Wikipedia, Entziklopedia askea
Pasaportean agertzen da pertsonen herritartasuna

Herritartasun edo hiritartasunak esan nahi du ofizialki herrialde bateko herritar edo eskubide osoko kide zarela. Herritartasuna ez dute herrialde batean bizi diren pertsona guztiek izaten. Adibidez, lanerako baimen batekin iritsi diren pertsonek ez dute hiritartasunik izaten, ezta beren herrialdeetatik hainbat arrazoirengatik ihes egin behar izan duten errefuxiatuek ere askotan. Hiritartasuna duten pertsonek herrialdeko gobernuak ematen dizkien eskubide batzuk dituzte, hiritartasunik ez dutenek ez dituztenak. Eskubideez gain, hainbat betebehar ere izaten dituzte bizi diren herrialdearekiko.

Herritartasuna eta nazionalitatea ez dira gauza bera. Pertsona baten nazionalitateak pertsona hori zein herrialdetakoa den esan nahi du. Hala ere, herrialde jakin bateko nazionalitatea dutenek ez dute beti bertako herritartasuna izaten. Izan ere, agian beste herrialde bateko herritartasuna lortu dute edo galdu egin dute beren jatorrizkoa. Herrialde batean herrialde horretako hiritartasuna edo nazionalitatea eduki gabe bizi diren pertsonei atzerritar deitzen zaie batzuetan.

Herritartasun eskubide eta betebeharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiritartasuna duten pertsonek eskubide jakin batzuk dituzte. Herrialde bakoitzak eskubide desberdinak ematen dizkie hiritartasuna duten biztanleei. Oro har, hiritartasuna dutenek bozkatzeko eskubidea izaten dute. Orokorrean, gobernu-postuetarako hautatuak izateko eskubidea ere badute. Beste eskubide batzuk edozein erlijiotan sinesteko eskubidea eta libreki hitz egiteko eskubidea dira, adibidez.

Herritartasuna dutenek betebeharrak edo obligazioak ere badituzte. Bozkatzea, eskubide izateaz gain, erantzunkizuna ere bada. Bozkatu egin behar dute, gobernuak biztanleen onerako lan egingo duela ziurtatzeko. Epaiketa batean epaimahaiko kide izateko betebeharra ere izan dezakete. Herrialde batzuetan, soldadutza egitea ere hiritartasuna duten pertsona guztien eginbeharra izaten da.

Hiritartasunik ez duten biztanleek badituzte hiritartasuna duten biztaleek dituzten eskubide batzuk ere, baina orokorrean ezin dute bozkatu, gobernurako hautatuak izan edo administrazio publikoko langile izan. Gauza bera gertatzen da betebeharrekin: hiritartasuna ez duten biztanleek herrialdeko legeak errespetatu eta zergak ordaindu behar dituzte.

Nola lortzen da hiritartasuna?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialde bakoitzak bere arauak ditu herritarrak nortzuk diren eta hiritartasuna nola lortu daitekeen arautzeko. Herrialde askok hiritartasuna lortzeko oinarrizko lau modu ezarri dituzte. Lehenik eta behin, herrialdean bertan jaio diren pertsonek herrialde horretako hiritartasuna dute. Bigarrenik, pertsona baten gurasoetako batek gutxienez herritartasuna baldin badu, pertsona horrek ere bai. Hirugarrenik, hiritartasuna duen pertsona batekin ezkonduta dagoen pertsonak ere hiritartasuna lortuko du. Eta azkenik, naturalizazio edo bertakotze izeneko prozesu bat egin daiteke herritartasuna lortzeko.

Naturalizazioa herrialde batean jaio ez diren pertsonak herrialde horretako herritartasuna lortzeko modu bat da. Naturalizazioari buruzko legeak ezberdinak dira herrialde batetik bestera. Oro har, naturalizazioa egin nahi duten pertsonek herrialde horretan hainbat urtez bizi behar izaten dute. Orokorrean, herrialde horretako hizkuntza hitz egiteko gai izatea ere eskatzen zaie. Baliteke herrialdeko legeei, historiari edota hizkuntzari buruzko azterketa bat ere gainditu behar izatea. Askotan, herrialdearekiko leialtasuna izango dutela zin egin behar izaten dute baita ere. Hala ere, herrialde batzuek ez dute naturalizazioa baimentzen.

Hiritartasuna galdu al daiteke?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, ezin da hiritartasuna galdu, oso egoera berezietan izan ezik. Gobernu batek beste herrialde batean naturalizatzen den biztanle bati hiritartasuna kendu diezaioke. Gobernuak beste herrialde batekiko leialtasuna adierazten dutenei ere kendu diezaieke herritartasuna. Honen adibide dira, besteak beste, beste herrialde bateko hauteskundeetan bozkatzea eta beste herrialde bateko armadan egotea. Gobernua indarrez boteretik kentzea delitu larria da, eta hiritartasuna galtzea eragin dezake. Bestelako delitu larriak egiten dituzten naturalizatutako biztanleek ere galdu dezakete hiritartasuna.

Herritartasuna galdu duten pertsonak inongo herritartasunik izan gabe geratu daitezke. Pertsona hauei herrigabe edo aberrigabe deitzen zaie.