Wikipedia, Entziklopedia askea
Martuteneko kartzela (Donostia)

Espetxeak edo kartzelak delitu larriengatik kondenatuak izan diren pertsonak preso edukitzeko erabiltzen diren eraikinak dira. Munduko herrialde guztietatik, Estatu Batuak eta Txina dira preso gehien dituztenak.

Espetxeek hiru helburu nagusi dituzte: kriminalak zigortzen dituzte askatasuna kenduz, kriminal arriskutsuak kaleetatik kanpo mantentzen dituzte, eta presoak birgaitzen edo pertsona hobeak bihurtzen lagun dezakete. Espetxeek, presoei heziketa, lan-prestakuntza edo laguntza emanez, krimenek eragindako arazoak gainditzeko egiten dute hori. Arazo horien artean arazo emozionalak, buruko arazoak edo drogen edo alkoholaren abusua egon daitezke.

Espetxe motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espetxe batzuk segurtasun goreneko espetxeak deitzen dira. Espetxe horietan, delitu larrienengatik kondenatuak izan diren pertsonak daude, adibidez, hilketagatik edo norbait pistola, labana edo beste arma hilgarri batekin zauritzeagatik. Arrisku txikiagoko kriminalak preso edukitzeko eraikitako espetxeei segurtasun txikiko espetxeak deitzen zaie.

Espetxe bananduak daude gizonentzat eta emakumeentzat. Azkenik, adingabeentzako zentroak ere badaude, hots, legea hautsi duten 18 urtetik beherako gazteak zaintzen dituzten lekuak.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mendera arte, espetxe gehienak ez ziren zigor bezala erabiltzen. Espetxearen ordez, zigor ohikoen artean heriotza eta erbestea (pertsona bat herrialdetik kanpora bidaltzea) zeuden. Kartzeletan, batez ere, zorrak ordaindu ezin zituzten pertsonak, epaiketa baten zain zeudenak eta epaiak edo zigorrak ematea espero zuten kondenatuak zeuden. Hala ere, XX. mendean, espetxe gehienetan gaizkile kondenatuak zeuden.

Lehen, espetxeetako baldintzak beldurgarriak izaten ziren. Gaixotasunak, indarkeria eta abusua ohikoak ziren. XVIII. mendearen amaieran, Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko erreformatzaileak (gaizki dauden gauzak aldatzeko lan egiten duten pertsonak) kartzelak hobetzeko moduak bilatzen hasi ziren. XIX. mendean, jende askok begi onez ikusten zuen presoak elkarrengandik bananduta edukitzea eta gogor lan eginaraztea. XX. mendean, kartzela askok sariak eskaintzen zizkieten presoei, ondo portatzeagatik, ikasteagatik eta lan egiteagatik.