Wikipedia, Entziklopedia askea

Enpresa

Oñatiko enpresa bat

Enpresa ondasun eta zerbitzuak salduz pertsonen behar eta nahiak asetzen dituen erakunde bat da. Txikia edo handia izan daiteke: txikia, herriko denda bat bezala, edo handia, nazioarteko enpresa bat bezala. Enpresa baten helburu nagusia jendeak erosi nahi dituen produktu edo zerbitzuak salduz dirua irabaztea da.

Enpresak oso garrantzitsuak dira herrialdeen ekonomiarako, lanpostuak eta berrikuntza teknologikoak sortzen dituztelako eta ekonomia hazten laguntzen dutelako. Gizarteak behar dituen ondasun eta zerbitzuak ekoizten dituztenez, garapen sozial eta ekonomikoa bultzatzen dute. Gainera, enpresak elkarren artean lehian aritzen direnez, gero eta produktu hobeak egin behar dituzte.

Nola daude antolatuta?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpresak egitura baten arabera egoten dira antolatuta, lana modu eraginkorrean egiteko. Egitura ez da berdina izaten enpresa guztietan, baina gehienek dituzte elementu garrantzitsu hauek:

  • Jabeak edo akziodunak: enpresek jabe bakarra (denda txikiek bezala) edo akziodun bat baina gehiago izan ditzakete (enpresa handiek bezala). Akziodunak akzioen jabe dira, enpresen zati txikien jabe, alegia.
  • Gerentzia edo zuzendaritza: zuzendaritzak erabaki garrantzitsuak hartu behar ditu, eta enpresak ongi funtzionatu behar duela ziurtatu.
  • Langileak: enpresarentzat lan egiten duten pertsonak. Era askotako lanak egin ditzakete, adibidez, produktuak ekoiztea edo bezeroarentzako arretaz arduratzea.
  • Sailak: enpresa gehienak sail desberdinetan banatuta egoten dira, haien funtzioen arabera: salmenta-saila, marketin-saila, finantza-saila edo giza baliabideen saila, adibidez.

Nola funtzionatzen dute?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ekoizpena: enpresak saldu behar dituen ondasun edo zerbitzuak sortzeko prozesua da. Enpresa batzuek ondasun edo produktuak ekoizten dituzte (autoak, adibidez) eta beste batzuek zerbitzuak eskaintzen dituzte (taxi enpresa batek, esate baterako, jendea leku batetik bestera eramaten du).
  • Marketina eta salmentak: marketina produktu edo zerbitzuak ezagutaraztea eta saltzea da. Enpresek marketin-estrategiak erabiltzen dituzte beren produktuak ezagutarazteko, dituzten abantailak erakusteko eta jendeari haiek erosteko gogoa emateko. Enpresek kontratuak sinatzen dituzte beren produktuak saltzeko eta, horrela, dirua lortzeko.
  • Finantzak: enpresen finantza-sailak dirua kudeatzen du. Finantza-sailak kontuak eta aurrekontuak egiten ditu, ekonomia kudeatzen du eta epe luzerako finantza-plangintza egiten du. Finantza-adituek enpresak dirua irabaziko duela eta egonkorra dela ziurtatzen dute.
  • Giza baliabideak: giza baliabideen saila langileez arduratzen da; hau da, langileak kontratatzeaz, langileek lan ondo egiten dutela ziurtatzeaz eta laneko arazoak konpontzeaz. Enpresak lanaren inguruko legeak betetzen dituela eta laneko giroa ona dela ere ziurtatu behar du giza baliabideen sailak.
  • Operazioak: enpresak egunero ongi funtzionatzeko behar dituen prozesu eta ekintzak dira. Logistika, hornidura-katearen kudeaketa, inbentarioen kudeaketa eta beste hainbat operazio beharrezkoak dira produktu edo zerbitzuen ekoizpena eta entregatzea ondo ateratzeko.
  • Ikerketa eta garapena: enpresa batzuk garrantzi handia ematen diote ikerketa eta garapenari (I+G), beren produktu eta zerbitzuak hobetzen laguntzen baitie. Ikerketa eta garapena teknologia berriak ikertzea, produktu berriak sortzea edo lehendik daudenak hobetzea da, beste enpresen atzean ez gelditzeko.