Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ikaro

Eduki-taula

Ikaroren erorketa.

Ikaro greziar mitologiako pertsonaia bat da. Ikaroren eta haren aita Dedaloren mitoan xehetasunez deskribatzen dira biak.

Kretako Minos erregeak arazoak zituen erdi zezena erdi gizona zen munstro batekin; Minotauro deitzen zuten, eta erreginaren semea zen, Minosen emaztearena, hain zuzen. Minos erregeak bere biztanleak babestu nahi zituen Minotauroren janguratik, haren aurrean aurkitzen zuen edonor jaten baitzuen. Minotauro hil ezin zutenez, inoiz ihes egingo ez zuen toki batean giltzapetzea erabaki zuen erregeak. Hala, Minosek Dedalo izeneko arkitekto bat deitu zuen eta labirinto bat eraikitzeko eskatu zion, hain zaila non Minotauro ez zen inoiz bertatik aterako.

Dedalok, bere seme Ikaroren laguntzarekin, labirinto erraldoi bat eraiki zuen Minotauro giltzapetzeko. Dedalok baino ez zekien nola atera labirintotik. Baina Minos beldur zen Dedalok norbaiti kontatuko ote zion labirintotik nola atera, eta Minotauro haren emaztearen semea zela esango ote zuen. Horregatik, Dedalo eta Ikaro preso sartu zituen dorre garai batean.

Dedalok hegal batzuk egin zituen, lumak argizariarekin elkartuz. Forma bikaina eman zien, eta probatzerakoan txoriak bezala hegan egin zezakeela ikusi zuen, pozik. Hegalak bere besoetara eta Ikaroren besoetara lotu zituen, eta biek batera ihes egin zuten dorretik. Dedalok semeari esan zion hegalak oso ahulak zirela, eta beraz ez zutela ez baxuegi hegan egin behar, ez bustitzeko, ezta altuegi ere, eguzkiak argizaria ez urtzeko.

Baina Ikaro hain pozik zegoen hegan egin ahal izateaz, non alde batetik bestera ibili baitzen hegan. Aitaren aholkuak entzun gabe, ahalik eta altuen hegan egin zuen, eta gero ahalik eta baxuen. Azkenean, hegalak urtu egin ziren altuegi zegoelako. Ondorioz, itsasora erori eta bertan hil zen. Dedalok semea hobiratu zuen eta hiri bat sortu zuen hantxe bertan.