Txikipedia:Erredox

Wikipedia, Entziklopedia askea
Burdina oxidatua
Sua. Errekuntza-erreakzioa erredox-erreakzioa da; eta horrek erradikal askeak erabiltzen ditu.

Atomoen oxidazio-zenbakia (oxidazio-egoera) aldatu, eta handitu ala txikiagotzen duten erreakzio kimikoak deskribatzen ditu erredoxak (erredukzio/oxidazioa).

Oxidazio-zenbakia konposatu kimiko batean elementu bati esleitutako zenbakia da. Zenbakia positiboa bada, horrek esan nahi du konposatu horretan, elementu horren atomo batek elektroiak galdu dituela; zenbaki negatiboa bada, ostera, atomoak elektroiak irabazi dituela.

Erredox hitzak bi kontzeptu kontuan hartzen ditu: erredukzioa eta oxidazioa. Modu errazean azaltzeko:

  • Molekulek, atomoek edo ioiek elektroiak irabazten dituztenean, erredukzioa gertatzen da.
  • Molekulek, atomoek edo ioiek elektroiak galtzen dituztenean, oxidazioa gertatzen da.

Erredukzioa

Oxidatzailea + e → Produktua

(Elektroiak hartzean, oxidazio-zenbakia txikiagoa da)

Oxidazioa

Erreduzitzailea → Produktua + e

(Elektroiak galtzean, oxidazio-zenbakia handiagoa da)

Erreakzioetan, katioiak elektroi bat (edo gehiago) ematen dio anioiari; hala, ioiek karga elektriko desberdinak dituzte, eta elkar erakartzen dute. Erreakzio horietan, erreaktibo oxidatzaileak (erreduzitzen dena) elektroia(k) ateratzen di(zki)o beste atomoari, eta bigarren atomo horrek –oxidatuta– karga positiboa hartzen du. Erreaktibo erreduzitzaileak (oxidatzen dena), ostera, beste atomoari elektroia(k) ematen di(zki)o, eta bigarren atomo horrek –erreduzituta– karga negatiboa hartzen du.

Oxidazioak eta erredukzioak, azken finean, oxidazio-zenbakia aldatzen dute: oxidazioan, oxidazio-zenbakia handitu egiten da; erredukzioan, berriz, oxidazio-zenbakia txikitu. Praktikan, erredox gisa sailkatzen diren erreakzioek oxidazio-zenbakia aldatzea dakarte beti, elektroiak benetan transferitu zein ez: konposatu ionikoetan, elektroien benetako transferentzia gertatzen da, baina inoiz ez konposatu kobalenteetan. Lotura kobalenteak, beraz, nolabaiteko salbuespena dira, erreaktiboek partekatu egiten baitituzte elektroiak; adibidez: hidrogeno kloruroaren sintesi-erreakzioa, dihidrogeno eta dikloro gasetatik abiatuta, erredox erreakzioa da, baina konposatu kobalentea osatzen da.

H2 + Cl2 → 2 HCl

Prozesu kimikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erredox prozesu kimikoa da; eta formula kimikoen bidez deskriba dezakegu. Beheko adibideak labe garaietan gertatzen den prozesua deskribatzen du; horretan, burdinak (Fe) karbonoarekin (C) erreakzionatzen du:

1) C + O2 → CO2

2) CO2 + C ⇌ 2 CO

3) Fe2O3 + 3 CO → 3 CO2 + 2 Fe

Prozesua bukatutakoan, burdina osatzen da.