Txikipedia:Base

Wikipedia, Entziklopedia askea
Amoniakoak eta azido klorhidrikoak amonio kloruroa osatzen dute. Hori neutralizazioa da.

Kimikan, beste substantzia baten hidrogeno ioia (H+) onar dezakeen substantzia da basea. Substantzia kimikoak protoi bat onar dezake karga negatiboa badu, edo molekulak elektroi asko dituen atomo elektronegatiboa badu (atomo elektronegatiboenak oxigenoa, nitrogeno eta kloroa dira). Azidoetan gertatzen den bezala, baseak sendoak ala ahulak dira. Base ahulek protoiak hartzeko aukera gutxi dute. Base sendoek, aldiz, soluzioetatik edo beste molekuletatik protoiak berehala hartzen dituzte. Azidoa basearen aurkakoa da: baseari hidrogeno atomoa ematen dio.

Baseek 7 baino pH handiagoa dute. Base ahulek, oro har, 7-9 balioko pH-a dute, eta base sendoek 9-14koa.

Baseek nola funtzionatzen duten[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azidoak neutralizatzeko erabil ditzakegu baseak. Baseak (askotan, OH da), azidoaren protoi bat onartzen duenean, ur molekula osatzen du: kaltegabea eta neutroa. Azidoek eta baseek elkarrekin erreakzionatzen dutenean ur molekula eta beste gatz neutro batzuk osatzeko, neutralizazioa ematen da.

Base bakoitzak azido konjugatua du; izan ere, baseari hidrogeno atomoa gehitzen zaio. Esate baterako, NH3 (amoniakoa) basea da eta haren azido konjugatua amonio ioia da, NH4+. Base ahulak azido konjugatu sendoa sortzen du, eta base sendoak azido konjugatu ahulagoa sortzen du. Amoniakoa base nahiko sendoa denez, amonioa azido konjugatu ahul samarra da.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauexek dira baseen ezaugarri nagusiak:

  • Zapore mingotsa dute (azidoen zapore garratzaren kontrakoa).
  • Ukitzen baditugu, xaboiaren antzekoak dira: likatsuak eta irristakorrak.
  • Base askok azidoekin erreakzionatzen dute, eta gatzak prezipitatzen dituzte.
  • Base sendoek azidoekin bortizki erreakziona dezakete. Azidoak isurtzen baditugu, segurtasunez neutraliza ditzakegu base ahulak erabiliz.
  • Baseek tintaroi-paper gorria urdin bihurtzen dute.
  • Metal oxidoak edo hidroxidoak dituzte.
  • Uretan disolbagarriak diren baseak alkaliak dira (base disolbagarriak).

Etxean erabili ohi ditugun produktu batzuk baseak dira. Esate baterako, soda kaustikoa eta tutuak libratzekoa sodio hidroxidoaz (base sendoa) daude eginda. Leihoak eta beira garbitzekoak amoniakoz (basea) eginda daude. Base sendoago horiek larruazaleko narritadura eragin diezagukete. Beste base batzuk ez dira kaltegarriak eta sukaldaritzan erabil ditzakegu, esaterako, sodio bikarbonatoa.

Baseak manipulatzeko, eskularruak erabili behar ditugu, beti. Larruazala narritatzen bazaigu, kaltetutako eremua ondo garbitu behar dugu, ur hotzez. Nahikoa ez bada, medikuarenera joan beharko dugu, ahalik eta azkarren.

Base sendoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Base sendoa uretan jartzen dugunean, OH hidroxidoa sortzen da. Guztira, zortzi hidroxido daude:

  • Litio hidroxidoa: LiOH
  • Sodio hidroxidoa: NaOH
  • Potasio hidroxidoa: KOH
  • Rubidio hidroxidoa: RbOH
  • Zesio hidroxidoa: CsOH
  • Kaltzio hidroxidoa: Ca(OH)2
  • Estrontzio hidroxidoa: Sr(OH)2
  • Bario hidroxidoa: Ba(OH)2