Lankide:MBIruretagoyena/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Forma: Laukizuzena da, gris kolorekoa eta duen diseinu trinko eta arinagatik bereizten da. PS One bertsioa atera zutenean, tamaina eta pisua are gehiago murriztea lortu zuten, muturretako ertzak gehiago borobildu zituzten eta kolore grisa argitu zuten.
    "PlayStation One" edo "PS One" PlayStation-aren bigarren bertsioa izan zen.
  • Goiko aldea: Bertan dago disko trinkoen CD irakurgailua eta haren estalkia irekitzeko botoia, baita pizteko, itzaltzeko eta berrabiarazteko botoia (reset) ere. PlayStation One bertsioan, berrabiarazteko botoia pizteko botoia dagoen aldean jarri zuten, jatorrizko PlayStationean bezala.
  • Aurrealdea: Kontsolaren aurrealdean, aginteak konektatzeko pare bat konektore daude, eta goialdean memoria txartelak txertatzeko bi ataka edo zirrikitu. Bideo-jokoen bosgarren belaunaldian, joko luze asko agertu ziren eta halakoetan memoria-txartelak beharrekoak gertatzen ziren, jokoan aurreratutakoa edo jokoaren pertsonalizazioa gordetzeko.
  • Atzealdea: Bertan ataka paralelo bat, serie ataka bat, elikatze-iturrirako sarrera eta audiorako eta bideorako A/V irteera daude. Sonyk kontsolaren azken bertsioetan ataka paraleloa kendu egin zuen, ustez bere bideo-jokoak pirateatzeari aurre egiteko. Izan ere, badira osagarri batzuk behin kontsolara konektatu direnean, sistemaren babesak saihestu eta originalak ez diren bideo-jokoak exekutatzeko aukera ematen dutenak. Ataka paraleloa kentzean pirateriarekin amaituko zutela uste zuten, baina ez zen hala izan eta beste sistema batzuk asmatu behar izan zituzten: txipak txertatzea, barneko kableen konexioa egitea, etab.
  • Alboko aldeak: Kontsola aireztatzeko sare txiki batzuk daude, beroa haizatzeko balio dutenak. Kontsolaren alboetako aldeak libre uztea gomendatzen da, kontsola modu egokian aireztatu eta gainberotzea saihestu ahal izateko.
  • Beheko aldea: Beheko aldean ere aireztapenerako sareak daude. Horrez gain, karkasa eusten duten torlojuak eta kontsolaren informazio-etiketak daude.

Periferikoak eta osagarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Memoria-txartela: Jokoen partidak gordetzeko garatu zen, joko luzeak sortu zirenean partidak amaitzeko denbora asko behar izaten zelako. Jokalariarentzat funtsezkoa izan zen memoria-txartelean amaitu gabeko partidak gorde ahal izatea. Hasierako memoria-txartelek 120 kilobyteko biltegiratze-ahalmena zuten, baina denborarekin espaziorako ahalmena handitzen joan zen.

LCD pantaila: PSOne kontsolaren atzean lotzen den pantaila da. Kalitate altuko soinua eta irudia eskaintzen ditu. Soinuaren bolumena eta pantailaren distira handitu edo txikitu daitezke botoi batzuen bidez. Entzungailuak konektatzeko sarrera du, eta kontsolaren bideoa eta elikadura-korrontearen sarrerak integratuta ditu.

Multitap lapurra: Joko bakar batean bi jokalarik batera jokatu ahal izateko sortu zen lapur edo egokigailua da. Agintearen irteera bera duen kable bat du, eta 4 kontrolerako sarrera ditu (A, B, C eta D). Kontrolak konektatzen diren zirrikituetan bertan jartzen da, 1 edo 2 zirrikitua izan daiteke. 1. zirrikituan konektatuz gero, adibidez, 1-A, 1-B, 1-C eta 1-D gisa agertzen da. Kontrol-zirrikitu bakoitzak memoria-txartelerako sarrera bat du, jokalari bakoitzak bere konfigurazioa kargatzeko. Bi kontsoletan funtzionatzen du, PlayStation eta PSOne. Hala ere, gutxi dira lau edo zortzi jokalarirekin joka daitezkeen jokoak.

