
Fuji mendia Japoniako mendirik altuena da, eta itsas mailatik 3.776 metro ditu. Berez, sumendi bat da, Honshu deituriko uhartean dagoena, Tokio hiritik 100 kilometro hego-mendebaldera. Japoniaren sinbolo famatu eta maitatuenetako bat bihurtuta dago, neguan gailurrean izaten duen elurragatik eta kono-itxuragatik.
Esan bezala, Fuji sumendi aktiboa da, baina arrisku gutxikoa. Izan ere, azkenengo erupzioa 1707an jazo zen, Edo aro delakoan. Erupzioko errautsa Tokioraino iritsi zen. Geroztik ez da erupziorik egon, baina zientzialariek sumendia zelatatzen jarraitzen dute, edozein aktibitate-seinale antzemateko.[1]
Mendiaren jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fuji mendia ehunka mila urtetan pilatu diren labak eta errautsak sortu zuten. Hiru plaka tektonikoren artean dago, eta badirudi lau fase desberdinetan osatu zela. Hirugarren fasean "Fuji zaharra" eratu zen, duela 100.000 urte inguru, eta azkenengoan, Fuji berria" eratu zen, duela 10.000 urte.
Mendizaleen jomuga
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gailurrean krater bat du, eta haren magaletan baso trinkoak, ibaiak eta sumendi-kobazuloak daude. Turista eta txangozale askok bisitatzen dituzte mendi inguru hauek. Fuji-Hakone-Izu parke nazionalaren parte da, haren ingurune naturala eta paisaia ikusgarriak babesteko.
Gaur egun, Fuji mendia igotzea oso jarduera gogozkoa da jende askorentzat. Udaro, bai Japoniako eta bai kanpoko milaka pertsona igotzen dira. Ondo seinaleztatutako ibilbideak daude, baita atsedenlekuak ere. Teknikoki oso zaila ez bada ere, igotzeko ahalegin fisikoa eta arreta behar dira, batez ere gailurreko altitudearengatik eta hotzarengatik. Izan ere, mendiaren gailurrean tundrako klima dago. Inoiz jaso den tenperatura baxuena -38 °C da.
Mendiaren balio kulturala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baina Fuji mendia bere geografiagatik ez ezik, bere esanahi kulturalagatik ere garrantzitsua da. Japoniarrentzat, Fuji mendia sakratua da. Mendeetan zehar, monje eta fededun sintoista eta budistentzako erromesaldi-lekua izan da. Santutegiak eta monumentu erlijiosoak daude igotzeko bideetan. Askorentzat Fujira igotzea bizitzan behin egin behar den esperientzia espirituala eta naturarekiko errespetuzkoa da.
Fuji mendia artean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fuji mendiak artistak, poetak eta idazleak inspiratu ditu mendeetan zehar. Japoniar artean oso ospetsua da, Hokusai pintorearen Fuji mendiaren hogeita hamasei ikuspegi izeneko estanpa ospetsuetan bezala. Kantuetan, kondairetan eta literatur lanetan ere agertzen da. Bere silueta paregabea harrobide nazionala da japoniarrentzat da eta diru-paperetan eta posta-zigiluetan ere agertzen da.
Laburbilduz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fuji mendiak natura, kultura eta espiritualtasuna irudikatzen ditu Japonian. Mundu naturalaren edertasuna estimatzeko eta mendia errespetatzeak eta etorkizuneko belaunaldientzat zaintzeak duen garrantzia gogoratzeko toki bat da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Fuji mendia» Euskarazko Wikipedia 2022-03-06 (kontsulta data: 2025-08-21).