Txantiloi:2016-36 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Neskatan edo mutiletan egitea, aritzea nahiz ibiltzea edo, gaztelaniazko hitza mailegatuz, ligatzeapertsona batek beste pertsona baten arreta eta interesa pizteko egiten duen komunikazio-jarduera da, gehienetan ondoren sexu harreman bat hasteari begira. Jarduera horretan, hainbat eratako ekintzak egiten dira, hala nola: begiradak, irribarreak, ukipen fisiko arinak eta hizketak, eta erakarri nahi den pertsonaren aurrean atsegin agertzeko bestelako saiakera eta ahaleginak. Gaztetako jarduera izan ohi bada ere, adin guztietako pertsonei ere aplikatzen zaie esapidea, lagunarteko hizkeran, neska eta mutil hitzak gorabehera. Maila formalago batean, gorte egitea esapidea erabiltzen da.

Ligatzea, harreman arrunt batetik sexu-harreman baterako prozesu moduan, harreman arruntetan onartzen diren kodeekin jokatzen du, baina mugaraino eramanez. Adibidez, oro har kultura gehienetan onartzen da beste pertsona begietara zuzen begiratzea, baina ligatzean ohikoa da pertsona horrekiko interesa dagoela erakusteko begirada luzez mantentzea. Gerturatze fisikoak ere harreman arrunt batean onartzen diren mugaraino eramaten dira, ligatzeko asmoa garbi erakutsi nahian. Kasu batzuetan, ligatu nahi duen pertsonak sexu-askatasunaren printzipioa errespetatu ez eta muga hauek indarrez gainditzen ditu, beste pertsonaren onespenik gabe; kasu horietan, sexu jazarpena gertatzen da eta biktimak bere asmoak eta nahiak argi utzi, harremana eten eta, beharrezko izango balitz, salaketa jarri behar du.