Edukira joan

Lankide:Mddsk/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bizi-zikloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karraskariek Lur Planetako ia habitat guztiak kolonizatu dituzte. Oso klima ezberdineko lekuetan topa ditzakegu, hala nola desertuetan, baso tropikaletan, mendi altuetan edota zonalde polarretan ere. Beraien habitat ezberdintasuna dela eta, morfologia oso ezberdina dute beraien artean, eta horregatik, karraskarien bizi-estiloan oso ezaugarri komun gutxi topa daitezke.

Portaera Soziala eta jarduera denbora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karraskari batzuk, lurpeko zuloetan bizi den Alpeetako marmotak, adibidez, portaera sozial nabarmena garatu dute.

Hauen jarduera denbora oso ezberdina da espezie eta habitat batetik bestera, baina karraskari gehienak, gautiarrak direla esan liteke. Zenbait talde, ordea, egunez bizi dira, urtxintxak kasu. Klimarik hotzenetan bizi direnetako batzuk hibernatu egiten dute (Europa mailan muxar grisa eta marmotek, adibidez), baina lemingek, bestalde, neguan ere beraien aktibitate maila mantentzen dute. Marmotak ezagunak ditugu hibernazio luzea egiten dutelako, 6-7 hilabete inguru, eta bitartean ez dute inolako elikagairik barneratzen. Lozorro luze horretan, noizean behin esnatuko dira eraikitzen dituzten "komunetara" joateko. Honela lozorro luzetik esnatutakoan oso argalduak egoten dira, baina lehenengo elikagaiak irentsi ostean marmoten araldia martxan jartzen da. Klimarik beroenetan bizi diren animaliak ere, garairik beroena edo lehorrena iritsitakoan, lozorroan edo letargia egoeran sartzen dira.

Portaera sozialari dagokionean ere ezberdintasun handiak topa ditzakegu taldeen artean. Muturretako karraskariak topa ditzakegu, bai bakar-bakarrik bizi direnak, gainerako kideekin kontakturik nahi ez dutenak (estalketa garaia salbu); bai gizarte sistema nabarmena garatu dutenak; hala nola, bikoteka bizi direnak ere. Euskal Herrian topa ditzakegun marmotak, adibidez, talde zaleak dira, familia talde handietan bizi ohi dira, gainera guztiek batera lo egiten dute loaldi luzeetan. Gordeleku bakoitzean hamar baino marmota gehiago egon izan dira. Marmotek familia-sena garatua dute, euren buruak arriskuan ikusten dituztenean txistu moduko soinu bat igortzen diete bere taldekideei. Jokabide bereziak izaten dituzte, komunikazio handia dute elkarren artean, sudurrak igurtziz agurtu egiten direla dirudi. Oso jostalariak dira euren artean eta baita beste espezietako animaliekin ere.

Sator-arratoi batzuk, hala nola, sator-arratoi biluziak, intsektuetan ohikoagoa den portaera soziala dute, eusozialitatea hain zuzen ere. Aipatu bezala, intsektuen antzera, kolonia bakoitzak eme ugalkor bakarra du, “erregina”, ar askorekin estaltzen dena, eta gainerako animalia guztiak taldearentzat lan egiten duten langile esterilak dira.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karraskaririk gehienak belarjaleak dira. Espezie, habitat, eta urteko sasoiaren arabera, landarearen zati bat edo beste aukeratuko dute: belarra, hostoak, haziak, intxaurra, adaxka, enborraren azala, sustraiak edo tuberkuluak.

Belarjale hutsak diren espezie asko dagoen arren, badira orojaleak direnak ere, intsektuak, zizareak eta animalia ornogabeak jaten dituztelarik. Orojaleen artean topa ditzakegu urtxintxak eta sator-arratoiak.

Badira beraien elikadura ia osorik intsektu edo beste halako zomorroetan oinarritzen dutenak ere, Mundu Berriko arratoi genero batzuk, adibidez, hala nola matxinsalto-arratoia (hain zuzen ere izena bere elikadura ohituretatik dator) edo Ichthyomyini taldea, azken hauek urpeko intsektu, krustazeo eta arraiak jaten dituztelarik.

