Wikipedia, Entziklopedia askea

Kareharri

Kareharria.

Kareharria animalia-maskorrez osatuta dagoen arroka mota bat da. Arroka sedimentarioa da, sedimentuak metatzearen ondorioz sortutakoa, alegia. Milioika urteetan zehar maskor horiek ozeanoaren hondoan pilatu ziren; gero, maskor eta lokatz geruzak pilatzen ziren heinean, azpiko geruzak motelki gogortzen joan ziren kareharri bihurtu arte.

Kareharria mundu osoan dago. Ingalaterrako Doverreko klarionezko labar zuriak ospetsuak dira; klariona kareharri-mota bigun bat da. Hala ere, kareharri guztia ez da biguna. Marmola kareharri gogor mota bat da, lurrazalaren beroaren eta presio handiaren ondorioz osatu zena.

Kareharria zementua, errepideak eta ongarriak egiteko erabiltzen da. Gainera, kareharri mota asko nahikoa sendoak dira eraikuntzan erabiliak izateko; adibidez, kareharria baldosak egiteko, eraikinetako hormak estaltzeko eta monumentuak egiteko erabiltzen da. Kareharria erabilgarria da eraikuntzan ez delako erraz higatzen eta ez delako moldatzeko zaila. Denborarekin, kareharrizko eraikinak eta monumentuak txuriak izatetik grisak izatera pasatzen dira.

Kareharrizko depositu askok fosilak edo antzinako landare eta animalien aztarnak dituzte. Lurra aztertzen duten zientzialariek asko ikasi dute planetaren garapenari buruz, kareharrian aurkitutako fosilei esker.