Wikipedia, Entziklopedia askea

Alderdi politiko

Botoa emateko kutxa baten irudia.

Alderdi politikoakiritzi eta helburu politiko jakin bat duten pertsonak biltzen dituen talde batzuk dira. Helburu horiek lortzeko, alderdi politikoek gobernura iritsi nahi izaten dute; eta hori lortzen ez dutenean, oposizioan geratzen dira, gobernuak bultzatzen duen politikari aurka egiteko.

Gobernura iristeko, herrialde demokratikoetan hauteskundeak antolatzen dira eta jendeak botoa ematen die gehien gustatzen zaien alderdiari. Botoen arabera, alderdi politiko batzuek gobernua osatzeko modua izaten dute, eta beste batzuk, aldiz, oposizioan geratzen dira.

Gobernuko buruak alderdi politikoetako kiderik boteretsuenak dira. Baina boto-emaile arruntak ere alderdi politikoetako kideak izan daitezke. Alderdietako kideek antzeko ideiak izaten dituzte gobernuaren eginkizunei buruz, eta ados egon ohi dira gobernuak lan egiteko moduaz.

Alderdi politikoen kopurua aldatu egiten da herrialde batetik bestera. Herrialde batzuek hainbat alderdi dituzte, eta guztiak egon daitezke ordezkatuta gobernuan. Europako herrialde askok hiru alderdi politiko garrantzitsu edo gehiago dituzte.

Beste herrialde batzuek bi alderdi nagusi baino ez dituzte. Estatu Batuetan bi alderdi politiko nagusiak Alderdi Demokrata eta Alderdi Errepublikanoa dira. Beste alderdi batzuk ere, hirugarren alderdiak deituak, egon daitezke halako sistema batean. Hala ere, jende gehienak bi alderdi nagusietako bati ematen dio botoa. Ia ezinezkoa da hirugarren alderdi batek boterea lortzea.

Beste herrialde batzuek alderdi bakarreko sistemak dituzte; beraz, ez da hauteskunde demokratikorik egiten eta herritarrek ezin dituzte beren ordezkari politikoak aukeratu. Herrialde horietan, erakundeetako kide guztiak alderdi berekoak dira. Zenbait lekutan, jendeak kontrako alderdiak osa ditzake, baina gerta daiteke haien hautagaiak hauteskundeetara aurkeztu ezin izatea. Oposizioko alderdiak legez kanpo egotea ere gerta daiteke. Batzuetan, talde horiei alderdi politiko klandestinoak deitzen zaie. Herrialde horietan, beraz, herritarren eskubide politikoak oso mugatuta egoten dira.