
Herman Melville idazle estatubatuar bat izan zen. 1819ko abuztuaren 1ean jaio zen New York hirian. Bertan hil zen 1891eko irailaren 28an, 72 urte zituela. Eleberriak, kontaketa motzak eta poesia idatzi zituen. Besteak beste, Moby-Dick eleberria idatzi zuen; berau gaur egun oso ospetsua den arren, 1851n argitaratu zuenean nahiko harrera txarra izan zuen eta Melvilleri ez zion inolako ospe onik ez eta irabazirik ere ekarri. Aldiz, gaur egun, Melville literatura unibertsaleko autore handienetako bat jotzen da.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aitaren heriotza zela eta, Melville arazo ekonomikoak zituen familia batean hazi zen. Horregatik, gaztetatik hainbat lanbidetan lan egin behar izan zuen. 20 urterekin marinel gisa itsasoratu zen merkataritza-ontzi eta baleontzietan eta Ozeano Bareko hegoalderantz nabigatu zuen, egun Polinesia Frantsesa izenarekin ezagutzen den alderantz. Hurrengo bi urteak Ozeano Barearen hegoaldean abenturak bizitzen pasatu zituen. 1843ko abuztuan, Hawaiin itsasoratu zen Estatu Batuetara itzultzeko. Itsasoko esperientzia hauek guztiz markatu zuten haren bizitza eta istorio askotarako inspirazio gisa balio izan zioten.
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Melville bere herrialdera itzuli bezain pronto idazten hasi zen. Bere lehenengo eleberria, Typee, 1846an argitaratu zuen. Eleberri hau Ozeano Bareko hegoaldeko Typee herrian pasatu zuen denboran oinarriturik dago. Omoo (1847), Melvilleren bigarren liburua ere, Ozeano Barean bizitu zituen esperientzietan oinarritu zen.
Idatzitako obra famatuena Moby-Dick da. Ahab kapitainak kaxalote zuri erraldoi bat ehizatzeko daukan obsesioa kontatzen du. Pequod baleontziaren tripulazioko Ismael izeneko marinel bat da kontalaria. Ontziko komandantea, Ahab kapitaina, balea zuria harrapatu eta hiltzearekin itsututa dago. Liburu hau Estatu Batuetako Ingalaterra Berria edo New England estatuko bale-ehizaren erretratutzat hartzen da. Gaur egun, maisulantzat hartzen den, baina argitaratu zenean ez zuen arrakasta handirik izan.
Bartleby eskribatzailea kontakizun laburra ere oso ezaguna da gaur egun. Baina errealitatean, Melville bizirik zegoen bitartean, ez zuen merezitako aitortza jaso eta ia ahaztuta hil zen. Hil zen arte idazten jarraitu zuen. Haren azkeneko obra Billy Budd marinela 1924ra arte ez zen argitaratu.
XX. mendean kritiko eta irakurleek haren talentua berraurkitu zuten eta gaur egun literaturako klasiko bat jotzen da.
Euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaraz ere badaude haren lan batzuk:
- "Moby Dick", Kaxildo Alkortak itzulia (Gero (Mensajero)-Kimu 1977 eta 1986).
- "Moby Dick", Juan Garziak itzulia (Balea Zuria, 2023).
- "Bartleby izkribatzailea", Juan Garziak itzulia (Erein, 1991).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ «Herman Melville» Euskarazko Wikipedia 2022-03-06 (kontsulta data: 2025-10-24).