Wikipedia, Entziklopedia askea

Elektrizitate estatiko

Elektrizitate estatikoak ileak tente jartzen ditu.

Elektrizitate estatikoa gorputz batean karga elektrikoak pilatzen direnean modu naturalean sortzen den elektrizitate mota bat da.

Karga elektrikoa lortzeko, hau da, elektrizatzeko, gorputzek elektroiak irabazi edo galdu behar dituzte. Horixe gertatzen da, adibidez, objekturen bat beste baten aurka igurtzitzen dugunean; esate baterako, bolaluma bat artilezko jertse batekin edo zapi batekin igurtziz gero, paper zati txikiak erakarriko ditu, eta orduan bolaluma elektrizatu dela esaten dugu. Fenomeno hori gertatzen da igurztean elektroiak artiletik bolalumara pasatzen direlako eta, ondorioz, negatiboki kargatzen delako. Zeinu bereko elektrizitatea duten gorputzak elkar aldaratzen dute, eta zeinu desberdineko elektrizitatea duten gorputzak, berriz, elkar erakartzen.

Tximistak ere elektrizitate estatikoak eragiten ditu. Euri-hodeiak zeruan mugitzen direnean, inguruko airearen kontra igurzten dira, eta horren eraginez karga elektriko handia metatzera irits daitezke. Batzuetan, karga elektriko hori nahikoa handia denean, tximista modura erortzen da Lurrera.

Esperimentuak elektrizitate estatikoarekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saiatu honako esperimentu hauetakoren bat egiten, elektrizitate estatikoak nola funtzionatzen duen modu praktikoan ikusteko:

1. Puxika bat elektrostatikoki karga dezakezu artilezko jertse baten kontra indarrez igurzten baduzu. Hori egitean, jertsearen elektroi batzuk puxikara «salto» egingo dute, azalean harrapatuta geratuko dira eta negatiboki kargatuko dute. Puxika «kargatuta» dagoenean, zure eskuak ahalmen harrigarriak bereganatuko ditu: besoa esku-azpia behera begira jarrita duzula luzatu eta puxikan jartzen baduzu, ikusiko duzu eskuan itsatsita geratuko zaizula.

2. Erabili puxikak freskagarri poto hutsekin lasterketak egiteko, potoak ukitu gabe. Aurreko puntuan egin dugun bezala globoa «kargatu» ondoren, poto huts batera hurbiltzen baduzu ikusiko duzu puxikak erakarriko duela, azalean duen kargaren eraginez. Puxika astiro urruntzen baduzu, potoak atzetik jarraituko du. Lagunekin eta hainbat poto eta puxikarekin lasterketak egin ditzakezu potoak ukitu gabe helmugara azkarren nor iristen den ikusteko.

3. «Ileak puntan» ere jar ditzakezu. Horretarako, hurbildu elektrikoki kargatuta dagoen puxika zeure burura, eta ikusiko duzu zeure ilea erakarriko duela.

4. Mahai gainean gatza bota eta elektrikoki kargatutako puxika bat hurbiltzen baduzu, gatza globorantz jauzi eta itsatsita geldituko da.