Txikipedia:Alkali

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kimikan, 7 baino pH handiagoa duen ur-soluzioa da alkalia. Qali hitza arabieratik dator, eta "errautsa" esanahia du. Izan ere, garai batean errautsak urarekin nahasten zituzten garbigarri gisa erabiltzeko. Geroago, material alkalinoz egindako xaboiak erabiltzen hasi ginen.

Basea uretan disolbatua da alkalia; eta, sarritan, metal alkalino baten gatza da. Alkalia azidoaren kontrakoa da, eta azidoak gehituz neutraliza dezakegu (7ko pH-ra jaitsi) alkalia.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauexek dira alkalien ezaugarri nagusiak:

  • Ukitzen baditugu, xaboiaren antzekoak dira: likatsuak eta irristakorrak.
  • Korrosiboak dira (larruazala erre diezagukete).
  • Zenbat eta handiagoa izan pH-balioa (7tik gorakoa), orduan eta sendoagoak dira alkaliak.
  • Oso disolbagarriak dira uretan.
  • Zapore mingotsa dute.
  • Tintaroi-paper gorria urdin bihurtzen dute.
  • Ioi mugikorren presentzia dela eta, elektrizitatea eraman dezakete.
  • Adierazle unibertsala urdin edo more jartzen dute.

Sendotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azidoak bezala, alkaliak ahulak ala sendoak izan daitezke, konposatzen duen gatz ionikoaren eta haren kontzentrazioaren arabera. Alkaliaren sendotasuna zein den adierazle unibertsalaren bidez jakin dezakegu. Azidoekin gertatzen den bezala, alkaliren sendotasuna neurtzeko, pH eskala erabiltzen dugu.

Esate baterako, xaboiek eta hortzetako pastek alkali ahulak dituzte; garbiketa-produktuek, ostera, askotan alkali sendoak izaten dituzte.

Ohiko alkalien adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen ohiko alkalien adibide batzuk:

  • Sodio hidroxidoa: NaOH
  • Potasio hidroxidoa: KOH
  • Kaltzio hidroxidoa: Ca(OH)2
  • Amoniakoa ur-disoluzioan: NH3 (aq)

Ohiko alkalien erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Sodio hidroxidoa papera, detergenteak eta xaboia egiteko erabiltzen dugu.
  • Potasioa hidroxidoa nekazaritzan erabiltzen dugu, lurzoru azidoa alkalinoago bihurtzeko; horietan, landareak hobeto hazten dira. Bateria alkalinoetan, elektrolito gisa ere erabiltzen dugu, hala nola Ni-Cd eta Ni-MH baterietan.
  • Kaltzio karbonatoa eraikuntzako material gisa erabiltzen dugu.
  • Magnesio hidroxidoa urdaileko mina edo indigestioa arintzeko erabiltzen dugu: urdaileko azidoak gutxitzen ditu.

Oxidoak eta hidroxidoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Metal oxidoak eta metal hidroxidoak bi base mota dira. Basea neutralizatzen denean (azidoa gehitzen denean), gatza eta ura sortzen dira. Sortutako gatz mota azidoaren eta basearen araberakoa da.