Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Natura hondatuz, planetaren etorkizuna arriskuan ari gara jartzen.

Ekosistemak zaintzeko neurriak hartzen ari dira, eta hartzen jarraitu beharko dugu, munduko ekosistema ugari hondatzen ari direlako, batez ere giza jardueraren ondorioz. Ekosistemetatik hainbat lehengai eta baliabide natural ateratzen ditugu, gure ekonomia garatzeko; baina lehengai eta baliabide natural horiek gehiegi ustiatzen ari gara. Horregatik, beharrezkoa da geure buruari galdetzea zer egin behar dugun ekosistemak salbatu eta kontserbatu ahal izateko.

Zergatik da garrantzitsua ekosistemetako baliabideak zaintzea?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekosistemei esker hainbat baliabide natural lortzen ditugu, hala nola animaliak, landareak, mineralak, ura, lurzorua, energia eta baita eguraldiak ematen dizkigun beste hainbat baliabide ere. Horiek guztiak guztiz ezinbestekoak dira gaur egun munduan behar ditugun ekonomia-jardueretarako.

Hortaz, gure erruz ekosistema hauek kalteak jasaten badituzte edo desagertu egiten badira, geure buruari izugarrizko kalte ekonomikoak egingo genizkioke. Azkenean, geure biziak jarriko genituzke arriskuan, ez genituzkeelako gure oinarrizko beharrak asetzeko adina baliabide izango.

Bestalde, garrantzitsua da ekosistemak zaintzea, uretakoak, lehorrekoak edo bietakoak izan, bertan bizi diren izaki bizidunak eta Lurraren ongizatea babesteko. Ekosistemak suntsitu eta, ondorioz, haietan bizi diren izaki bizidunak hiltzen baditugu, planetari eta gure espezieari egingo diegu kalte azkenean.

Hortaz, ezinbestekoa da ekosistema guztiak zaintzea, besteak beste, honako ekintza hauen bidez.

Bioaniztasuna zaintzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekosistema bat edo, oro har, ingurumena zaintzeko egin ditzakegun lehenbiziko gauzetako bat biodibertsitate handia duten habitatak babestea da, bertako ekosistemetan baliabide asko baitaude eta, beraz, gehiago ustiatzen baitituzte. Ekosistema babestuak ustiatzea zigortzen duten legeak jarri behar dira martxan, bertan bizi diren landare eta animaliak babesteko.

Basogabetzea kontrolatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egurra lortzeko edo lur horiek nekazaritza intentsiborako erabiltzeko basoak osorik moztean, ekosistemak eta bertako biodibertsitatea guztiz suntsitzen dira. Hori ekiditeko, egurraren industriako eta nekazaritzako jarduerak arautu egin behar dira, basoetako zuhaitzek berriz hazteko aukera izateko eta espezie aniztasunarentzat hain garrantzitsuak diren baso horiek behar bezala babesteko.

Espezie-trafikoa kontrolatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Legearen aurka espezieak trafikatzea oso arazo handia da, espezie bat berea ez den habitat batean sartzen bada, ekosistema horretako biodibertsitatea aldatzen delako. Zenbait kasutan, bertako espezieek alde egin behar izaten dute edo desagertu egiten dira horren ondorioz. Lege zorrotzagoak martxan jarriz gero, posible izango litzateke espezie-trafikoa geldiaraztea eta bertako espezieak babestea.

Lurzorua babestea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurzoruari etengabe egiten diogu kalte gure jarduerekin, hiriak eta industria eraikitzean, nekazaritzarako, abeltzaintzarako edo meatzaritzarako erabiltzen dugunean, eta abar. Naturaguneetako lurzoruak ere kalteak jasan ditzake jende askok erabiltzen baditu mendira joateko edo bestelako kirol- edo aisialdi-jardueretan aritzeko. Lurzoruaren erabilera arautzen duten legeak martxan jartzea da kalte horiek gutxitzeko edo guztiz ekiditeko modu bakarra.

Uraren erabilera arautzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industriak, nekazaritzak eta abeltzaintzak ur asko behar dute, eta guk ere ura behar dugu edateko eta beste hainbat gauzatarako. Hori dela eta, gero eta urriagoa da lehengai hori, eta klima aldaketak eta kutsadurak are gehiago larriagotzen dute arazo hau. Horregatik, beharrezkoa da uraren erabilera arautzea, ezin baita bizi urik gabe.

Gehiegizko arrantza eta haragi-kontsumoa murriztea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barazki asko dituen dieta orekatua jaten badugu, haragi ekoizpen handi ez-ekologikoak eta gehiegizko arrantza geldiarazten laguntzen ari gara. Horrekin batera, beharrezkoa da jarduera horiek arautzen dituzten legeak sortzea ere: gehiegizko arrantzaren ondorioz gero eta arrain-sarda gutxiago daude, eta hau kaltegarria da itsas espezie askoren elikatze-kateentzat. Horrez gain, abeltzaintza estentsiboak leku asko behar du, eta normalean leku hori lortzeko basoak moztu eta ekosistemak eta haietako biodibertsitatea suntsitzen dituzte.

Energia berriztagarriak erabiltzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Energia berriztagarriak garbiagoak dira eta ingurumenari kalte gutxiago egiten diote. Hortaz, eguzki-energia, haize-energia edo bestelako energia berriztagarriren bat erabiltzen badugu, ez ditugu erregai fosilak, hala nola ikatza, gasa eta petrolioa, erabili beharko energia sortzeko. Erregai fosilak agortzen ari dira, eta gainera asko kutsatzen dute eta kaltegarriak dira ekosistementzat.

Garraio publikoa edo bizikleta erabiltzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autoa (garraio pribatua, alegia) gehiegi erabiltzeak kalte egiten dio atmosferari, gas kutsakorrak botatzen dituelako. Gainera, auto gehienek erregai fosilak erabiltzen dituzte, hau da, berriztagarriak ez diren eta agortzen ari diren lehengaiak.

Aldiz, garraio publikoa eta bizikleta erabiltzerakoan, airearen kutsadura eta erregai fosilen erabilera murrizten ditugu. Ondo pentsatu behar dugu autoa erabiltzera goazen bakoitzean ea benetan beharrezkoa den. Askotan joan-etorri motzetarako erabiltzen dugu autoa, eta baliteke azkenean denbora gehiago behar izatea aparkatzeko leku bat aurkitzeko leku horretara oinez iristeko baino.

Ekoizpen ekologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabiltzen ditugun produktu gehienak material ez-ekologikoz eginak daude: plastikoa gehiegi erabiltzen da fabrikazioan eta, ondorioz, plastikoa sortzeko beharrezkoak diren lehengaiak gehiegi ustiatzen dira. Erabilera bakarreko plastikoa erabiltzea debekatzen duten legeak jarri behar dira martxan, eta baita enpresak modu ekologikoan ekoiztera behartzen dituzten legeak ere.