Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Glaziazio

Izotz Aroaren irudi artistikoa, izotzaren gehienezko zabalpena erakusten. Thomas J. Crowleyen (Global Biogeochemical Cycles, Vol. 9, 1995, pp. 377-389 "Ice age terrestrial carbon changes revisited" lanean oinarriturik.

Glaziazioa hotz handiaren eraginez Lurreko eremu zabalak izotzez edo glaziarrez estaltzen diren garai geologikoa da; glaziazioak Lurreko tenperatura globalaren jeitsierarengatik gertatzen dira eta iraupen luzeko fenomenoak izaten dira (milaka urtekoak). Glaziazioan, izotz kontinentalak, glaziarrak eta poloetako izotza hedatu egiten dira.

Azken izotz-aroa Pleistozenoan hasi omen zen, duela 110.000 urte inguru, eta duela 15.000 urte bukatu zen, gutxi gorabehera. Izotz-aro honetan, glaziazioak ipar hemisferioko hainbat eremu izotzez estali zituen; Europan, izotzak gaur egungo Alemaniako iparralderaino iritsi ziren.


Glaziazioen arrazoiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Glaziazioa gertatzeko, tenperaturak hotz iraun behar du denbora luzean; hiru teoria nagusi daude, epe hotz luze horien arrazoiak argitzeko:

  1. Lurraren orbitaren aldaketa, eta, horren ondorioz, Lurrak jasotzen duen batez besteko beroaren aldaketa.
  2. Lur ardatzaren angelua aldatzean, Iparburuaren, Hegoburuaren eta tropikoen kokaera ere aldatzen da, bai eta klimaren muga ere.
  3. Atmosferako karbono anhidridoaren neurrian gorabeherak daudenean, Lurra hoztu edo berotu egin ohi da.
  4. Zenbait geologoren ustez, orogenia mugimenduek zerikusi handia izan dute glaziazioekin, orogenesi gehienen ostean glaziazioak izan baitira; izan ere, mendikate bat eratzean lurrazalak gora egiten duenean, hodei kopurua ere handitzen da, euri gehiago egiten du eta, hori dela eta, batez besteko tenperatura jaisten da.

Hiru glaziazio nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geologia aldietan zehar, hiru glaziazio nagusi izan dira: lehenengoa Kanbriarrean (duela 500-600 bat milioi urte); bigarrena, Karboniferoaren eta Permiarraren artean (duela 280 milioi urte), Hego hemisferioan batez ere; eta azkena, oraingoz, duela 2 milioi urte hasi zen Laugarren Aroko Pleistozeno aldian. Dena dela, glaziazioak milaka urteko iraupena duten fenomenoak direnez, badira haien barruan klima beroagoko aldiak ere, luzeago edo laburragoak.

Glaziazioek eragindako aldaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Glaziazioen eraginez, zenbait aldaketa gertatzen dira lurrazalean:

  1. Ura izoztu eta bildu egiten denez, itsasoaren mailak behera egiten du (Pleistozenoan, adibidez, gaur egun baino 100 m beherago zegoen), eta izotzaldien arteko denboran, gora berriz;
  2. Arrazoi beragatik ibaiak desagertzen dira, eta beste berri batzuk sortzen;
  3. Animaliak eta landareak lurralde hotzetatik lurralde epeletara joan ohi dira.