Hortz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Giza hortz-haginak.

Hortzak edo hortz-haginak masailezurraren goialdean eta behealdean dauden organo anatomiko gogor batzuk dira, janaria mastekatzeko erabiltzen direnak; digestio-aparatuko atal garrantzitsu bat dira, beraz. Gizakiok, bizitzan zehar, bi hortzaldi ditugu, hau da bi aldiz ateratzen zaizkigu hortzak: lehenengoa, umeak 6 hilabete dituenetik 12 urte bete arte, gutxi gorabehera; 20 hortz-hagin izaten dira eta esne-hortzak deitzen zaie. Bigarrena, behin betikoa da eta 32 hortz-hagin izaten dira guztira.

Ume baten lehen esne-hortzak.

Hortz motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizaki helduen hortz-haginak forma desberdinekoak dira, funtzio desberdinak dituztelako; hau da, gauza desberdinetarako erabiltzen direlako:

  • Ebakortzak: aurrean ditugun lehen hortzak dira. Janaria ebakitzeko erabiltzen ditugu. Gizaki helduak 8 ditu, 4 goian eta 4 behean.
  • Letaginak: aurreko hortzen eta atzeko haginen artean daudenak dira. Janaria apurtu edo urratzeko erabiltzen ditugu. Gizaki helduak 4 ditu, 2 goian eta 2 behean. Badirudi euskara zaharrean 'betaginak' esaten zela, hau da begi-haginak, begien lerroan dauzkagulako, gutxi gorabehera.
  • Aurreko haginak: letaginen ondoren dauden bi haginak dira. Janaria txikitu eta zanpatzeko erabiltzen ditugu. Gizaki helduak 8 ditu, 4 goian eta 4 behean.
  • Atzeko haginak: aurreko haginen ondoren dauden bi haginak dira. Janaria txikitu eta zanpatzeko erabiltzen ditugu hauek ere. Gizaki helduak 12 ditu, 6 goian eta 6 behean. Azken haginari judizioko hagina ere deitzen zaio.

Hortzen zatiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hortzek hiru zati dituzte:

  • Koroa: hortzoitik (zati haragitsutik) kanpo dagoen partea.
  • Erro edo sustraia: hortzoiaren barruan sartuta dagoena.
  • Lepoa: koroa eta erroa lotzen dituen partea.