Wikipedia, Entziklopedia askea

Ezkutaketa (jolasa)


Ezkutaketa mundu osoan praktikatzen den jolasa da. Euskaraz jokoa izendatzeko hainbat formula erabili dira: ezkutaketan jolastea, aritzea edo ibiltzea, kuku-mikuka edo buleetan jolastea, aritzea, ibiltzea...

Arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutxienez 3 jokalari behar dira, baina jokalari askorekin dibertigarriagoa da. Jolas hau udako arratsaldeko azken orduetan egiteko ohitura zegoen, edo, neguan, gaueko lehen orduetan.

Ezkutaketan jolasteko arropa batzuk beste batzuk baino egokiagoak dira.

Jokalari batek, bilatzaileak, beste jokalari guztiak bilatzeko lana izango du. Bilatzaileak etxea izeneko horma edo zuhaitz bati begira, eta begiak itxita, aurrez erabakitako zenbaki kopuru bat kontatu behar du ozenki (bat, bi, hiru... HOGEI!), beste guztiak inguruan ezkutatzen diren bitartean. Beste jokalari guztiak bilatzaileak zenbatu bitartean inguruan ezkutatuko dira. Aldez aurretik adostu egiten da jolas eremua norainokoa den. Esate baterako etxe inguruan baina ez du balio etxe barruan. Lorategian baina ez du balio alboko basoan... Ezkutatzeko denbora neurtzeko bilatzaileak hogeiraino zenbatu egingo du, edo buruz ikasitako formula bat erabiliko du, esaterako: "Hiru eta hiru sei, eta hiru bederatzi, hamar, hemeretzi, batekin hogei, bule bat!; begiak itsututa bule bat!"

Bilatzailea, hasieran, zotz egin ez hautatuko da. Beste jokalari guztiak aurkitzen baditu, aurkitu duen lehena izango da hurrengo bilatzailea.

Bi ume ezkutaleku bakarra partekatzen.

Jokoa hasiko da bilatzailea horma edo zuhaitz baten kontra begiak itxita zenbatzen. Zenbaketa amaituta baten bat ez bada oraindik gorde, bilatzaileak bere izena oihukatuko du eta gero beste jokalari batek ez baditu jokalari guztiak libre uzten, bilatzailean ikusi duen lehena hurrengo bilatzailea izango da.

Jokalariak ezkutatuta daudenean, hortxe irtengo da bilatzailea beste jokalarien bila. Jokalari bat ikusiz gero, korrika joango da "etxera", zenbatzeko erabili duen hormara edo zuhaitzera, eta "Bule Eneko!" edo "Bule Ane!" oihukatuko du, hau da, "Bule" eta ikusi duen jokalariaren izena. (Horregatik esaten zaio joko honi buleetan ibiltzea). Horrekin batera, oihukatu beharko du non ikusi duen.

Baina ezkutatuta zegoen jokalaria ere korrika egin ahal du "etxera" eta bilatzailea baino lehenago iristen bada eta eta "Libre" edo "Nigatik" oihukatzen badu bera libre geratuko da. Baina jokoaren aldaera oso ezagunean, ezkutatuta zegoen jokalaria etxera bilatzailea baino lehenago iristen bada eta "tximilikorte!" oihukatzen badu, aurretik bilatzaileak ikusi edo harrapatu dituen jokalari guztiak libre geratzen dira.

Aldaketa jostagarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jolasaren aldaera honetarako nahikoa da jokalariek haien artean jaka edo jertsea aldatzea.

Ume batzuek arropa aldatzen dute bilatzailea nahasteko. Bilatzaileak ez badu jokalariaren izenarekin asmatzen, aldez aurretik horrela arautuz gero, jokalari guztiak libre geratuko dira.