Lankide:Pippi Galtzamotz/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

1975ean, Silvia Federicik New Yorkeko Etxeko Langileentzako Soldaten Batzordea (Wages for housework Committee) izeneko talde bat sortu zuen, eta bulego bat ireki zuen Brooklynen, New Yorken, 8. kaleko 288 B hizkian. New Yorkeko Etxeko Langileentzako Soldaten Batzordearen aldeko panfletoak banatu zituzten, emakume orori haiengana batzeko eskatzen zietenak, haien egoera zibila, orientazio sexuala, haur-kopurua edo lanbidea gorabehera. 1975ean, Federicik Soldatak etxeko lanen aurka argitaratu zuen (ingelesez, Wages Against Housework).[1][2]

Etxeko Langileentzako Soldatak taldearen ikuspuntuarekin bat zetozen gizonek beren erakunde propioa sortu zuten 70eko hamarkada erdialdean. Ordainketa-eguneko gizonen sarea (Payday men's network) du izena, eta gertutik aritu da lanean IWFHCrekin eta bereziki Londresko eta Filadelfiako Emakumeen Nazioarteko Grebarekin; gainera, aktiboa da hainbat herrialdetan kontzientzia-eragozle eta disidenterekin. 1977an, New Yorken Emakume Beltzak Etxeko Langileentzako Soldaten Alde taldea sortu eta bi urtera, banaketa bat gertatu zen. Silvia Federicik New Yorken sortu zuen Etxeko Langileentzako Soldatak erakundeko kide guztiak zuriak ziren; uko egin zioten emakume beltzen taldearekin lan egiteari eta banaketa gertatu zen. Italiako Paduako taldeak, Federicirekin harreman estua zuen Dalla Costa baitzuen buru, IWFCHtik alde egin zuen, eta, handik gutxira, desegin egin zen. Dalla Costak 70eko hamarkadako Italiako errepresio politikoari leporatzen dio Italiako Etxeko Langileentzako Soldatak taldeak desegin izana. Arrazoia dena dela ere, errealitatea da 70eko hamarkadaren amaiera aldera hasi zirela Italiako Etxeko Langileentzako Soldaten kanpainak urritzen.

Emakume Beltzak Etxeko Langileentzako Soldaten Alde erakundeak martxan jarraitu zuen New Yorken eta Londresen (1976an Bristolen ere hasi zen talde bat, eta ondoren adar batzuk sortu ziren Los Angelesen eta San Frantziskon). Izugarrizko arrakasta izan zuen legez baimendutako lehen emakumeen konferentzian Houstonen, Texasen, 1977an. Beulah Sanders-ekin eta Johnnie Tillmon-ekin aritu ziren elkarlanean, Ongizate Eskubideentzako Erakunde Nazionala (National Welfare Rights Organization) gidatzen zuten bi emakume beltzekin, eta lortu zuten konferentziak onartzea «soldata» deitzea «ongizate ordainketei». Diotenez, horrek lagundu zuen ongizate ordainketak 20 urtera arteko adin-mugara atzeratzea.

IWFCHk hasieratik izan zuen ikuspuntu antimilitarista eta antibelikoa, eta funtsei eskatu zieten aurrekontu militarrak erabiltzeko ordaindu gabeko zaintza-lanak ordaintzeko. Ingalaterran, erakundea beste mugimendu batzuen parte ere izan zen: emakumeen Greenham Commoneko arma nuklearren aurkako mugimenduaren parte eta Hinkleyko erreaktore nuklear berri bat eraikitzearen aurkako mugmenduaren parte (Refusing Nuclear Housework liburuaren argitalpena).

Estatu Batuetako PROStitutak Kolektiboa (US PROS) New Yorken sortu zen 1982an, eta San Frantziskora eta Los Angelesera hedatu zen ondoren.[3] Lan sexuala kriminalizatzeari uzteko eta baliabideak izateko egiten zuten kanpaina, emakume, haur eta gizonak prostituziora jotzera behartuta egon ez zitezen. Ruth Todasco-k, Tulsan Etxeko Langileentzako Soldaten Kanpaina hasi zuen emakumeak, Emakume Txarrik Ez, Lege Txarrak Soilik Koalizioa (No Bad Women, Just Bad Laws Coalition) sortu zuen gero, lan sexuala kriminalizatzeari uztea helburu zuen elkartea.

  1. (Ingelesez) Vishmidt, Marina. (2013-07-03). «Permanent Reproductive Crisis: An Interview with Silvia Federici» Mute (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).
  2. (Ingelesez) History – Global Women's Strike/ Wages for Housework/ Selma James. (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).
  3. (Ingelesez) «US PROS Collective» US PROS Collective (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).