Wikipedia, Entziklopedia askea

Herrialde garatu

██ Herrialde garatuak ██ Garapen bidean dauden herrialdeak ██ Gutxiago garatutako herrialdeak ██ Daturik gabe

Nazio Batuen araberako sailkapena.

Herrialde garatuak garapen ekonomiko handia duten munduko herrialdeak dira. Herrialde industrializatuak ere deitzen zaie. Nazio Batuen arabera, Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Japonia, Australia, Zeelanda Berria eta Europako mendebaldeko herrialde guztiak dira herrialde garatuenak. Munduko biztanleria osoaren % 20 baino gutxiago dira herrialde garatuenetan bizi direnak.

Herrialde garatuen ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialde garatuak identifikatzeko, honako ezaugarri hauek eduki ditzakegu kontuan:

  • Industrializazioa: herrialde garatuek ekonomiaren bigarren sektore eta hirugarren sektore indartsuak izaten dituzte, hau da, industriak, zerbitzuak eta bankuak, eta laugarren sektore garatua ere izaten dute. Herrialde hauetan, lehen sektorea (nekazaritza, arrantza eta meatzaritza) ez da hain garrantzitsua izaten ekonomiarentzat.
  • Barne-produktu gordin handia: herrialde horietako industriak produktu asko ekoizten eta saltzen ditu.
  • Energia-kontsumo handia: industriak energia asko behar izaten du.
  • Bizi-maila altua: biztanle gehienek lana izaten dute, eta osasun-zerbitzu onak eta enplegua lortzeko aukerak
  • Jaiotza-tasa txikia: ume gutxi jaiotzen dira, eta horregatik biztanleria zahartua izaten dute.
  • Demokrazia: herrialde garatuenak, salbuespenik gabe, estatu demokratiko eta liberalak dira.
  • Urbanizazioa: oro har, herrialde garatuetako biztanleak hirietan bizi dira landan baino gehiago; beraz, urbanizazio-maila handia dute. Ekonomiak ondo funtzionatzeko, garraio-sistema ona edukitzen dute, langileek beren etxeetatik lantokietara erraz eta azkar iristeko aukera izan dezaten.

Bestalde, herrialde garatu gehienak Ipar hemisferioan daude (Australia eta Zeelanda Berria izan ezik); horregatik, askotan "Iparraldea" esaten da herrialde aberats edo garatuak izendatzeko, eta "Hegoaldea", aldiz, munduko herrialde pobreagoak izendatzeko. "Lehen Mundua" ere deitzen zaio herrialde garatuek osatzen duten multzoari.