zuenak, iragarri zuen urrezko zazpi domina eskuratuko zituela; iragarpenaren berria mundu osoko prentsara heldu zen; Spitz-ek, sekula ikusi gabeko dohainak zituela, bete egin zuen iragarritakoa, eta igeriketa beste kirol guztien gainetik agertu zitzaigun; halaz, bide batez, Spitz-ek etengabeko bilakaeran murgilarazi zuen igeriketa modernoa, maila guztietan ere eguneroko praktika bihurtuz. Igeriketak aurrera segitzen zuen, eta hortxe ditugu, bakar batzuk besterik ez aipatzeko, Kornelia Ender alemaniarra, hirurogeita hamarreko Igeriketan nagusi izan zena; Roland Matthes, bizkar-igerilari alemaniarra, bere estilo eta dotoreziaz bizkar estiloa egungo mailara ekarri zuena; Mat Biondi, olinpiadetan zortzi domina bildu zituena, hainbat mundu errekorrekin batera 80ko urteetan zehar.

1907an Club Natación Barcelona sortu zen. Fundazio honetatik aurrera, hainbat talde hasi zen gauza bera egiten, eta beste klub batzuk sortu zituzten hala kostaldean nola barrualdean; klub aipagarrienen artean daude, besteak beste, C.N. Sabadell, Real Canoe, C.N. Metropole, C.N. Barcelona, C.N. Mediterrani, baina guztira 800 klub baino gehiago biltzen dira, gaur egun, Igeriketaren Espainiar Federazioan.

Uretako jarduerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo planteamendu hauek bereizten dira Uretako Jardueretan:[2]

1-Erabilgarritasunaren planteamendua.- Mugimendu-autonomia eta uretan moldatu ahal izatea lortzeko oinarrizko ikasketan oinarritzen da. Oinarrizko desplazamenduak, geratzea, norabide-aldaketak, eta oinarrizko murgil egitea. Hauxe da funtsezko planteamendua erakunde askok antolatzen dituzten Igeriketa programa gehienetan. Batik bat ingurunea menderatzen jakitea da kontua, “ez itotzeko moduan” hain zuzen ere.

2-Heziketa-Eskola Planteamendua.- Honen helburua ikasleen prestakuntza integrala osatzea da, ura erabiliz Heziketa Fisikoaren beste baliabide bat bailitzan; planteamendu hau batez ere eskola inguruan garatzen da. Oso generikoa da, eta epe ertain edo luzerako aurreikusten da, ikaslearen garapen psikomotorea bilatuz uraren bidez. Planteamendu honetarako adina eskolaldiko adin berbera izan ohi da.

3-Lehiako Planteamendua.- Kirolariak prestatzea eta entrenatzea da honen helburua; azken batean, errendimendua lortzea, eta Igeriketaren kirol espezialitateak sartzen dira honetan.

4-Jolaseko planteamendua.- Jolas motako jarduerak sustatzea eta eskaintzea da honen helburua, betiere ur-barruti hori toki dibertigarri eta sozializatzaile bihurtzeko ahaleginean, higiene-ohiturak edo jarduera fisikoaren praktikaren mantenamendua indartuz igerilekuetako erabiltzaileen artean.

5- Osasuneko Planteamendua.- Ikuspegi honek hainbat kontzepzio biltzen du, nahiz eta guztiek duten halako antzeko muin bat. Helburu nagusia osasun egoera hobetzea da, mantenamendu fisikoaz, berreziketa funtzionalaz, eta talde edo pertsona-multzo espezifiko batzuentzako jardueraz, esate baterako hirugarren adinekoei edo elbarritasun fisiko, psikiko edo sentsorialak dituztenei zuzendurik. Estimulazio goiztiarra, umetxoak, fitnessa, haurdunaldia, etab.

URETAKO JARDUERETAKO PLANTEAMENDU POSIBLE NAGUSIAK
ERABILGARRIA ……………………… “Igerian ikastea”. Uretan moldatzen jakitea.
HEZKUNTZA / ESKOLAKOA ………… Prestakuntza integrala. Kirol hastapena.
JOLASEKOA …………………………… Aisialdia - dibertsioa. Laketeko kirola.
LEHIAKOA ……………………………… Errendimendu altuko kirolak.
OSASUNA / HIGIENEA ………………… Berreziketa, fitness, ongizate fisiko eta psikikoaren hobekuntza.

