Ekonomiako bigarren sektorea natur baliabideetatik ateratako lehengaiak eraldatu eta produktuak ekoizteko jarduerak biltzen dituen sektorea da. Sektore honetako jarduera nagusiak eraikuntza eta, batez ere, industria dira. Bigarren sektoreak makinak erabiltzen ditu gaur egun bere produktuak ekoizteko, eta energia-iturriren bat behar izaten dute horretarako. Aspaldiko garaietan, eraldaketa hauek eskuz egiten ziren, eskulangintza edo artisautza deitzen den jardueraren bidez.
Bigarren sektoreko industriek ekoizten dituzten produktuak bi eratakoak izaten dira:
- Produktu landuak: kontsumo-produktuak hau da, kontsumitzeko prest daudenak (arropa, altzariak, autoak, ordenagailuak...).
- Produktu erdi-landuak: produktu landuak egiteko erabiltzen diren bitarteko produktuak (altzairua, aluminioa, plastikoa, erregaiak...).
Herrialde garatuetan sektore honek Barne Produktu Gordinaren zati ez oso handia hartzen du gaur egun (industria sektoreak munduko ekonomiaren %30,7 okupatzen zuen 2012an), baina, hala ere sektore estrategiko edo oso garrantzitsutzat jotzen da; ingeniaritza- eta ikerketa- eta garapen-lanak ematen dizkie hirugarren sektoreko enpresei.
Ekoizpen-faktoreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekizpen-faktoreak dira jarduera industrialak kontsumo-produktuak sortzeko behar dituenak; honako hauek dira:
Baliabide naturalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baliabide naturalak gizakiak naturatik zuzenean lortzen dituen materiak dira. Baliabide naturalen artean sartzen dira lehengaiak (naturatik eraldatu gabe ateratzen diren elementuak, industriak beste ondasun batzuk ekoizteko erabiltzen dituenak) eta energia-iturriak (makinak, industriak eta garraioak funtzionatzeko behar den energia sortzeko erabiltzen diren baliabide naturalak).
Laneskua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekoizpenean erabilitako makinak maneiatzen dituzten langileak dira. Langileek soldata bat jasotzen dute beren lanaren truke. Soldata hori ez da langileek egiten duten lanaren araberakoa bakarrik, baizik eta, askotan, lan-baldintzekin lotuta dago; herrialde garatuetan, legeriak askoz ere zorrotzagoak eta zainduagoak dira, eta herrialde azpigaratuetan, aldiz, legeak ez dira hain zorrotzak eta lan-baldintzak ez dira oso onak izaten. Bestalde, industriak erabiltzen dituen makinen garapen teknologikoaren eta konplexutasun gero eta handiagoaren ondorioz, gero eta gehiago bereizten dira eskulan kualifikatua (teknologia aurreratua eta espezializatua erabiltzeko prestatuagoa) eta eskulan ez-kualifikatua (ezagutza teknologiko txikiagoa duena).
Kapitala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Industria bat martxan jartzeko behar den dirua da. Hau da, langileei ordaintzeko, eraldatu beharreko baliabide naturalak erosteko, beharrezko makineria eta teknologia eskuratzeko, makinak martxan jartzeko eta fabrikaren funtzionamendurako behar den energia ordaintzeko behar den dirua.
Kapitala jartzen dutenen arabera, enpresa edo industria mota desberdinak daude:
- Industria pribatuak: kapitala pertsona partikularrek jartzen dute, eta haiek dira enpresaren jabeak.
- Industria publikoak: kapitala estatuak jartzen du, eta bera da enpresaren jabea.
- Industria mistoak: kapitala partikularrek eta estatuak jartzen dute, eta Estatua jabekide bihurtzen da bere inbertsioen bidez.