Lankide:SidneyCrosby99/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lourdes Iriondo abeslaria.

Lourdes Iriondo Mujika Donostian jaio zen 1937ko martxoaren 27an eta Urnietan hil zen 2005eko abenduaren 27an. Euskal kantaria izan zen. "Ez Dok Amairu" taldearen kidea izan zen hasieratik. Abeslari moduan izan zen ezaguna batez ere, baina idazlan batzuk ere argitaratu zituen. Xabier Leterekin ezkondu zen. Biografia:

Hamaika anai-arreba ziren iriondotarrak; horietatik Lourdes bigarrena zen. Zazpi urte zituenean, familia osoak Urnietara egin zuen, eta han eman zituen haurtzaroa eta gaztaroa. Euskara Lourdes Iriondoren ama hizkuntza zen, baina anai-arrebengan gero eta handiagoa zen erdararekiko joera. Mojetan ikasi zuen Iriondok.

Bihotzeko eritasun larria diagnostikatu zioten. Hortik aurrera, zorrotz zaindu behar izan zuen osasuna. Gaixotasunaren ondorioz, etxean egotera behartuta egon zen denboraldi luzez. Garai hori aprobetxatu zuen haurtzarotik gogoko zuen musikagintzan trebatzeko.

Izan ere, txikitatik izan zuen musikarekiko zaletasuna; ahots gozoa eta garbia zuen Iriondok. Urnietako txistulari taldean ibili zen, eta Donostiako akademia batean zazpi urtez aritu zen opera eta kantua ikasten. Hasia zen bere kantuak egiten; kutsu erlijiosokoak ziren horietako asko, baita euskara eta euskal kulturaren ingurukoak ere.

Jendaurreko lehen emanaldia 1964an egin zuen, Andoainen, ikastolaren alde egin zen kantaldi batean. Arrakasta handia lortuta, Tolosa eta Villabonan abestu zuen gero. 1965ean Aizarnan egiten zen Gazteriaren Egunean kantatu zuen, eta hor ere arrakasta handia lortu zuen. Handik aurrera, Euskal Herriko txoko guztietan ibili zen kantari. Zentsurarekin izan zituen lehen arazoak. "Ez gaude konforme", "Askatasuna zertarako", "Nire erria" eta gisakoak kantaldietan abesteko baimena jaso behar zuen, eta hainbatetan moldaketak egin. Ez Dok Amairu:

Ez Dok Amairu («Ez Dago Hamahiru» esan nahi du) euskararen eta euskal kulturaren alde aritu zen talde bat izan zen. 1965ean sortu zen, eta 1972an desegin. Talde horretako kideak artistak ziren; abeslari eta idazleak, nagusiki. Helburua euskal kultura suspertu eta berritzea zen, Francoren diktaduraren garai hartan oso baztertua baitzegoen.

Taldeak «San Martinen estutasuna» ipuin herrikoitik hartu zuen izena; ipuinaren amaiera aldera ageri den esalditik, zehazki: «Ez dok amairu» (ez dago malefiziorik). Jorge Oteizak proposatu zuen izena. 1971n, Benito Lertxundik Ez dok amairu izeneko diskoa atera zuen; besteak beste, «Zenbat gera» eta «Urak dakarrena» abesti ezagunak zekartzan. 1972an, desegin egin zen taldea. Ordutik, hainbat partaidek euren ibilbidea segitu dute, eta erreferentzia bihurtu dira euskal musika eta kulturaren arloan.