Bizikleta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Erabilera publikoko bizikletak.

Bizikleta bi gurpil dituen ibilgailu bat da, gainean doanak pedalen bidez mugiarazten duena. XIX. mendean asmatu zen eta XX. mendean asko hasi zen erabiltzen, ibilgailu merkea zelako; hasieran, gizarteko klase pobreenek erabiltzen zuten horregatik, aberatsagoek autoa erabiltzea nahiago baitzuten; era berean, gehiago erabiltzen zen herrialde pobreetan aberatsetan baino. Gaur egun, ordea, gauzak desberdin dira, eta gero eta jende gehiagok erabiltzen du bizikleta baita herrialde aberatsagoetan ere: ariketa fisikoa eskatzen duen ibilgailua da eta, beraz, osasunerako ona da; gainera, garraiobide ekologikoa da, ez baitu erregairik behar eta ez baitu kutsadurarik sortzen.

Bizikleta-mota ugari daude; ugarienak hirirako bizikletak, mendirako bizikletak eta lasterketak egiteko bizikletak dira, baina beste mota gehiago ere badaude: trizikloak, tandemak, garraiorako bizikletak, etab.

Nola funtzionatzen du?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizikletaren zelan esertzen bazara, erori egingo zara ibilgailua ez baduzu mugimenduan jartzen. Bizikletan ibiltzen ikasi behar da; behin ikasi ondoren, ibilgailua mugitzen hasten denean, errazago da orekari eustea. Horretarako, zelan eseri eta pedalei eragin behar zaie, atzeko gurpila mugitzeko. Aurreko gurpila, berriz, norabidea erabakitzeko erabiltzen da.

Bestalde, heldulekuan balazta edo frenoaren palanka batzuk daude, abiadura gutxitzeko. Esku bakoitzean balazta edo freno bana daude, bat aurreko gurpila frenatzeko eta bestea atzeko gurpilerako. Horri esker, bi gurpilak frena daitezke edo bat bakarrik, nahi den bezala.

Bizikletaren atalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizikletaren atalak.

Bizikletak koadroa deitzen den euskarri nagusi bat dauka, eta gainontzeko osagaiak koadro horri erantsita doaz. Koadroa metalikoa izaten da, eta, erabileraren arabera, altzairuzkoa, aluminiozkoa, titaniozkoa edo karbono-zuntzezkoa izan daiteke.

Aurrealdean, urkila izeneko pieza mugikor bat du beheko aldean, aurreko gurpila txertatzeko; eta eskuleku edo heldulekua goian, ibilgailua gidatzeko. Izan ere, eskulekua ezker-eskuin mugi daiteke eta, orduan, urkila eta aurreko gurpila norabide berean mugitzen dira. Eskulekuetan, balazta edo frenoak egoten dira, lastertasuna gutxitzeko, bai eta beste osagai batzuk ere.

Erdialdean, gutxi gorabehera, zela edo eserleku bat dauka, bizikletan doana eserita joateko; eta beheko aldean, pedalak, oinekin mugimendua eragiteko.

Atzealdean, gurpil eragilea dauka; hau da, mugimendua abiatzen duena, pedalkadak transmititutako indarrari esker. Pedalek platerak izeneko halako pieza batzuk dituzte, eta atzeko gurpilak pinoi izeneko beste pieza batzuk, denak halako kate batez lotuta; horrela, pedalkada bakoitzean platerak bira bat ematen du eta, katearen bidez, atzeko gurpileko pinoiak, bira batzuk ematen ditu, gurpila mugimenduan jarriz.