Txikipedia:Elektronegatibotasun

Wikipedia, Entziklopedia askea

Elektronegatibotasuna (χ ikurra) propietate kimikoa da, eta atomo batek elektroiak erakartzeko duen ahalmena adierazten du. Atomo baten elektronegatibotasuna atomoaren zenbaki atomikoaren araberakoa da. Era berean, nukleoaren eta balentzia-elektroien arteko distantziaren araberakoa ere bada. Balentzia-elektroiak lotura kimikoetan parte hartzen duten kanpoaldeko elektroiak dira. Linus Pauling-ek teorizatu zuen lehen aldiz balentzia-loturaren teoriari buruz, 1932an; eta elektronegatibotasuna beste propietate kimiko batzuekin lotuta dagoela frogatu zuen. Oro har, taula periodikoaren goiko eskuinaldeko elementuek dute elektronegatibotasun handiena. Handik zenbat eta ezkerrerago eta beherago egon, orduan eta txikiagoa izaten da elektronegatibotasuna. Beraz, elementu elektronegatiboena fluorra da, eta elektropositiboena frantzioa. Taula periodikoaren ezaugarrietako bat da elektronegatibotasuna adieraztea.

Atomo baten elektronegatibotasuna kalkulatzeko modu asko daude. Linus Paulingek iradokitakoa da kalkulu ohikoena: Paulingen Eskala Erlatiboa. Eskala horrek elementu bakoitzari 0,7-3,98 bitarteko unitaterik gabeko balioa ematen dio; eta hidrogenoarena, adibidez, 2,20 da.

Elektronegatibotasunaren kontrakoa elektropositibotasuna da, hau da, atomo batek bere elektroiak emateko duen ahalmena.

Elektropositibotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, elementu batek elektroi bat edo gehiago galtzeko joera da elektropositibotasuna. Horrela, ioi positiboa osatzen da. Atomo elektropositiboenak beste elementu batzuei elektroiak ematen dizkie; eta, horrela, elektroiak jaso dituzten horiek erreduzitzen ditu elektropositiboena oxidatzen den bitartean. Metal guztiak nolabait dira elektropositiboak; baina, horien artean, metal alkalinoak dira elektropositiboenak. Horiek elektroi bakar bat dute kanpoko geruzan; eta, elektroia atomoaren nukleotik urrun dagoenez, erraz galtzen dute. Beste era batean esanda, metalek ionizazio-energia baxua dute.

Taula periodikoan, elekropositibotasuna periodoetan eskuinetik ezkerrera (errenkada) handituz doa eta taldeetan goitik behera (zutabea) handituz doa. Frantzioa da elementu elektropositiboena.

Elektropositibotasuna eta elektronegatibotasuna kontrajarriak dira; alegia, bi elementuz osatutako molekula batean (edo lotura batean) elektronegatiboenak elektroiak erakarri nahi ditu, eta elektropositiboenak galdu. Elektronegatibotasunaren arabera, besteak beste, lotura hauek sortzen dira:

Bi elementuen elektronegatibotasuna oso desberdina bada, lotura ionikoa osatzen da.

  • Bi elementuen elektronegatibotasuna bera bada, lotura kobalentea sortzen da.
  • Bi elementuen elektronegatibotasuna antzekoa bada, lotura kobalente polarra sortzen da, eta elektronegatiboenak elektroi partekatuak hurbilago ditu.

Elektronegatibotasuna kalkulatzeko moduak. Paulingen elektronegatibotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paulingek elektronegatibotasunaren ideia proposatu zuen konturatu zelako A-A eta B-B lotura kobalenteen batez besteko indarra baino handiagoa dela atomo ezberdinen (A-B) arteko lotura kobalenteena. Haren balentzia-loturaren teoriaren arabera, atomo ezberdinen arteko lotura indartsuagoa da lotura ionikoaren efektuaren eraginez.

A eta B atomoen elektronegatibotasunen arteko aldea hauxe da:

Ed disoziazio-energia da; hau da, atomoen arteko lotura hausteko beharrezkoa den energia. AB, AA eta BB loturen disoziazio-energiak elektronvoltetan ematen dira, eta formulari (eV) faktorea gehitzen zaio emaitzak unitaterik ez duela ziurtatzeko.

Formula horrekin, hidrogenoaren eta bromoaren arteko elektronegatibotasunaren arteko ezberdintasuna 0,73 dela kalkula dezakegu, adibidez.

Disoziazio-energiak: H-Br, 3.79 eV; H-H, 4.52 eV; Br-Br, 2.00 eV.

Beraz, aurreko ekuazioa erabiltzen dugu bi elementuren arteko elektronegatibotasunaren ezberdintasuna kalkulatzeko. Ekuazio horretatik abiatuta, eskala egiteko erreferentzia-puntua aukeratzea beharrezkoa izan zen. Horrela, hidrogenoa aukeratu zen erreferente gisa, elementu askorekin lotura kobalenteen bidez elkartzen delako. Hidrogenoaren elektronegatibotasuna 2,20 eV-etan finkatu zen. Elektronegatibotasunaren eskala egiteko, jakin behar dugu zein den elementurik elektronegatiboena, elementu erreferentearekin konparatzeko; hau da, hidrogenoarekin. Horri intuizio kimikoa deritzo. Goiko adibidean, hidrogeno bromuroa (H-Br) uretan disolbatzen denean, hidrogeno katioia (H+) eta bromo anioia (Br) sortzen dira; beraz, bromoa hidrogenoa baino elektronegatiboagoa da.