Txantiloi:2010-51 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ezteiak ezkontza bat ospatzeko egiten diren erritu eta ohituren multzoa dira, hala nola eztei-oturuntza eta eztei-bidaia. Igarotze-errituen multzoan kokatzen da, pertsonen mugimendu soziala ospatuz, ezkongabeen multzotik ezkonduen multzora hain zuzen eta helduarorako sarrera beste kultura zenbaitetan. Kultura batetik bestera ezteien ospakizuna hagitz aldatzen bada ere, elementu komunak izaten dira, ezkon berrien egoera berriaren idealak irudikatzen dituztenak: gehienetan ezkongaiak elkarri hitz eman (ezkontzaren egonkortasuna irudikatzen duena), opariak eskaini (aberastasun materiala opatuz) eta ezkontzaren aldarrikapen publikoa eta oturuntza egiten dira ezteien eredu nagusian. Inguruko jende gehien biltzen duen igarotze-errituetako bat izaten da, hala nola familia zentzu zabalean (osaba-izebak, lehengusuak, ...) eta lagunak, giza-talde txikiagoa biltzen duten jaiotza edo urtebetetzeen aldean. Aldi berean beste igarotze-errituak baino elementu gehiago biltzen dituzten ospakizunak dira (liturgia, oturuntza, objektuak, jantzi, musika, besteak beste) eta aurre eta ondorengo ekitaldiak ere biltzen ditu (adibidez, aurretik ezkongabearen agurtzea, eta eztei-bidaia ondoren).