Edukira joan

Lankide:MariZamar/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mari arroka Olaztiko ihoteetan

Mari Arroka euskal mitologiako jainkosa bat da eta Euskal Herrian Anbotoko Mari izenez ezagutzen da.

Urbasako Auzkolarrero kobazuloan bizi da bere ahariaren konpaniaz. Ama Aizkorrin bizi da, eta batzuetan bera bisitatzera doa Mari Arroka bere suzko igitaiarekin zerua zeharkatuz.

2008an, Olaztin (Sakana) Mari Arrokaren inguruko film labur bat atera zuten bere kondaira kontatuz. Orain, urtero ateratzen da Mari Arroka Olaztiko ihoteetan zamar handi, zamar txiki eta iratxoen konpaniaz, horrez gain, batzuetan sorginak eta aztiak ateratzen dira.

Nor da eta zer egiten du?Aldatu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mari Arroka Olaztiko jainkosa mitologikoa da. Urtero, martxoaren hasieran Olaztiko ihoteak ospatzen dira. Ospakizun honetan Mari Arroka, zamar handi, zamar txiki eta nesken laguntzaz kalejira bat egiten dute Olaztiko kaleetan zehar. Batzuetan, Urbasatik iratxo eta sorginak jaisten dira Mari laguntzera. Kalejira bukatzean, denak herriko plazara doaz Olaztiko zortzikoa, jota eta porrusalda dantzatzera.

JanzkeraAldatu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mari Arrokak soineko luze bat darama. Zilar eta urre kolorekoa da, kapa marroi bat darama baita ere. Suzko igitaiaren laguntzaz Olaztiko kaleak zeharkatzen ditu.

KondairaAldatu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orain dela urte asko, asko eta asko Aizkorrin bizi zen emakume bat neska batez erditu zen. Baina ez zen neska arrunta, beste neskak bezalakoa, ez zen.

Jainkosa bat zen.

Horregatik inguruko artzainek, nekazariek eta abeltzainek Jainkosa bat jaio zela jakin zutenean bisita egitera joan ziren. Noski, opariak ere eramaten zizkioten, bakoitzak ahal zuena: zaldi bat, behi gorri bat, zakur handi bat, eta behin artzain batek arkume zuri bat oparitu zion.

Mari Arrokari opari bat eramaten ziotenean eta haren leizean sartzen zirenean handitasun osoz sartzen ziren. Mari Arrokaren amak esaten zien jainkosari hika egin behar ziotela, beraz, honelaxe esan zion artzainak:

— Mari Arroka eder hori, hementxe dun nire oparia, arkumetxo bat ekarri dinat, eta ziur nagon hire lagun maitekorra izango dela betiko. Baina, mesedez, hik ere zaindu ezan nire artaldea, e?

Hau esan ondoren kobazulotik atzeraka atera zen, Mari Arrokari betidanik gustatu izan zaiolako jendearen aurpegia ikustea, eta ez zaio gustatzen jendeak bizkarra ematea, honexegatik leizera sartzen ziren guztiak atzeraka ateratzen ziren.

Mari Arrokak animalia kutunak ditu (zaldia, behigorria…), baina haien artean maitatuena arkumetxo hura zen. Urteak pasatu ziren eta arkumea ahariko bihurtu zen, eta gero ahari bihurtu zen, adar kiribildu handi horiekin! Oso lagunak ziren, eta Mari Arrokak lo egiten zuenean ahariaren gainean jartzen zuen burua. A! Hori buruko biguna eta beroa Mari Arrokarentzat!

Aizkorriko leize batean bizi zen amarekin, toki eder-eder batean. Udaberriko egun eguzkitsu batean Mari Arroka kobazuloaren aurrean jolasten ari zen ahariarekin, txiribitak biltzen, saltoka eta lasterka; bildutako txiribitekin eta sasi batzuen hostoekin koroa bat egiten ari zelarik amak deitu zion, baina Mari Arroka ez zen konturatzen ama deika ari zela:

— Mari Arroka, etorri hona, mesedez!!!

Eta Mari Arrokak kasurik ez.

— Mari Arrokaaaaaaaaaa!!!!!!!!!

Ez zion kasurik egiten amari. Beraz, ama haserretu zen eta errieta egin zion oso haserre. Mari Arroka ere haserretu zen, horregatik salto bat eginez su eta gar atera zen handik hegaka.

Mari Arroka jainkosa da eta hegaz egin dezake, horregatik suzko igitai baten gainean hegaka zeharkatu zuen zerua Aizkorritik Urbasara. Egun hartan denek ikusi zuten suzko igitai bat mendi batetik bestera zihoala, eta inork ez zekien zer zen hura, denak ikaratuta gelditu ziren. Geroago jakin zuten Mari Arroka Urbasako Auzkolarrero kobazuloan bizi zela. Urbasan lan egiten zuten langileek, egurgileek, aizkolariek behin baino gehiagotan ikusi zuten Mari Arroka hegaka.

Beste egun batean, Mari Arroka bakarrik sentitzen zen, beraz, bere aharia ekartzea erabaki zuen. Berriro ere su eta gar zerua zeharkatuz joan zen Aizkorrira. Amari esan zion Urbasan bizi behar zuela eta lasai egoteko noizean behinka itzuliko zela bisitatzera, baina bere aharia eraman behar zuela.

Aharia hartuta suzko igitai baten gainean hegaka, berriro ere, etorri ziren Mari Arroka eta aharia. Urbasan pozik bizi zen Mari Arroka, noizean behin festa bat egiten zuen, eta bere festara denak zeuden gonbidaturik: animaliak, ahariak, ardiak, artzainak, mendiko iratxoak, baita sorginak ere.

Mari Arroka beti laguntzen die behar dutenei, eta lagun asko asko ditu.

Urbasara etorri ondoren, bertan bizi ziren iratxoek ezagutu nahi zuten, baina ez ziren ausartzen jainkosa baten aurrean agertzera. Egun batean Mari Arroka leizearen aurrean zegoela eguzkitan, ilea orraztuz, iratxoak sasien artean ezkutatzen ziren eta zuhaitzetara igotzen ziren ikustera jainkosak nola orrazten zuen ilea, haiek uste zuten Mari Arrokak ez zituela ikusten, baina gure jainkosak bazekien begira zituela iratxoak. Ahariari deitu zion, eta belarrira esan zion:

— Ahari, ahari, polit hori: ikusten dituk sasi horien atzean dauden iratxoak? Hoa atzetik eta emaiek susto bat, baina ez egin minik.

Halaxe egin zuen ahariak, iratxoak inguratu zituen eta atzetik adar kiribildu horiekin susto galanta eman zien. Ikusi beharko zenituzkete iratxo guztiak korrika toki guztietatik. Mari Arrokak irri egiten zuen eta gero deitu zien:

— Etor zaitezte! Ez izan beldur! Hemendik aurrera edonora noala lagunduko nauzue.

Eta halaxe da, handik aurrera beti iratxoek laguntzen dute Mari Arroka.

Adelaida Kintanak idatzita.