Wikipedia, Entziklopedia askea

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna

Giza eskubideen ikurra.

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna Nazio Batuen Erakundeak (NBE) urtero abenduaren 10ean antolatzen duen ospakizun bat da; izan ere, NBEk 1948ko abenduaren 10ean onartu zuen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, eta aldarrikapen hori gogoratzeko eguna da Giza Eskubideen Nazioarteko Egun hau.

Dokumentu garrantzitsu horretan, gizaki guztien oinarrizko eskubideak zein diren adierazten da. Aldarrikapen honek dio, besteak beste, gizaki guztiek dituztela oinarrizko eskubide berberak, herrialde guztietan, berdin delarik zein den haien jatorria, erlijioa, sexua, hizkuntza, iritzi politikoa eta abar. NBEren Aldarrikapen hau munduko dokumenturik itzuliena da, eta 500 hizkuntzatan baino gehiagotan dago eskuragarri.

Mundu osoan Giza Eskubideen Eguna ospatzeko ekitaldiak antolatzen laguntzen du NBEk. Herrialde askotan, kultur ikuskizunak antolatzen dituzte; jendea giza eskubideei buruzko hitzaldi eta bileretara joaten da. Giza eskubideak bultzatu edo defenditu dituzten pertsona edo taldeei ere sariak ematen dizkiete. Leku batzuetan, bestalde, jendeak protestak egin ditu egun honetan, giza eskubideak askotan ez direlako behar bezala errespetatzen.