Txikipedia:Erru (etika)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Errudun sentimendua izatea zerbait txarra egin izanaren barne-sentsazioa, pertsona txarra izatearen sentsazioa da. Gure gizartean zerbait txarra egitea lege, printzipio etiko edo arauren bat urratu edo bete ez izatea da, baita besteei min ematea. Errua emozio desatsegin batekin lotzen da, antsietatea, tristura edota ezinegona sentiarazten baititu.

Ohikoa da errudun-sentimendua bizitzea norbait mintzen dugunean edo ezarritako arauren bat urratzen denean: lapurreta bat egin ondoren, lagun edo familiako norbait mindu ondoren, zerbait apurtzen dugunean, jartzen diren betebeharrak egiten ez direnean…

Hala ere, askotan sentimendu hau irudimenezkoa da, eta inolako legerik urratu edo inor mindu gabe sentitu daiteke; adibidez, gure kontrolpetik kanpo dagoen egoera baten aurrean gaudenean, edota ezin dugunean ezer ez egin gauzak aldatzeko. Esate baterako, telebista bezalako hedabideetan gerrateak ikusten ditugunean errudun sentimendua sentitzea guztiz arrunta da, ez gerra geuk eragindako zerbait delako, baizik eta gatazka horiek konpondu ezin ditugulako.

Gehienetan, guk geuk gure kabuz sentitzen dugu erruaren ezinegona. Batzuetan, ordez, besteek gauzak leporatzen dizkigutenean sentitzen dugu, besteek zerbait gertatu izanaren errua guk dugula uste dutenean.