Ugalketa eta garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karraskariak animalia karendunak edo euterioak dira, eta beraz, beraien ugalketa prozesuaren ezaugarri dira karena eta trofoblastoa. Honetaz gain, ordea, ezin dugu ezaugarri komunik topatu karraskari ezberdinen ugalketa prozesuen artean. Hamsterrek dute euterio guztietan, eta beraz karraskarien artean ere, haurdunaldirik motzena. Hamster espezie askok soilik 16 eguneko haurdunaldia bizitzen dute, eta ondoren, zazpi-zortzi astetara, sexualki helduak dira. Mastomys generoak, kumaldi bakoitzeko 24 kume izan ditzakete eta sator-arratoi biluziek, hogeita zazpi.

Badaude, ordea, haurdunaldi luzea duten taldeak ere. Caviomorpha infraordeneko animalien artean, adibidez, haurdunaldiak luzeagoak dira, Dinomys branickii espeziearen kasuan 280 egun iraun dezake. Kasu honetan, kumaldiak txikiagoak izaten dira eta kumeak ilearekin eta begiak irekita jaiotzen dira, jaio eta ordu gutxitara korrika hasten direlarik eta oso denbora gutxiren buruan amagandik independizatu.

Harrapakariak eta bizitza-luzera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karraskariek harrapakari asko dituzte, izan ere, animalia kopuru handia direnez harrapakari askoren elikaduraren oinarria dira. Karraskarien harrapakarien artean ugaztunak, hegaztiak, narrastiak, anfibioak eta baita zenbait ornogabe (armiarma batzuk) ere topa ditzakegu. Karraskaririk txikienek ez dute babesteko estrategia aktibo handirik, kontuz ibiltzea baizik ez dute, beharrezkoa denean gorde, ihes egin edo kamuflatuaz. Aurretik aipatu bezala, karraskari batzuek gizarte estruktura sendoa dutenez, defentsarako ere erabiltzen dute.

Espezie askorentzako mehatxurik handiena gizakiak dira, izan ere, nahiz eta etengabeko “plagak” hiltzeko lanean askotan arrakastarik ez izan, beraien habitata suntsitzea ohikoa izaten da, zenbait espezie desagertzera eramateraino.

Harrapakarien ehiza alde batera utzita ere, karraskari mota bakoitzaren bizitza-luzera oso ezberdina da. Muroidea goi-familiako kideek gehienez ere urte bat edo biko bizitza dute. Arantzurdearen kasuan, berriz, hogeita zazpi urtera iritsitakorik bada, eta errekor gisa, 28 urteko sator-arratoi biluzia kasua aurkitu daiteke idatzietan.

Gizakiekiko erlazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiak bere erabilerarako hazten ditu zenbait karraskari, hala nola, bere elikadurarako (jateko, alegia), bere ilea erabiltzeko eta ikerkuntzarako.

Ikerkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerkuntzan gehien erabiltzen diren animaliak dira, txikiak, azkar eta erraz hazi eta mantentzen direnak eta asko eta azkar ugaltzen direnak baitira. Esperimentuetarako erabiltzen den animalien %80-90 karraskariak dira, batez ere saguak, arratoiak eta akuriak. Erabilera honen inguruan, ordea, eztabaida handia dago gizartean.

Etxe-animalia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait karraskari, gure inguruan ohikoenak akuriak eta hamsterrak izanik, baina baita hudoa, txintxilla, urtxintxa hegalariak zein bestelakoak, edota muxarrak, etxe-animalia gisa erosi eta zainduak izaten dira.

Gaixotasun-iturri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karraskariak, gizakietan gaixotasunak sor ditzaketen mikroorganismo askoren eramaileak dira. Orain arte arratoiei egotzi zaien gaixotasunik ezagunena, izurri beltza da, 20 milioi pertsonen heriotza eragin baitzuen Europan Erdi Aroan. Halere, gaixotasun hau sortzen duen bakterio (Yersinia pestis) normalean arkakusoetan bizi da, eta hauek era berean, arratoietan. Beraz, esan liteke, gaixotasun honen jatorria ez zegoela zuzenean arratoietan, arkakusoetan baizik.