Igeriketaren edukiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen-lehenik oso garrantzitsua da ur-ingurunearen eta lehorrekoaren arteko oinarrizko aldeak ezagutzea, praktika horretan abiatzen denak alde horiek pairatuko baititu. Alde edo diferentzia hauek funtsezkoak dira, edozein jarduera proposatzeko unean; izan ere, urak sortarazten dizkigun sentsazio desberdin horiek ez gainditzeak porrotera eramango du proposamen oro, izugarri didaktiko edo motibagarri izanik ere. Uretan sartzean, pertzepzio, orientazio, propultsio eta arnasketa mekanismoek aldaketa bat jasango dute.[3]

Uretako jarduera fisikoaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1-Arnasketa

Uretan gaudenean, arnasketaren mekanika batik bat arnasa ahotik hartu eta botatzea da; sudurra bakar-bakarrik airea botatzeko erabiliko da, eta zaindu behar da sudurzuloetatik urik sar ez dakigun.


2- Pertzepzioa eta orientazioa.

Uretan egotearen eraginez erreferentziak aldatu egiten dira; esate baterako, normalean ikuspegi horizontala izango da, eta horrela segmentuak kokatzeko, gorputza orientatzeko eta beste zenbaitetarako gure printzipioak nahiko aldatzen dira.

3- Propultsioa

Uretan desplazamendua eragiten duen oro propultsioa da. Lehorrean, zangoak funtsezkoak dira, eta oinarriak sendoak eta egonkorrak, baina uretan besoak garrantzitsuagoak dira, eta oinarriak, berriz, sendotasun gutxikoak; ondorioz, desplazatzeko indarraren transmisioa oso desberdina da.


4-Igerilekua

Igerileku mota desberdinak daude. Hauen arabera antolatu beharko dira lortu nahi ditugun helburuak, hauetarako estrategiak, eta jarduerak berak. Igerileku batean alderdirik garrantzitsuena sakonera izango da. Halaz, igerileku sakonak ditugu, sakonera txikikoak, eta igerileku mistoak.

Kirol espezialitateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igeriketak, araututako kirol jardueraren ikuspegitik, hainbat proba biltzen ditu bere lehiaketetan, egin beharreko bidearen eta estiloen arabera antolaturik. Igeriketaren estilo ofizialak lau dira; crawl, bizkar-igeriketa, bular-igeriketa eta tximeleta-igeriketa. Banakako estilo-probak ere izaten dira, lau estiloak erabiliz alegia distantzia berean. Estiloetako bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu, bai teknikari bai arauei dagokienez. Proben distantziak ere aldatu egiten dira estiloen arabera, eta gaur egungo lehiaketa olinpikoetan hurrengo proba ofizial hauek izaten dira lehiaketa-programaren barruan:[4]


50 m libre

100 m libre

200 m libre                             

400 m libre

800 m libre (emakumeak bakarrik)     

1.500 m libre (gizonezkoak bakarrik)

100 m bizkar-igeriketa

200 m bizkar-igeriketa

100 m bular-igeriketa

200 m bular-igeriketa

100 m tximeleta-igeriketa        

200 m tximeleta-igeriketa

200 m estiloak banaka

400 m estiloak banaka

Erreleboak 4 x 100 libreak     

Erreleboak 4 x 100 libreak

Erreleboak 4 x 200 libreak [5]

Jarrerak eta balioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Instalazio akuatikoak, erabiltzaileen segurtasuna eta higienea babesteko propio diseinatuta dagoen arautegiaren ondorioz, ezinbestez izango da beti gogoan izatea puntu hauek:[6]

- Dutxak erabiltzea bainatu aurretik eta ondoren.

- Bainuko txanoak erabiltzea.

- Oinen eta arroparen higienea. Infekzioak saihestea.

- Barrutiaren txukuntasuna. Ez erabili oinetako desegokirik.

- Uretako higienea.


Azkenik, kirol praktikak berezko balio batzuk ditu, besterik gabe praktika justifikatzen duten balio batzuk; eta gogoan izan behar dira balio horiek. Hona hemen:

-Norberaren mugak gainditzeko nahia.

-Galtzen eta irabazten ikastea.

-Norberaren eta taldearen diziplinaren balioa.

-Talde barneko integrazioa.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


  1. Igeriketa. 2019-11-27 (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
  2. Guerrero Luque, Rafael.. (D.L. 1991). Guía de las actividades acuáticas : instalación y recursos : los programas. Editorial Paidotribo ISBN 84-86475-83-X. PMC 29393985. (Noiz kontsultatua: 2020-03-30).
  3. Guerrero Luque, Rafael.. (D.L. 1991). Guía de las actividades acuáticas : instalación y recursos : los programas. Editorial Paidotribo ISBN 84-86475-83-X. PMC 29393985. (Noiz kontsultatua: 2020-03-30).
  4. «Historia de la natación» www.i-natacion.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
  5. Navarro Valdivielso, Fernando.. (D.L. 1995). Hacia el dominio de la natación. Gymnos ISBN 84-85945-65-4. PMC 40171867. (Noiz kontsultatua: 2020-03-30).
  6. Natación. Aura D.L. 1992 ISBN 84-214-0427-X. PMC 433872390. (Noiz kontsultatua: 2020-03-30).