Agintea (kontrolatzailea). Lehen PlayStationaren agintea ez zen analogikoa, garai hartan 3D bideo-joko gutxi zeudelako. Gerora, merkatuan Nintendo 64 agertu zen eta hark agintean joystick edo kontrol-palanka analogikoa zuen. Orduan, Sonyk 3D jokoetarako aginte analogiko bat garatu zuen. Hona hemen lehen PlayStation hartarako merkaturatu ziren aginteak.[1]

  • Aginte originala (lehen agintea, 1994ko abendua) PlayStation-arekin batera merkaturatu zen. Ezkerreko aldean noranzkoa kontrolatzeko lau botoi ditu (gora, behera, ezkerrera, eskuinera), atzeko aldean beste bi botoi, erdiko aldean Start (hasi) eta Select ("hautatu") botoiak eta eskuineko aldean forma geometrikoak dituzten lau botoi (triangelu berde bat, zirkulu gorri bat, gurutze urdin bat eta karratu arrosa bat. Botoietan ohiko letrak edo zenbakiak jarri ordez, PlayStation-aren agintean ikur desberdinak erabili ziren, eta horrek PlayStation marka osatzen lagundu zuen. Agintearen diseinatzailea Teiyu Goto izan zen, eta haren esanetan, zirkuluak "bai" esan nahi du, gurutzeak "ez", triangeluak "ikuspuntu bat" eta karratuak "paperezko orri" itxura duenez, egokia da menuetara sartzeko.[2] Europarako eta AEBrako fabrikatu ziren lehen aginte haiek Japoniarako egin zirenak baino %10 handiagoak ziren, haien eskuak batezbeste japoniarrenak baino handiagoak direlako.
  • Joystick analogikoa (Analog Joystick, 1996ko apirila). Japonian merkaturatu zen lehen aldiz. Bi joystick edo kontrol-palanka paralelo ditu eta potentziometroen teknologia erabiltzen du. Horri esker, kontrol-palankaren aldaketa angeluar ñimiñoak detektatzen ditu mugimendu-tarte osoan zehar eta gora/behera/ezkerrera/eskuinera botoiak erabiliz baino hobe kontrola daiteke mugimenduaren norabidea. Eskuineko joystickak goiko aldean etengailu bat du, erpuruarekin (hatz lodiarekin) eragiten zaio eta mugimendu digital errazak egiteko balio du. Japonian ez zuen arrakastarik izan, garestia eta handia zelako.
  • Aginte analogiko duala (Dual Analog Controller, 1997ko apirila). 3D jokoen erabilera zabaltzen hasi zen, eta gero eta beharrezkoagoa zen erabiltzaileei 3D ingurune birtualetan askatasun handiagoz mugitzeko aukera eskaintzea. Horretarako, Sonyk joystick analogikoak gehitu zizkion bere agintearen diseinuari.[3]  Lehen kontrolatzaile analogiko ofiziala 1996an aurkeztu zen, Japonian ospatu zen "PlayStation Expo" erakusketan eta 1997ko apirilean merkaturatu zen, Tobal 2 eta Bushido Blade joko analogikoen bertsio japoniarrekin batera.[4] Bi joystick analogikoez gain, aginte analogiko dualak "Analog" botoi bat dauka, eta "Start" eta "Select" botoien azpian LED argia, modu analogikoa aktibatzeko edo desaktibatzeko. Aginteak teknologia haptikoa erabiltzen zuen bibrazioak sortzeko, baina Sonyk ezaugarri hori kendu egin zion aginteari Japoniatik kanpo merkaturatu zuenean. Zurrumurruen arabera, Nintendo aginte haren merkaturatzea blokeatzen saiatu zen, Nintendo 64aren agintearekin zuen antzekotasun nabarmenagatik. Hala ere, Nintendoren bozeramaile batek ukatu egin zuen Nintendok halakorik egin zuenik.[5] Bideo-jokoei buruzko "Next Generation" aldizkariko Chris Charlak esan zuen Sonyk bibrazioak sortzeko aukera kendu ziola aginteari, bestela garestiegia zelako.
  • DualShock (1997ko azaroa). Bi (dual) bibrazio-motor (Shock) erabiltzen ditu aginteak, eta hortik datorkio izena. Aurreko diseinuetan ez bezala, kontrol analogikoen heldulekuak luzeagoak eta gomazkoak dira eta atzeko aldean dituen botoiak zertxobait ezberdinak dira. Bertsio guztietan serieko bibraziorako aukera gehitu zen. Denborarekin, DualShock aginteak aurreko diseinuak ordezkatu zituen eta kontrolatzaile lehenetsi gisa geratu zen.
  1. (Ingelesez) Bankhurst, Adam. (2020). «The Evolution of the PlayStation Controller. Every PlayStation controller since the original from 1994» web.archive.org (ign.com) (Noiz kontsultatua: 2024-02-14).
  2. (Ingelesez) Gifford, Kevin. (2010). «All About the PlayStation 1's Design. Sony designer Teiyu Goto discusses the system, the controller, and the weird symbols on the buttons.» web.archive.org (1up.com) (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  3. West, Josh. (2020). «From Digital to DualSense - The history and evolution of the PlayStation controller ahead of PS5» ghostarchive.org (Ghost Archive) (Noiz kontsultatua: 2024-02-14).
  4. IGN Staff. (1997). «Analog Joypad To Go On Sale In Japan. Tobal 2 is set to be the first fully compatible analog joypad game when the peripheral debuts in Japan later this month» web.archive.org (ign.com) (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  5. «Unforgettable PlayStation Firsts - Feature - Push Square» web.archive.org 2020-02-27 (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).