Lankide:NahiaOdriozola/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Argumentua

Marinel talde bat Tamesis[1] ibaian ainguratuta dagoen Nellie itsasontzian dago, Gravesendetik gertu. Haien artean Charles Marlow izeneko marinela dago, kideei marfila garraiatzeko konpainia bateko lurrunontziko kapitain izan zeneko istorioa kontatzen. Marlow, umetan, liluratu egiten zuten mapetako zuriuneek, batez ere handienek, baina hazten joan ahala, zuriune horiek «toki ilunak» bilakatu dira. Mapetan bazegoen ibai handi bat, Kongo ibaia, «luzatutako suge erraldoi bat» zirudiena, burua itsasoan zeukana, gorputza lur zabalean murgilduta eta isatsa lurren barruan galduta. Ibai horren mapako irudiak liluratu egiten zuen Marlow.

Marlowk Afrikako kostara eta gero erdialdera doan lurrunontzi frantses batean bidaiatzeko tiketa erosten du. Kontinente baten erdira doala jakiteak «munduaren erdigunera joango balitz bezala» sentiarazten du. Hogeita hamar bat egun igaro ostean, lurrunontzia gobernuaren egoitzan ainguratzen dute, Kongo ibai handiaren ahotik gertu. Marlowk oraindik 320 km egin behar ditu helmugara iristeko, eta, beraz, kapitain suediarra duen itsas-lurrunontzi txikiago batean jarraitu beharko du. 50 bat kilometro egin behar ditu ibaian gora konpainiako geltokira iritsi arte. Trenbidean lanean ari dira, lehergaiekin arrokak kentzen. Lurrunontzia arroila estu batean sartzen da, zuhaitzen azpian, eta bat-batean «infernuko zirkulu ilun» batean egongo balitz bezala sentitzen da Marlow; izan ere, zirkulu horretan trenbidean lan egiten duten afrikarrak daude, lurrean etzanda, gaixorik eta zarpailduta, heriotzaren zain. Marlow erabat izutzen da egoera horren aurrean.

Marlow Outer Stationera iristen da, eta hamar egunez itxaron beharko du bertan. Bitartean, txabola batean egiten du lo. Hondamendiaren eszenatoki bat iruditzen zaion geltoki hartan, konpainiako kontulari nagusia ezagutzen du, dotore-dotore jantzita dago, eta hark Kurtz jaunari buruz hitz egiten dio. Kurtz jauna merkataritza gune garrantzitsu bateko nagusia da, pertsona oso errespetatua, lehen mailako agentea, aparteko pertsona, gainontzeko denek batera bezainbeste marfil saltzen duena. Kontulariaren aburuz, Kurtz urrutira iritsiko da: «laster, Administrazioan norbait izango da. Goikoek –badakizu, Europako Kontseilariek– hala nahi dute».

Marlowk, hirurogei gizoneko karabana batean, 320 kilometroko bidea egiten du oinez basoan zehar Central Stationera iristeko, han baitago berak gidatu behar duen lurrunontzia. Hamabosgarren egunean iristen da geltokira, eta han hogei bat langile daude. Baina harrituta gelditzen da; izan ere, lankide europar batek esaten dio haren lurrunontzia bi egun lehenago hondoratu zela istripu batean. Gerente nagusiarengana joaten da, eta hark esaten dio zain-zain egona zela, Marlow gaztea noiz iritsiko, ibaian gora dauden geltokiak hustu egin behar zituztelako. Gainera, zurrumurru bat entzun duela eta geltoki garrantzitsu bat arriskuan dagoela ere esaten dio, haren nagusia, Kurtz jauna, gaixorik zegoelako. «Kurtz madarikatu hori» pentsatzen du Marlowk, haserre. Bere lurrunontzia ibaitik atera eta konponketak egiten dizkio hurrengo hilabeteetan. Baina, bat-batean, natiboekin salerosteko materiala gordetzen zuten belarrezko estalpea erre egiten da. Natiboetako bat torturatu egiten dute, teorian sutea hark sortu duelako. Bien bitartean, geltokiko adreilu fabrikatzaileak Marlow haren bulegora gonbidatzen du, hain zuzen ere, adreiluak egiteko materialaren zain urtebetez egon zen gizonak. Hara joatean, Marlowk uste du gizonak galdeketa bat egingo diola, eta jakinmina du, zein informazioren bila ote dabilen. Horman olioz egindako bozeto bat ikusi du, emakume bat irudikatzen da bertan, begiak tapatuta ditu eta argi-zuzi bat darama eskuan. Marlow liluratuta gelditzen da argi-zuziak emakumearengan sortzen duen efektuarekin, eta margolan hura Kurtz jaunak egin zuela esaten diote. Adreilu fabrikatzaileak Kurtz jauna «prodijiotzat» eta «errukiaren, zientziaren eta progresioaren mezularitzat» hartzen du; haren aburuz, Kurtz Europak behar duen «inteligentziaren, sinpatiaren eta asmo-batasunaren» ordezkaria da, konpainiaren kausarako aproposa. Gizonak uste du Kurtzek, bi urteren bueltan, hierarkian gora egingo duela, eta, ondoren, Marlowri esan dio: «hura bidali duten pertsona berdinek zu ere gomendatu zaituzte».

  1. Tamesis. 2020-10-06 (Noiz kontsultatua: 2021-05-04).